Paradisuak infernu

Urtero bezala, apirilaren 3a iritsi da. Egun arrunta dirudi, baina ez da hala. Dagoeneko 8 urte bete dira “Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak” mundu osoko politikariei, enpresaburuei eta dirutza handiei zerga-ihesa eta/edo -elusioa eragiten dieten “Panamako paperak” argitaratu zituenetik. Panamako paperetan, 1970eko hamarkadatik 2016ra bitartean, munduko eliteko kideak euren herrialdeetako zergak ordaintzeari ihes egiten zutela agertzen da. Bestalde 2017an argitaratutako 'Paradisuko paperak' Apple, Google, Microsoft eta Amazon bezalako multinazional teknologiko handiek beren produktuak eta zerbitzuak saltzen dituzten herrialdeetako zerga-ordainketak saihestu zituztela zehazten dute. Apirilaren 3an, Munduko Gizarte Foroak “Paradisu Fiskalak” ezeztatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen, baina paradisu deituriko horiek arazo handirik gabe jarraitzen dute gure artean. Ez dira paradisuak garapenerako baliabideak galtzen dituzten gizarteentzat. Infernuak dira, guretzat eta gure ondorengoentzako.

Elhuyar hiztegian eta Wikipedian begiratu dut, eta hor argi ikusten dut “paradisu” hitza. Are gehiago, semantika positiboa duen “zeru fiskala” ere agertzen da. Akats ederra, aspaldi norbaitek “tax haven” terminoaren itzulpen txarra egin eta “tax heaven” edo “zeru fiskala” bihurtu zuenean. “Haven” berez aterpea, gordelekua edo ezkutalekua esan nahi du eta ez paradisua. Itzulpen txar baten ondorioz, zergarik ez ordaintzeko ezkutalekuak edo gordelekuak aurkitzeko praktika paradisu bihurtu dugu, eta gu guztion eguneroko infernua. Zer garrantzitsuak diren hitzak!

Zergatik esaten dut eguneroko infernuak direla? Oso sinplea da, une honetan bertan idazten baitut artikulu hau desberdintasuna elikatzen duen eta dirutza handiak sortzen dituen tresna bat erabiliz: Odei komertzial batetan kokatuta dagoen idazketa tresna bat. Gure egunerokoan behar-beharrez erabiltzen ditugun plataforma eta lan digitalerako tresna horiek enpresa teknologiko erraldoien oligopolio baten parte dira. Guri esker aberastasun handi horiek sortzen dira, gero gordeleku eta ezkutaleku horiek bilatzen dituztenak. Okerrena da gaur-gaurkoz ez dugula aukerarik aberastasun-kontzentrazioa saihesteko, erraldoi teknologiko amerikarrak jaun eta jabe baitira. "Paradisuko Paperen" aberastasun horiek dira, behar luketen lekuan ordaintzea saihesten dutenak. Joerak gora egiten jarraitzen du, eta duela gutxi mundu digitaleko izar berriak (OpenAI) iragarri du Europan onartzen den Irlanda izeneko zerga-paradisu horretan ordainduko dituela bere zergak. Bai, gure artean oso maitea dugun Irlanda, berez, teknologia handiak erakartzen dituen gizarte bat da, zerga-gordeleku teknikekin, enpresa horiek ordaindu behar duten tokian ordaintzea saihestuz.

Zer lortzen da zerga-gordeleku horiekin? Sinplea, arrakalak suspertzea eta super-aberats berriak sortzea. Duela bi mila urte baino gehiago Palestinan pertsona bat berpiztea dela eta egun hauetan ("Life of Brian" berriro ikusteko aitzaki ederra), lagun batek Berrian argitaratutako artikulu bat bidali digu. Superaberatsei eta egin beharrekoei buruzko eztabaida ona sortu da. Normala denez, metodoari buruzko iritzi desberdinak daude, baina bat gatoz oinarrizkoarekin: Dirudunak jasanezin. "Nature" aldizkariak aipatzen duen artikulua oso argia da gizarte batek sortzen duen arriskuari buruz; izan ere, gehien irabazten dutenek dena eramaten dute, eta gehien galtzen dutenak miserian geratzen dira. Artikuluak aipamen interesgarri bat du: “The Mondragon group came 11th in Fortune magazine’s 2020 ‘Change the World’ list, which recognizes companies for implementing innovative business strategies with a positive global impact”. Aitortzen da badirela aberastasun-metaketan erortzen ez diren eredu posibleak. Superaberatsek zerga-babeslekuak edo fiskalitate baxuko lurraldeak bilatzen dituzte, jarduten duten sozietateetan zergak saihesteko. Paradisu bakoitzeko hamaika infernu sortzen dira.

Ez dut arazo larrietarako edo konplexutarako irtenbide magiko edo sinpleetan sinesten. Dirua edo jabetza pribatua agertzen denean, gizakiok berekoiak, epe laburrekoak eta nahiko ergelak izateko joera dugu. Brian baten jaiotza ospatzen den bakoitzean zer gertatzen den ikustea nahikoa da, denok loteriarekin aberastasunetik gertuago egoteko tranpan erortzen garela. Aberastasuna birbanatu beharrean, guk gure kontu korrontean bildu nahi dugu. Nire ustean teknologia digitalek ekartzen duten oparotasuna oso gutxiren eskuetan bukatzea eragotziko duten politikak behar ditugu. Zergak ordaindu behar dituzten lekuetan ordaintzeari uko egiten diotenei, palo. Zerga gordelekuei esker zergarik ez ordaintzea bilatzen dutenei, palo. Ekaineko hauteskundeak garrantzitsuak dira, benetan zerga-gordelekuen aurka egingo duen Europako Parlamentu bat behar dugulako. Europak uharte tropikaletako ezkutalekuak eta Europan bertan ditugunak ezabatu behar ditu. Bada garaia enpresa teknologiko handiek serio har gaitzaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK