Publikotik ekintzailetzan eragile

Nola sustatu daiteke ekintzailetza soziala gure herrietan eta hirietan? Nola lor dezakegu enpresa berriak bideragarriak izateaz gain, eragin positiboa apropos bilatzea? Bartzelonak bide interesgarria erakutsi digu berriki: hiriak 30 milioi euroko funtsa abiarazi du start-up-ak bultzatzeko eta kanpoko kapitala erakartzeko. Helburua? Ekosistema ekintzaileak indartzea eta talentua erakartzea. Gurean bestelako enpresa sarea eta kultura dago, baina galdera zera da: Euskal Herriko herri eta hirietan antzeko ekimen bat garatzea posible izango litzateke? Zein izango litzateke gure bidea ekintzailetza —soziala eta teknologikoa— sustatzeko?

Euskal Herriak tradizio industrial sendoa izan du beti, eta azken hamarkadetan enpresa txiki eta ertainek gero eta protagonismo handiagoa hartu badute ere, oraindik badaude hutsune eta indargune falta ekintzailetzari —eta sozialari— dagokionez. Gizarte ekonomiako enpresak ez dira hain ugariak eta, askotan, zailtasunak izaten dituzte finantzaketa eskuratzeko. Gainera, gazte askok ez dute ekintzailetza aukera erreal —ebidenteak dira arrazoiak— gisa ikusten, eta administrazio publikoek ez dute oraindik ekintzailetza lehenesten duten politika indartsurik garatu. Dena den, badira esperientzia sektorial arrakastatsuak; hala nola energia berriztagarrien kooperatibak, elikadura subiranotasunaren inguruko proiektuak eta komunitatean errotutako kultur ekimenak, baina proiektu horiek eskala handian garatzeko eta eredu sendo bihurtzeko, inbertsio publiko sendoa behar da.

Administrazio publikoek betetzen duten papera funtsezkoa izan daiteke ekintzailetza sozialaren garapenean. Bartzelonaren kasuan —nahiz eta beste enpresa mota bat garatu nahi izan— ikusi dugun bezala, tokiko gobernuek funts ekonomikoak sor ditzakete ekosistema ekintzailea bultzatzeko. Zer gertatuko litzateke diru hori enpresa sozialak sortzera bideratuko balitz? Sozialarekin ez dut bideragarriak izan behar ez dutenik esan nahi, gizarteari itzultze sozial bat negozio ereduaren erroan duten enpresa ereduak baizik. Imajinatu funts publiko bat, zeinak enpresa sozial berrien sorkuntza sustatuko duen. Funts horrek hainbat ekimen lagunduko lituzke: ingurumenari lotutako proiektuak, zaintza lanak berrantolatuko dituzten enpresak edo lehen sektorea eta teknologia uztartuko dituzten, enpresa teknologikoak. Administrazio publikoek, finantzaketaz gain, ekintzaileei laguntza teknikoa eta formakuntza ere eskain diezaiekete, arrakasta aukerak handitu eta aktibo horiek gizarteratzeko aukera handiagoak izateko.

Eredu hori eraikitzeko, ordea, funtsezkoa da irizpide argiak ezartzea: laguntzak proiektu jasangarri eta komunitateari benetako ekarpena egingo dioten ideiei bideratu behar zaizkie, eta noski, inbertsio publikoaren itzulera ez litzateke soilik irabazi ekonomikoetan oinarritu behar, eragin sozialean ere kuantifikagarriak izan daitezkeen KPIak ezarriz. Nola egin? Hau tokian tokiko administrazioetan —herriak zein hiriak— garatu beharreko ibilgailu edo inbertsio tresna behar luke. Lehenik eta behin, herriko edo hiri horretako ehun ekonomikoaren gabeziak hauteman eta foko-narratiba bat eraiki behar genuke. Ondoren, tokiko gobernuek inbertsio publikoa erabil dezakete hainbat mekanismoren bidez: beti ezagutu ditugun dirulaguntzak ondo daude, baina finantzaketa eredu berriak ekarri behar genituzke. Bestelako inbertsio publiko-pribatu ereduak abian jar daitezke —arriskua arindu eta berrikuntza bultzatzeko— edota kontratazio publiko bidezko sustapena ere bai: administrazioek beraiek lehenetsi ditzakete ekimen sozialak zerbitzu publikoetarako kontratazioetan. Horrela, tokiko administrazioak ez lirateke soilik erregulatzaile hutsak izango, baizik eta ekosistema ekintzailearen eragile aktiboak.

Gure tokiko edo lurraldeko ekonomia ereduan indargune berriak nahi baditugu, eredu berriak sustatu behar ditugu publikotik. Gainera, ekintzailetza soziala bultzatzea ez da soilik aukera ekonomikoa izango inola, behar sozial bati erantzuteko tresna eraginkorra izango da eta gizarte ekonomiaren indartzeko tresna bilakatu; komunitateari mesede egingo dioten enpresak sortuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK