Euskal Autonomia Erkidegoan oso ohikoa dugu sektore “estrategikoei” dirulaguntzak ematea. Asmoa da balio erantsi handiko sektoreetan aurrea hartzea, berton ezarri, garatu, eta etorkizuneko oparotasuna berma dezaten. Hitz gutxitan, gaur dugun aberastasunaren zati bat datozen belaunaldien mesedetan inbertitzen dugu, gure arbasoek gurekin egin zuten antzera. Hala ere, politika horrek emaitza gazi-gozoak eskaintzen ditu: badira, alde batetik, erakunde publikoen bultzadari esker erreferente bilakatu diren enpresak, ITP kasu. Baina badira, era berean, porrot nabariak, “hiriko” auto elektrikoa, adibidez. Eraginkorrak dira, beraz, dirulaguntzak? Ba al dago diru publikoa hobeto erabiltzeko aukerarik etorkizuneko ekonomia sustatzeko?
“Etorkizuneko sektoreak” laguntzeko berebiziko baldintza da, lehenik, sektore horiek identifikatzea. Hamaika dira sektore horiek iragartzen zailatzen diren aditu, aholkulari, guru eta abarrak, maiz diru kopuru galanten truke. “Jakitun” horiek blockchain, 3D inprimaketa edota Internet of things direlakoak iragarri zituzten hamarkada honetako sektore oparoen artean. Inork ez zion, ordea, ARN mezulariari garrantzia handirik eman. Iragarpenek hanka egin, eta hamarkadako teknologiarik eta iraultzaileena ARN mezularia suertatu da, hain zuzen. Berrikuntza horrek COVID-19aren aurkako txertoa ahalbideratu zuen, pandemiaren iraupena nabarmen laburtuz eta normaltasuna berreskuraraziz. Txertoetaz gaindi, energia sektorea iragarpenen ezintasunaren beste adibide on bat da: haize-errotak al dira etorkizuna? Edo agian hidrogenoa? Nuklearraren berpizkunderik bai? Eta zergatik ez fusioaren aldeko apustua egin? Edo olatu-energiaren alde? Auskalo!
Ezintasunak galdera dakar: nola prestatu etorkizunerako, etorkizuneko sektoreak zein izango diren ez jakinda? Nire ustez sustapen politiken paradigma aldatu beharra dago: sektore estrategikoak asmatzen saiatzetik, sektore estrategikoak sortzera. Nahiz eta etorkizuneko sektoreak zein izango diren ez jakin, argi dago sektore horiek pertsona azkar asko biltzen dituzten lurraldeetan loratuko direla. Zentzu honetan, COVID-19aren aurkako txertoen garapena adibide ona da: Moderna enpresa MIT unibertsitateko hainbat irakaslek sortu zuten. Pfizer-Biontech txertoaren sortzaile —eta Nobel saridun berri— Katalin Kariko Pentsilvaniako Unibertsitatean da ikerlari. Oxford-AstraZenecak unibertsitatea bera darama erantsita izenean. Hiru txerto, punta-puntako hiru unibertsitateen inguruan sortuak. Txertoen kasuaz gaindi, beste adibide bat: non izan ziren Sillicon Valley ekosistemaren haziak? Stanford eta Berkeley unibertsitateetan, hain zuzen.
Aurreko adibideek norabidea erakusten digute: hobe diru publikoa gure unibertsitate sisteman inbertitzea, sektore jakinak laguntzen baino. Aurrez aipaturiko unibertsitateek ezaugarri bereizgarri bat dute: Endowment deituriko funtsaren babesa.
Funts horien helburua unibertsitateen biziraupena bermatzea da, erresistentzia kutxa baten antzera. Harvarden funtsak, adibidez, 50.000 milioi dolar ditu, mendeetan jasotako donazioei esker. Hala ere, Harvardek ezin du diru hori nolanahi erabili, 50.000 milioiak ukiezinak baitira. Dirutza hori xahutu ordez, urtero inbertitu egiten da, etekinak sortuz. Etekin horien zati bat gorde egiten da, funtsaren tamaina handitzeko asmoz. Gaindiko etekinak unibertsitatearen esku jartzen dira, ikerketa eta irakaskuntzan erabili ditzan.
400 urteetan zehar Harvardek hamaika gertakizun bizi izan ditu: independentzia, gerra zibil bat, hainbat krisialdi ekonomiko, mundu gerra bi, eta abar. Hala ere, funtsak unibertsitatearen biziraupena bermatu du garai zailenetan. Gaur, Harvardek jende azkarra jasotzen eta prestatzen du etengabe, eta pertsona horiek etorkizuneko sektoreen sortzaile dira.
Harvardez gaindi, hamaika dira funts propioa duten unibertsitateak: Yale, Princeton, Pennsylvania eta abar. Zentzu honetan, EAEko unibertsitateak lagunduko dituen funtsasortzea deritzot politika ekonomikorik azkarrena. Unibertsitate hobeek burmuin hobeak ekoizi eta erakarriko dituzte. Burmuin horiek, izango dira, aldiz, etorkizuneko sektoreak garatu, balio-erantsia sortu, eta oparotasuna bermatuko dutenak.