Badirudi ekintzailetza emakumeentzako askatasun eta independentzia ekonomikorako eremua izan daitekeela, baina errealitatea oso bestelakoa da: emakume ekintzaileek, baldintza-berdintasuna izatearen ordez, egiturazko oztopoei aurre egiten jarraitzen dute. Premiazkoenetako bat, gutxien antzematen denetako bat, soldata-arrakala da. Hala ere, desberdinkeria hori ez da apenas neurtzen.
Soldakata-arrakala murriztuko dituzten politika eraginkorrak taxutu ahal izateko, datu argiak eta eguneratuak eduki behar ditugu emakumeek ekintzailetzan duten egoera ekonomikoaz. Ezin diogu desberdinkeriari heldu, aurretik neurtu gabe. Hala ere, kontua da gaur egun, ekintzailetza-azterlanek, hala nola, Global Entrepreneurship Monitor (GEM) delakoak, datuak biltzen dituztela enpresen sorreran emakumeek eta gizonek duten parte-hartzeari buruz, baina ez dutela diru-sarrerei, etekinei eta lan-baldintzei dagozkien aldeen azterketan sakontzen.
Lan Ministerioaren eta Langile Autonomoen Elkartearen (ATA, gaztelaniazko sigletan) datu batzuk ezagutzen ditugu; horien arabera, emakume autonomoek diru-sarrera txikiagoak dituzte eta ahulagoak dira krisi-egoeretan. Emakumeek lideratutako negozioak, batez beste, gizonezkoenak baino txikiagoak dira, eta baliabideak zailago eskuratzera jotzen dute. Joera horrek prekarietate-egoera handiagoa dakarkie, gizonezko autonomoekin alderatuta. Egoerak epe luzera duen eragina argia da: emakumeak pentsio kaskarragoa eta ahultasun ekonomiko handiagoa izanda iristen dira erretirora.
Emakume ekintzaileek beren emaitza ekonomikoetan zuzenean eragiten duten muga jakinei egin behar izaten diete aurre. Funtsezko faktoreetako bat da geuk gure lana “urri hartzea” edo lana gutxiesteko joera, eta EmakumeEkin elkartekook fenomeno hori antzeman dugu gure tailer eta topaketetan.
Halaber, genero-rolek eta ekintzailetzan erreferenterik ez izateak egoera hori larriagotzen dute. Enpresak eta eredu arrakastatsu tradizionalak gizonek gizonentzat diseinatu dituzte gehienbat. Hala bada, emakume ekintzaileak, lidergo-modu inklusibo eta askotarikoak islatzen dituzten erreferenterik gabe, arrakasta-eredu tradizional batean lan egitera behartuta daude.
Horrek ez ditu beren premiak aintzat hartzen, eta ez ditu beren trebetasun espezifikoak onartzen.
Ekintzailetzan gertatzen den desberdinkeria ekonomikoak emakume ekintzaileei ez ezik, gizarte osoari ere eragiten dio. Emakumeen ahalmen ekonomikoa mugatzen duenez, talentua, berrikuntza eta lehiakortasuna galdu egiten ditugu.
Aukera-berdintasuna ez da lortuko benetako datuetan oinarritutako politikarik gabe, hots, genero-ikuspegia barne hartzen dutenak eta emakume ekintzaileei eragiten dieten egiturazko desberdinkeriak kontuan hartzen dituzten politikak aintzat hartu gabe. Horregatik, Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunean ezinbestekoa da ekintzarako deia egitea, erakundeek eta gizarteak ekintzailetzan dagoen soldata-arrakala azter dezaten. Zenbat irabazten dugun, zein onura eskuratzen dugun eta zein sektoretan nagusitzen garen jakin behar dugu. Datu horiei esker, hobeto ulertuko baita nola eragiten duen generoak ekintzailetzan, eta aukera emango du desberdinkeria ekonomikoari aurre egiteko erabakiak hartzeko.
Izan ere, emakumeek beren ahalmen osoa garatzen duten gizartea bidezkoagoa, berritzaileagoa eta lehiakorragoa da.