Turista ni?

Uda da. Eskerrak. Errutina eteten da. Erritmoa lan zentroetan geldotu egiten da. Ttanttaka edo masan, txandaka edo denak batera, jendea desagertzen hasten da, beltzaranago itzultzeko. Sare sozialak oinen, izozkien, eraikin berezien eta paisaien argazkiz betetzen dira. Balin, Tailandian, Grezian, Senegalen, Mexikon izan gara. Edo Piriniotan, furgonetarekin. Edo kanpinean. Edo bigarren etxebizitzan Jacan, Castron, Nojan, Errioxako herriren batean.

Era berean, gure herri eta hirietatik mugitzean topatuko ditugun turista oldeek gogaituko gaituzte. Jada urte osoan etenik ez duen jarioa da. Turista taldeak kaleak hartzen, haien giden azalpenak borobilean entzuteko. Baserritar minigonaz jantzitako gidarik ere ikusi izan dut Bilboko Alde Zaharrean.

Lapurdin aspalditik izan dudan sentsazioa dut orain Euskal Herriko txoko askotan; produktu izatearena. Bizitzeko gurutzatu ditudan kaleetan, lagunekin egoteko etxea diren plaza eta espazioetan atrezzo izatearena. Hiriak marka bilakatu direnetik dena dago salgai. Benetako bizitzaz eta nortasunez hustu dira hiriak, bizitza horixe bera antzezten duten dekoratuak sortzeko, turista friendly. Neurrian. Izan gaitezen gure buruaren errepresentazio garestiago bat. Izan gaitezen very basque, baina in english eta beste nonbaiten bizitzen, alokairuak ordaintzerik ez baitago.

Itzal ditzagun erabiltzen ez ditugun argiak, energia aurreztu beharra dago eta, baina ospa dezagun gure zeruak zeharkatzen enara baino hegazkin gehiago dabilela. Loiuk bidaiari errekorra, bejondeigula.

Duela egun batzuk autobus geltokian emakume bat, turista bera, aztoratuta zegoen ilara nola antolatu zen ez zitzaiolako gustatu. “Orain arteko esperientzia bikaina izan da hemen: jendea, janaria, lekuak… baina ilara hau desastre bat da!”, esan zidan haserre, ni eta gainerako ohiko bidaiari guztiak bere turismo zerbitzurako hartaren parte bagina bezala. Bere bidaia esperientziaren arduradun. Akaso nire izen-abizenak eman behar nizkiokeen, Googlen iritzi bat utz ziezadan. Baina turistak behar ditugula dirudi, loriak udan ihintza bezala. Nor gara inor ez badago gure bizimoduaren kartoizko “esperientziagatik” ordaintzeko prest?

Jakina, nola ez gara joango kaos honetatik guztitik ihesi beste nonbaitera? Zeren guk bai, guk ezagutzen ditugu leku autentikoak, benetakoak. Eta zein merkea den konparazioan. Otordu bera Donostian askoz garestiagoa izango zen. Zein polita den gure ohituretara tolestu diren bertako janariak jatea.

Urrutira joan bagara, seguru gu izan garela ikusi dituzten lehen europarrak. Bertako etxe tipiko batean egon gara, esperientzia osoki bizitzeko. Bueno, apur bat egokitua agian.

Baina ze amorrua ez dutenean gure ordutegiekin funtzionatzen. Eta karta eta seinaleak ez zeuden ingelesez. Ze desastrea, hori hobeto antolatu behar dute, bestela ez zaie inor etorriko. Hala ere, moldatu gara. Erosi dizkiogu kaleko saltzaile horri oihal batzuk, bertako tipikoak, eta lepoko bat, bene-benetakoa. Dantzan ere ikusi ditugu. Baina haien artean, e? Ez guretzako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK