Zorabiatuta bazaude, lasai, ez zaizu ezer arrarorik gertatzen. Normala da, izan ere, horixe da honen guztiaren helburua: zentzumenak amatatu egiten dituen zorabioa.
Muga zergen igarpenak, edo muga zergak ezarriko dituzten mehatxuak, edo muga zerga halako epe baten barruan ezarriko dituztela bai, baina oraingoz ez… Sasiko albiste uholde etengabearen aurrean nor ez da horrela sentituko? Naomi Kleinek aspaldi ohartarazi zigun shock-doktrina proposatu zuenean, eta halakoxea da garai hau: nahasmena sortzeko eskuliburu batetik ateratakoak diruditen neurri zoroen erritmo bizkorrak analisia eragoztea du helburu, eta lortzen ari da, zinez.
Shock ekonomikoaren terapiaren teoria urratsez urrats ikusten ari gara garatzen. Espektatibak, espero daitekeena bera manipulatzea ezinbestekoa da, moneta-politika aldatzea ez baita nahikoa neurririk basatienak onar ditzagun. Joko-arauak aldatu egin direla, ezarriko diren neurriak neurri posible bakarrak direla sinistu behar dugu, zernahi onar dezagun. Krisi garaietan, oro har, prest gaude sendabide magikoa dutela agintzen duten buruberoak ere sinesteko.
Jokoa, Kleinen arabera, horretantxe datza: iritzi publiko kritikoa isilaraztea edo abailtzea, ez dadin galdezka hasi, adibidez, elkar suntsitzeko gerra zoro honetako fakturak nork ordainduko dituen. Spoiler: beti-beti fakturak ordaintzen dituzten berberek; edo alabek joan den astean erakutsi zidaten terminoa erabilita, NPCek, hots, Non Playlable Character direlakoek, bideo-jokoetan apaingarri gisa baino agertzen ez diren balizko pertsonaiek.
Etxe Zuriko maizterrek muga zergak darabiltzate botere-ordena berria ezartzeko. Besteak beste, %25eko tarifa ezarri zaie Kanadako eta Mexikoko merkantziei, eta beste %10 txinatarrei. Bada, Ameriketako Estatu Batuetako Nazioarteko Merkataritza Batzordeak 2018an egindako ikerketa aintzat hartuta, arautu gabeko zergapetze berri horren pisua nabarmen joango da diru-sarrera txikiagoko kontsumitzaileen bizkar gainean, enpresek aurre egin beharko duten gain-kostua kontsumitzaileei ezarriko zaielako neurriren baten edo bestean, eta horrek, noski, ez du inpaktu homogeneoa izango. Batzordeak berak 2022. urtean egindako ikerketa baten azaltzen denez, emakumeen jantzien batez besteko tarifak gizonenak baino altuagoak dira, ia hiru ehunekotan eta urtean 2.700 milioi dolarreko genero-arrakala suposatzen duela ondorioztatu zuten.
Merkatu merke, sinple eta masiboko kontsumo-ondasunen produktuek inpaktu handiagoa dute parekoak liratekeen luxuko produktuekin alderatuta: hau da, berez merkeagoa dena garestituko da gehien. Bestela esanda: berez eroste-ahalmen txikiagoa dutenek ordaindu beharko dute gehien. Kontuan hartzen badugu (askori ahaztu egiten bazaie ere) orohar emakumeek gizonek baino gutxiago irabazten dutela, bistan da non eroriko den erokeria honen guztiaren zama: lehengo lepotik burura. Guraso bakarreko etxeak (zeinetan emakumea izan ohi den "guraso" hori) muga zergen inpaktuaren aurrean aurrean ahulenetakoak dira. Seme-alabak bere kargu dituzten emakumeen pobrezia-tasa %28koa da AEBn. Ez, politikak ez dira generoaren aurrean neutroak, ezjakinak edo itsuak baizik.