Gaur egun, metaverso, kriptodiru edo chat GPT bezalako hitzak gure hiztegian txertatzen hasi direnean, ezinbestekoa da pentsamendu konputazionalean trebatzea txikitatik. Wingek 2006an definitu zuen Pentsamendu Konputazionala (aurrerantzean PK) terminoa, eta Ahok, 2012an, definizio sinplifikatu hau eman zuen: “problemen formulazioarekin lotutako prozesu mentalen multzoa, zeinen soluzioak urrats eta algoritmo konputazionalekin adieraz daitezkeen”. Trebetasun hori funtsezkoa da, ez bakarrik lanbide teknologiko bat garatzen duten pertsonentzat, baita gizarte hiper-teknologiko honetan denok modu informatu eta kritikoan moldatzeko ere. Matematikaren, fisikaren edo kimikaren oinarriak ikasten ditugun bezala, gure bizitzan garrantzitsuak dira, egunero erabiltzen dugun teknologiaren funtsa ere ulertu behar baitugu.
Ildo horretan, estatu mailako legeria (LOMLOE, 2020ko abendua) bultzada handia da; izan ere, PKa haur-hezkuntzatik ezartzen du eta horrekin lotutako helburuak ondorengo etapa guztietan zehazten ditu. Konkretuki, lehen hezkuntzako curriculumak PKaren garapena sustatzen du zientzia eta matematika arloen bidez. Etapa horren amaieran, ikasleek gai izan behar dute "aplikazio informatiko errazak eta soluzio teknologiko sortzaile eta iraunkorrak garatzeko, arazo zehatzak konpontzeko edo proposatutako erronkei modu sortzailean erantzuteko".
Hala ere, PKk derrigorrezko hezkuntzan duen garrantziaz eta beharrizanaz eztabaidatzen jarraitzen dugu, hezkuntzan integratzeak oztopo asko gainditzea baitakar. Batetik, PK zer den eta zer kontzeptu biltzen dituen argi eta garbi definitu behar dugu. Sarritan, konpetentzia digitalarekin (zabalagoa dena) edo programazioarekin (PKaren zati bat baino ez dena) nahasten da. Lau kontzeptu zerrendatzen dira PKaren oinarri bezala: abstrakzioa, deskonposizioa, patroien ezagutza eta algoritmia. Horiekin batera, informatikari dagozkion beste kontzeptu tekniko asko daude: programazioa —sekuentziak, begiztak, alternatibak, funtzioak edo aldagaiak—, kode bitarra, datu-egiturak, etab.
Bestetik, PK hezkuntzan zeharka eta diziplina anitzekin integratzen dituzten metodologiak, jarduerak eta tresnak behar dira, esaterako, uki daitekeen informatika edo desentxufatua, jolasak, proiektuetan oinarritutako hezkuntza, eginez ikasi...
Era berean, hezkuntzan PK pausoka integratuko duen ibilbide hezigarria diseinatu behar da. Horrek aukera eman behar du PKren oinarriak, kontzeptu teknikoak eta jardueretan integratzen diren zeharkako gaitasunak garatzeko, tartean pentsamendu logikoa eta abstraktua, talde-lana, sormena, eta inklusibitatea.
Azkenik, kontzeptu eta gaitasun horiek ikasgelan txertatzeko ardura duten irakasleen prestakuntza eta laguntza bermatu behar da, bai eta ikastetxerako estrategia eraginkorra diseinatu behar duen zuzendaritza-taldearena ere.
Big Data, bot, errealitate birtuala eta adimen artifizialaren garaia ere bada, eta gure bizitzako alderdi guztiei eragiten dieten aurrerapen teknologiko handietarako prest izan behar gara. Ikasgelan PK sartzeak, gazteei aukera emango die erabiltzen dituzten zerbitzuak eta produktuak nola funtzionatzen duten jakiteko, baita teknologiara beste begirada batekin hurbiltzeko eta haien garapenean parte hartu eta erabilera kritikoa sustatzeko ere.