Kontatu didate bazegoela garai bat zeinetan kaleratzeak aurrez aurre egiten ziren: enpresaburuak (eta bere abokatu gazteak) langileari zuzenean kaleratze gutuna emanez. Denetarik ikusitakoak gara: kaleratua oldarkor, kaleratua hits, kaleratua etsita... Baina enpresarubuak aurpegira begiratu behar zuen langilea eta arrazoiak eman (batzuetan arrazoi ezak).
Aspaldi ikusi izan dugu gure praktika profesionalean, kaleratzeak egiteko modua eraldatzen joan dela. Sinatzen duenak bideokonferantzia bitartez egindakoak egin edo pairatu ditu, paperak zuzenean ematen baziren ere. Bestalde, burofaxaren erabilera oso ohikoa da. Askotan ez dago beste biderik kaleratzea komunikatzeko (oporretan, zein aldi baterako ezintasunean dauden langileena, esaterako).
Baina aurki, beste urrats bat onartu da. Izan ere, Madrilgo Auzitegi Nagusiak onartu du Singaturit plataforma digitalen bitartez egindako kaleratzea.
Posta elektronikoz jakinarazi zion diziplinazko kaleratzea, eta Signaturit aplikazioa erabili zuen bidalketa ziurtatzeko. Langileak jakinarazpena jasotzeak ala ez, enpresa erantzukizunetik salbuesten du eta kargu-uztearen kalifikazioa bidezkotzat ematen du.
Kaleratzeagatiko demanda jarri ondoren, lan-arloko epaitegiak zati batean onartu zituen langilearen argudioak eta adierazi zuen ez zela bidezkoa kargutik kentzea, komunikazioaren praktikan izandako akatsengatik.
Baina erregu-egoitzan, enpresak berretsi du Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministerioak bermatzen duela kaleratze-gutuna elektronikoki jakinarazteko erabilitako aplikazioa, eta ez dela beharrezkoa komunikazio horiek entregatu direla ziurtatzen duen pertsonaren bat egotea. Langilea, noski, horren aurka agertu zen, argudiatuz prozeduran eztabaidatzen dena ez dela erabilitako komunikazio telematikoen sistemaren egokitasuna, baizik eta sistema horrek ez duela bermatzen langileak gutuna jaso izana.
Madrileko Auzitegi Nagusiak zer dio? Enpresak jakinarazpena ondo egin zuela, Signaturit plataforma digitalaren bidez, eta aplikazio horretan jaso dela langileak benetan jaso duela. Beraz, enpresari ezin zaio eskatu kaleratze-gutuna jakinarazteko orduan ardura handiagoa izatea, eta egindako jakinarazpenari jaramonik ez egiteko erabakia langileari bakarrik egotzi behar zaiola.
Justizia Auzitegi Nagusiaren iritziz, doktrina- eta jurisprudentzia-irizpidea aplikatu behar da; izan ere, langileak kaleratze-gutuna jasotzeari uko egiteak, edozein dela ere gutuna adierazteko modua, erantzukizun orotatik salbuesten du hura jakinarazteko ahaleginean arrazoizko arduraz jokatu zuen enpresa. Eta doktrina hori aplika daiteke, halaber, langileak elektronikoki jasotako komunikazioak ukatzera mugatzen bada.
Beraz, agur George Clooney eta agur abokatu (gaztea edo ez hain gaztearen) presentzia. Teknologia berrien abantailak.