Riotintotik Gomara bederatzi zirkulu

Udaberri honetan jakin dut, kasualitatez Danteren Divina Comedia irakurtzen ari nintzen aldi berean, Rufo Festo Avieno poetak IV. mendearen bueltan infernuko sarreretako bat Odiel eta Tinto ibaiaren artean zegoela idatzi zuela; hain zuzen ere Riotintoko meatzeengatik hain ezaguna den inguruan.

Bertatik igarotako giza talde guztiek ustiatu izan dituzte kobrea, zilarra eta urrea. Hortaz, antzinarotik da ezaguna baliabide mineral horien eskuragarritasuna iberiar penintsulako hego-mendebaldean.

Nik, ordea, ez nituen meatzeak hain tradizio luzeagatik ezagutzen, 1888an meatzarien protesta baketsu bati tiroka erantzun ostean izandako sarraskiagatik baizik. Eskualdeko biztanleen estimazioen arabera, segurtasun indarrek 200 pertsona inguru hil zituzten. Estimatu, diot, gorpu gehienak ez direlako sekula agertu. Trenetan sartu eta isilpeko hilerriren batean lurperatu zituztela uste da.

Tiroz hil ez ziren ihes egin zieten langileentzat bizi-itxaropena 40 urtetik beherakoa zen garai hartan. XIX. mendetik mundua eta meatzaritza bera ere asko aldatu diren arren, mineralak gordetzen dituzten lurretakoa izateak badakar oraindik ere -infernurako sarbide dokumentatua izateko ohorea izan zein ez- madarikazio unibertsal bat.

Kasurik gurienetan ere, ez dago meatzaritza eskuak zikindu gabe egiterik. Meatze guztiak dira, hein handi batean, gizakiak temati irekitako infernurako sarrerak. Dantek deskribatutako infernuko zirkulu batetik bestera, zulo are ilunago batera iristeko gaitasun paregabea dugu, eta hala ere, existituko ez balitz bezala bizitzekoa.

Egunerokoan baliatzen ditugun zerbitzu digitalak, streaming plataformak, sare sozialak, hodeiak, mezularitza zerbitzuak… lurpeko kobrezko kableetan, plaketan, baterietan eta zerbitzareetan bizi dira. Larrialdi klimatikotik salbatuko omen gaituzten ibilgailu elektrikoek, zerbitzu digitalak erabiltzeko hardware eta gailu guztiek errai eta hezurdura mineralak dituzte. Gure bizi, ekoizpen eta kontsumoa ikusezin zaizkigun iturrietatik elikatzeak ez du esan nahi munstro aseezinak ez direnik. Itsu gaudela esan nahi du, besterik ez.

Euskal Herrian mugikortasun elektrikoan eta aplikazio ezberdinetarako baterien erabilera intentsiboan oinarritutako jarduera ekonomiko esanguratsua dugu, Next Generation funtsen bitartez sustatu nahi dena, gainera. Momentuz mota horretako bateria gehienek kobaltoa bezalako mineralak behar dituzte, teknikoki kobaltorik gabeko bateriak sortzeko aurrerapausoak eman badira ere. 

Gaur egun merkaturatzen den kobalto gehiena Kongoko Errepublika Demokratikoko meatzeetatik dator. Kongotik dator, era berean, gure mugikorretarako ezinbestekoa den koltana egiteko tantalioa. Iparraldeko Kivu eskualdetik, zehatzago.

Zazpi milioi pertsona baino gehiago desplazatu dira azken hilabeteetan Kongoko ekialdean gordindu den gatazka basatitik ihesi. Leherketa honen aurretik ere ia endemiko bilakatutako esplotazioari, haurren bortxazko lanari edota emakumeen kontrako biolentzia sexual sistematikoari orain elikagai eta oinarrizko produktu eta zerbitzuen eskasia gehitu zaizkio. Zirkulu bat sakonago Danteren infernuan.

Ekonomiaren digitalizazioa eta auto elektrikoa ez dira Next Generation funtsak ordaintzen ari. Lurpean dagoena, baina, ez da ikusten. Zirkulu asko joan behar da meatzeetan eta infernuan behera, hainbeste oinaze ezkutatzeko. Eta hala ere, tarteka min bat sumatuko duzu zuk ere agian, hemen, hau irakurtzeko erabiltzen ari zaren gailu honetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK