Lerro hauek idazten ari naizen unean, Alemaniako hauteskundeetako emaitzak, nola edo hala, liseritzen ari naiz. Kosta egingo zait erabat ulertzea zer jazo den han, iragarpenak iragarpen. Nola iritsi gara honaino? Hedabideok urteetan zabaldu dugun kontakizunak etenak ditu, gero eta gehiago, zulo beltzak diruditenak. Gero eta gehiago, eztarrietan trabatuta geratzen zaigu “aktualitatea” deitu ohi dugun dena delako hori. Gertakari ulergaitzen segidak asetasuna sortzen du eta hortik, ulertezintasuna. Izan ere, nola konpreni genezake zer den fondoan gertatzen ari dena gainazalean geratzea erabakitzen badugu?
Hara begira jarri gara hauteskundeak direlako, gure ekonomian inpaktu handia izango duelako, Europako motorra geldiagotu egiten ari delako, baina lasai, laster sortuko da beste kezkaren bat, behin gaurkotasun-kolpe hori jaso eta gero, ahaztu egingo dugu. Kontakizun partzialak nahasmendua sortzen dute: jarraikortasunik gabe, ez dago puntuak konektatzeko modurik.
Alemaniako eskuin muturrekoaren "eklosioa" marraztu zaigu kontakizunean, epifania makabro baten gisan bat-batean gertatu den fenomenoa dela iradokiz edo. Zer dakigu herrialdearen barne-desberdintasunei buruz? Ia deus ere ez. Alfonbren azpian ezkutatuta daude ulergaitz egiten zaigula esplika lezaketen arrazoiak edo faktoreak, eta hor, fondoko itsasoan, sortu da ekaitz perfektua; lehertu den arte ikusezina. Eskubideak mugatzen dituzten mugimenduek eta den-dena lehertzera dei egiten duten gorroto-mezuek zenbait interes-taldeen agenda islatzen dute, noski, baina nekez orokortuko ziren (han eta hemen orokortzen ari diren bezala) sekuentzia osoa begien bistatik galdu izan ez bagenu. Efektuaz gogoeta egiten dugu, baina kausak ihes egiten digu. Erreakzioaren bila ari gara, egiturazko zergatiez gure buruari galderarik sinpleenak ere egin gabe.
Informazioa berehala kontsumitu eta baztertzen dugun garaian, gertaerak inoiz osatzea lortzen ez dugun puzzle baten pieza solte dira. Kezkatzen nauena ez da nahitaez gertatzen ari dena, kontakizun partzial horiek kezkatu behar gaituela erabakitzen dutena baizik. Ilargia seinalatzen duen hatzari begira ari naiz, ari gara. Gertakari isolatu batek gure arreta bereganatzen du, sumindura edo momentuko erreakzioa sortzen du, baina hurrengo egunean bertan, edo handik oso gutxira, beste batek ordezkatzen du, testuingurua, jatorria edo ondorioak aztertzeko astirik eta gogorik utzi gabe.
Hannah Arendtek ohartarazi zuen "oroimenik gabe eta pentsatzeko gaitasunik gabe gertaerek ez dutela zentzurik" eta iragarri zuen pentsamendurik gabeko informazio-uholdearen azpian arnasa hartu ezinik gaude jadanik. Ulertzerik ez badago, memoriarik ez duen amnesia funtzionalean igeri egiten ari gara.
Harritu egiten gara lidergo politiko jakin batzuen gorakadarekin, haiek elikatu dituzten frustrazio sozialeko urteei erreparatu gabe. Hondamendi natural baten irudiak hunkitzen gaitu, baina hondamendi horren ondorioak larriagotzen dituzten dinamika politiko eta ekonomikoak ikusezin zaizkigu.
Zatiketak txiki egiten gaitu eta bat-bateko erantzun sinpleetara bultzatzen gaitu. Pausu txikietan katramilatu egiten gara, bidearen luze-zabalari erreparatu gabe. Ezin dugu pentsamenduaren zatiketa horren aurrean etsipenez erantzun, eta epe luzeko begirada kritikoa elikatzen duten iturrietara jo behar dugu. Simone Weilek esan zuen bezala, "adimena ez da informazioa gordetzeko gaitasuna, haren esanahia ulertzeko gaitasuna baizik". Ulertzeak denbora eskatzen du, denbora hori eskuratzeko borondatea eskatzen du, berehalako inpaktuaz haratago, argi luzeak erabiltzea.
Puntuak konektatzeko gaitasuna berreskuratzeko garaia da, titular bakoitzaren atzean kontatzea merezi duen istorio handiago bat dagoela ulertzeko. Informazio gehiegi dagoen garaietan, iritzi propioa sortzea erresistentzia-ekintza bat da.