Sormenari mehatxu

Adimen artifiziala sormen-eremuan sartu izanak eztabaida bizia sortu du gizartean, eta industria osoan zabaldu da mehatxua: musika, literatura, diseinua eta bestelako diziplina ezberdinetan. IA-k ordezkatuko al du gizakiaren sormena? Eztabaida honi bultzadatxo bat eman dio azken egunotan aurkeztu den Suno.ai plataformak. Abestiak IA bidez sortzeko plataforma eraikitzearekin hasi da, baina badirudi edukia sortzeko eta kontsumitzeko modua are gehiago aldatzeko asmoa duen enpresa dela Suno. Suno.ai atarian sartu, erregistratu eta abestiaren deskribapen —inglesez prompt deitzen zaiona— labur bat nahikoa da abesti bat egiteko, letra eta musika barne. Orain hilabete batzuk ezin sinetsiko zena, orain edozeinek bere mugikorretik abesti pertsonalizatu bat “eskatu” dezake, ez baitu sortzen. Eta hauxe izango da gaurko zutabearen puntua: eskatzea eta sortzearen arteko aldea.

Suno-ren agerpenarekin batera Daniel Ek Spotifyren sortzaileak bere ikuspegia eskaini du elkarrizketa batean. Hark egindako ekarpenen artean arrisku eta erronkei buruzko oharrak partekatu eta premiazko geruza bat gehitu dio eztabaida honi, industriak eta bere parte-hartzaileek —sortzaileak, produktoreak, banatzaileak, editoreak, etab— giza sormenaren etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egitera gonbidatu dituelarik. Uste dut IAren agerpena eta garapena ez dela berez negatiboa industria kreatiboarentzako. IAren tresnek, hala nola Suno.ai, aukera izugarriak eskaintzen dituzte sorkuntza-produkzioaren eraginkortasuna, irisgarritasuna eta aniztasuna hobetzeko. Ideiak sortzen eta lantzen laguntzen dute, sorkuntza demokratizatzen dute, prestakuntza tekniko espezializaturik ez dutenentzat eskuragarri egiten dute, baita adierazpen artistikorako modu berrietan inspiratu ere.

Hala ere, teknologia horien garapen bizkorrak funtsezko galderak egiten ditu giza sorkuntzaren benetakotasunari, originaltasunari eta balioaren bueltan. Sunori buruz Ek-ek egindako oharrean, askok partekatzen duten beldur bat apreziatzen da: merkatua IAk sortutako lanekin saturatzeak gizakien talentua eta ahalegina ezerezean utzi ahal izatea, eta, hala, sortzaileen eta benetako artisten karrerak ahultzea. Bestela esanda, baliteke giza-sormena eta artifizialaren artean inongo diferentziarik ez egotea eta larriki kaltetuko du industria. Esan bestela Bad Bunny musikariari: argitaratu duen azken diskoa ChatGPT-k idatzi duenaren zurrumurrua dabil bolo-bolo. Nola ezberdindu? Nola bermatu giza-sormenaren fruitu izan dela?

Beste alderdi kritiko bat aldaketa horren eragin kulturala da. Sormena ez da gaitasun teknikoa soilik, giza esperientziaren adierazpen bat da, emozioz, bizitza ulertzeko modu bat partekatzea eta sortzaile-hartzailearen arteko binkulua egitea ere baita. IAk estiloak imitatu eta lan sinestezinak egin baditzake ere, argi dago ez duela —orain artean behintzat— gizakiak bere lanean eman dezakeen sakontasunik eta enpatiarik. IAk sortutako eduki-kopuruak —esaterako, Sunok dagoeneko astebetean azken 2 urtetan giza-sormenak egin dituen abesti kopuruak gainditu ditu— giza lanen kalitatea eta oihartzuna gainditzen baditu, hutsune emozional eta krisi-kultural larriak bizi ditzakegu.

Daniel Ek-ek egiten duen ekintzarako deialdira batzen naiz: “esparru etiko eta legalak garatu behar dira, sortzaileen eskubideak babestu, eta artearen eta giza sormenaren aldeko hautemate-kultura sustatu behar da. Azkenik, eredu ekonomikoak aztertu behar dira, IAk garaia menderatzen hasi den honetan sortzaileentzat bidezko konpentsazioa ziurtatu behar dira nola edo hala”. Gizakien eta makinen arteko lankidetzak sormen- eta adierazpen-maila berriak ekar ditzake, baina soilik giza sormena bakarra eta ordezkaezina izatea eragiten duten balioekiko konpromiso sendoari eusten bazaio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK