Telefonoa ez duzu hunkituko

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2023ko azaroko epai batean enpresako telefonoa behar ez bezala erabili zuen langile baten diziplinazko kaleratzea onartu du.

Izan ere, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran zegoelarik lanarekin zerikusirik ez zuten 27 dei egin zituen, Interneterako 576 konexio ez-profesional bidali zituen eta eta berehalako mezularitza-zerbitzua ere erabili zuen helburu pertsonaletarako. Erabilera ez egoki horrek 210 euroko kalte ekonomikoa eragin zion enpresari, tarifa lauarekin datuen erabileraren muga gainditu eta atzerrian RED tarifarekin hitz egiteko eta nabigatzeko kontratazioari ekin baitzitzaion.

Langileak kaleratzea inpugnatu ostean, Lan Arloko Auzitegiak iraizpena bidegabea zela aldarrikatu zuen eta enpresa kondenatu zuen langilea berriro onartzera, zegoen baldintza berberetan, edo lan-kontratua iraungitzat jo eta zegokion kalte ordaina ematera eta, langilea berriz onartuz gero, kaleratzea hartu zenetik berriro onartu arte jaso ez zituen soldatak ordaintzera.

Epai horren aurka enpresak jarritako errekurtsoa onartuz justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen aurreko epaia eta kaleratzea bidezkoa dela adierazi zuen.

Epai berri horretan zera adierazten da: aldeek berariaz adostu zutela komunikazio-sistema informatikoak (Internet) helburu profesionaletarako soilik erabiliko zirela, eta berariaz baimena eman zitzaiola enpresari edozein unetan egiaztatu ahal izateko langilearen ordenagailuko fitxategien edukia, tableta eta hark esleitutako e-mail pertsonala, baita enpresak emandako telefono mugikorrak eta tableta langileak erakundearekin lotutako helburu profesionaletarako bakarrik erabili ahal izango zituela ere. Enpresak SIM txartel bat eman zion langileari lanarekin lotutako deiak eta konexioak egiteko. Langileak aldiz, enpresaren agindu horien aurka, helburu partikularrekin erabili zuen, aldi baterako ezintasun-egoeragatik lan-kontratua etenda zegoen aldi batean.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak uste du langilearen aldetik jarduera larri eta errudun bat gertatzen dela, kontratu-fede ona urratzea eta konfiantza-abusua, baita enpresaren telefono mugikorra erabiltzeko moduari buruz enpresak emandako aginduari behin eta berriro desobeditzea ere, eta ondorioztatzen du egitateek justifikatzen dutela enpresaren erabakia baliozkoa izatea.

Auzitegiak argudiatzen du jokabide hori berariaz debekatzen zuela enpresak, eta langileak bazekiela eta baimena eman ziola telefonoa zeregin profesionaletarako soilik erreserbatuta egoteko, helburu pertsonaletarako erabiltzea alde batera utzita. Gainera, langileak buruzagitza postua zeukan (Salmenta Burua) eta postu horrek eskatzen ziola fede oneko, zintzotasuneko eta leialtasuneko betebeharrak bere alderdi zabalenetara eramatea.

Ezer berririk ez eguzkipean. Jurisprudentziak aspaldi erakutsi du bidea: kontratu-fede ona urratzeak eta konfiantza-abusuak, kalte ekonomikoa txikia bada ere —kasu honetan 210 eurotakoa besterik ez— bidezko kaleratzea ekar dezakeela.

Batzuk, zaharrenok, aspaldi genekien hori. Nola ez gogoratu Errobik (aurten 50. urteurrena betetzen duena) esaten ziguna: "telefonoa ez duzu hunkituko, ahalaz, kanpotik inor ez zaitu deituko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK