Donostiako Zinemaldia bukatu berrian zinemaren hastapenari lotutako harribitxi bat ikusi ahal izan genuen: Lumière!, l’aventure continue. Thierry Frémaux, Canneseko Zinemaldiko zuzendaria ere badenak egindako pelikula gozagarria da, Lumière anaien filmaketen zatiak harilkatuta. Besteak beste, Lumier anaien laburmetraien arteko ezagunena agertzen da, Lyongo Lumière fabrikako irteera, 1895 urtekoa, langileen irteera. Eta, zinemaren historiaren hasiera zedarritzen duen irudian, hara non ikus dezakegun fabrikatik irteten diharduten langileen erdia gutxienez emakumeak direla. Emakume ondo jantziak (grabaketarako apropos?), beren kapel eta guzti, dira fabrikatik ateratzen diren lehenengo langileak. Filmak irauten dituen 46 segundoen herena baino gehiago betetzen dute fabrikatik irteten ari diren emakume langileak. Bigarren herenean emakume zein gizonak agertzen dira, eta azken zatian gizon langileak ikus ditzakegu fabrikatik kanporatzen.
Lumière anaien asmakizuna irudia gordetzeko eta areto ilun batean behin eta berriro erreproduzitzeko ikaragarri garatu da 150 urteetan, pentsa Spielbergek egin duena. Hain beste egin da aurrera teknikan eta lengoaia zinematografikoan, eta ostera, 150 urte pasata, Donostiako Zinemaldiko 72. edizioa baino hilabete eskas lehenxeago, beharrezko izan da Espainiako Kongresuak Lege Organiko bat onartzea emakume eta gizonen ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua arautzeko. Lumière anairen sasoian garbi ikusi denean langileetako erdiak gutxienez zirela emakumeak.
Abuztuaren 22an sartu zen indarrean Espainiako aurtengo bigarren lege organikoa (lehena amnistia arautzen duena izan zen) helburu zehatz batekin, enpresa munduari dagokionean: administrazio kontseiluetan, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan, ordezkaritza parekidea eta emakume eta gizonen arteko presentzia orekatua lortu ahal izatea.
Lege berriak lan alorreko antolaketetan parekidetasuna ezarri nahi du ordezkaritzan eta zuzendaritzan. Mota guztietako antolaketa enpresarialei dagokie: sozietate publikoei, kotizatutako sozietateei, profesionalen elkargoei, sindikatuei, estatuaren jabetzako irrati eta telebista kontseiluei, enpresarien elkarteei edo gizarte ekonomiako erakundeei.
Ezartzen duen parekidetasuna ez da zehazki berdintasuna. Parekidetasuna %60-%40an ezartzen du, eta justifikatu beharreko salbuespen batzuk ezartzen ditu, adibidez, emakumeak %60 baino gehiago diren ordezkaritzetan.
Legearen helburua da, finean, egiturazko bazterketa historiko bat aldatzea, eta biztanleriaren erdiari ordezkaritza parekidea bermatzea aginte guneetan. Etorriko da orain kuota sistemak zalantzan jarriko duen listo-pasaturen bat, orain arte aginte eta ordezkaritza guneetan egon diren gizon guztiak, besteak beste, gizonek hartu dituzten pribilegioengatik egon izan ez balira bezala. Legearen helburua da aginte guneetako gizonez bakarrik osatutako argazki horiek gehiago ez erreproduzitzea. Alegia, irudiek Lumière anaien fabrika irteerako parekidetasuna eta zintzotasuna izan dezatela.