Soldatadunen Eguna

Bihar ez da lan-eguna, bihar beste zerbait da —askorentzat jai, beste askorentzat aldarrikapen—. Ordainpeko lana egiten dutenen eguna da eta horrela begiratuz gero, ez al genituzke hitz zehatzagoak erabili beharko? Izan ere, egutegira jauzi egin duen efemeridea ez baita lanarekin lotuta, horren ordainetan jasotzen den diru-kopuruarekin baizik. Maiatzak bat, soldatadunen eguna.

Barne Produktu Gordina (BPG) ekoizpena eta merkatuan sortutako errenta kalkulatzeko adierazle nagusia da eta horren arabera sailkatzen dira herrialdeak, aberastasunaren neurgailu ia bakar gisa hartzen da eta. Herri baten ekonomiaren tamainari eta bere jardunari buruzko informazioa eskaintzen du, baina ez informazio osoa: argazkiaren ertz bati begiratzen dio, eta ezkutuan lagatzen du bertan sartzen ez dena. Esate baterako, bizitzari eusteko ezinbestekoak diren beste lan horiek guztiak, bihar jai-eguna izanik ere, egin beharko ditugunak.

Estatu kideetako Kontabilitate Nazionalaren esparrua finkatzen duen Kontuen Europako Sistemak bera ohartu zen aspaldi adierazleak falta zirela, BPGren betaurrekoak soilik jarrita argazkia hanka motz geratzen baita. «Kontu satelite» deitzen ditu, eta ez da oso bizkorra izan behar ulertzeko nondik begiratzen zaion auziari hitz horiek hautatzen diren unean: soldatapekoa ez badira, bizitza bizigarri egiten duten jarduera horiek ez dira zentralak, inguruko edo osagarri baizik.

Gurean ia ezinezkoa da jarduera satelite (sic) horiek eurotan zenbatzea. Askotariko estimazioak egin izan dira, baina neurketaren esparrua (sektoriala eta geografikoa) ez da batere argia, eta kontuak nork egiten dituen kontuan izanda, emaitzak askotarikoak dira. Adibidez, BBVAren ikerketen unitateak Espainiako ekonomia aztertuta egindako lanak bi neurgailu desberdin erabili zituen jarduera horien pisu ekonomikoa estimatzeko. Etxeko langileen batezbesteko soldata oinarri hartuta, BPGren % 41,46 zatekeen (482.000 milioi euro) eta ekonomia osoaren orduko batez besteko soldata neurgailu gisa erabilita, ordea, BPGren % 60,92raino iritsiko zen, 702.805 milioiraino igoko litzateke eta. Aldea ez da makala.

Emakumea bazara, irakurle, kasu gehienetan zuri eragingo dizu horrek. Norberaren edo familiaren eremuko zaintzarekin lotutako ordaindu gabeko lanen % 75 emakumeek egiten dituzte, eta gizonek baino hiru aldiz denbora gehiago ematen dute horretan. Lanaldi partziala duten langileen artean, hamarretik ia zortzi emakumeak dira.

Goizero soldatapeko lan bat egitera etxetik ateratzen garenean, beste lan asko eginda edo eginkizun uzten ditugu. Gaur jai-eguna duten langileek beren eskubideak aldarrikatzeko aukera dute, eta hori bera ere, pribilegio bat da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK