Trump, Europaren arantza

Europak arretaz jarraitu zuen Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan gerta zitekeena. Jarraipen zabala ematen zaio egunez egun Donald Trump presidente izateko aukera berriz mahai gainean jartzen denean, kontinente zaharreko enpresa eta politikariak tentsioan jartzen baitira, eta ez da gutxiagorako. Inbertsioak eta merkataritza harremanak kolokan jartzeko boterea duen pertsonai bat da Trump. Kanpaina osoan zehar bere agenda ekonomikoak zekarzkien arantzelak eta protekzionismoa izan ditu ardatz nagusi, eta automozio sektorean, batez ere Alemaniako eta Italiako ekoizleentzat, mehatxu zuzena bilakatu zen. Bada, Europaren ametsik gaiztoenak bete dira: Trump berriro izango da presidentea, eta oraingoan esperientzia eta askatasun gehiagorekin.

Estatu Batuetan Trump presidente egin dute, baina zergatik hainbesteko interes eta kezka Europan? Trumpen lehen agintaldian, merkataritza eta ekonomia erabakietan erradikaltasunarekin jokatu zuen, Txinarekin ez ezik, Europa eta Mexikorekin ere tentsioak sortu baitzituen behin baina gehiagotan. Arantzelak izan ziren bere tresna —edo jostailu— gogokoena, merkatuak baldintzatu eta lehia estutzeko. Oraingoan, berriz, arantzel hauek ez dira soilik estrategia negoziatzaile gisa erabiliko, merkatuak lehiakortasunari begira egituratzeko modu gisa baizik; gobernu estatubatuarrentzako diru-sarrera iturri garrantzitsu bat bilakatuz.

Honek guztiak Europako automobilgintza erabat eraldatu dezake, merkatu global baten lekuko izatetik —nahiz eta kotxe txinatarrak indar handiz sartu diren jada Euopan— merkatu protekzionista baten esklabu bihurtzeraino. Beste modu batera esanda, Trumpen bigarren agintaldian, automozio sektoreak eta Europa osoko merkataritzak prezio handia ordaindu beharko du. Dagoeneko, hautatua den presidentearen hitzetan, automobilen inportazioek %25eko arantzela jasan beharko dute: Volkswagen, BMW edo Mercedes bezalako markentzat, Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan merkatu kuota eta marjinak murriztuko direla esan nahi du, lehia zaildu eta soldatak arriskuan jarriz. Trumpen erretorikaren oinarrian Estatu Batuetako industria babestea dago, eta ekoizpenarekin lotutako sektoreak indartzea. Elon Musk “superministro” bilakatzearen promesa ere hortik etor daiteke. Lehen pausu bezala Twitter erosi zuen —bozgoragailu eta debatea zuzentzeko asmoz— eta bigarrenik, Trump-en pseudopentsalari bihurtu da, txinatarren mehatxupean bere automobil elektrikoen fabrikantea den Tesla babesteko arantzelak ezarriz. Nahi baino gehiago inbertitu behar izan du akaso, baina Muski jokaldia ondo atera zaiolakoan nago.

Automobilaren sektorean sakondu dut bereziki, ez baitugu ahaztu behar Europan automobilgintza sektore erabakigarria dela, lanpostu ugari sortzen dituena. BPGaren zati handi bat suposatzen du: Alemaniaren kasuan, automozioa esportazioen %18 ingurukoa da, eta Italiarentzat %15 ingurukoa. Ez da soilik autoak ekoizteko eta esportatzeko gaitasuna kolokan jarriko denik, ondorioak katean etorriko dira: teknologia eta piezen hornitzaileak, metalezko piezen ekoizleak eta baita garraio zerbitzuak ere; guztiak kalteberak izango dira.

Orain, zer egin dezake Europak? Muga-zergak Estatu Batuetako produktuen gainean ere ezar ditzake, baina horrek erantzun garestia izan dezake, zeren eta Europa bera AEBtako inbertsioaren helmuga nagusia baita. Estatu Batuetako enpresek 3 bilioi dolar inguru inbertitu dituzte Europan, eta horrek Trumpen politika protekzionistak muga litzake. Bidegabekeriaz jokatzeko grina eta merkataritza murrizteko neurriek, Europa bi abiaduratan banatu dezakete: esportazioen mendekoak diren herrialdeak eta gainontzekoak. Hori dela eta, Europak Trumpen itzuleraren aurrean estrategia sendoa eta bateratua behar du, negoziazio luzeak egiteko eta beharrezko diren neurriak hartzeko. Hala izango ote?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK