Eskalatzaileen segurtasun ohitura da arnesean “zortzia” egin ostean paretan gora igoko denak eta lurretik segurtatuko duenak elkarren sokaren korapiloei begiratzea. Arrankariak bi begi, sei kaskailuk hamabi. Norberak berea eta bestearena onesten du, denon hobe beharrez.
Horixe da burura etorri ohi zaidan metafora lan munduan emakumeon sare informaletan bizi izan dudan ahalduntzea deskribatzeko. Lehendik ere idatzi dut lan munduko zirkulu informalen garrantziaz. Kasu honetan, emakumeen arteko aliantzekin akordatzen aritu naiz azken boladan. Jasotako lan eskaintza baten harira izan da.
Emakume askok egin ohi dugun bezala, eskaintza entzun bezain pronto niretzako handiegia zela eta nire gaitasunak gainditzen zituela erantzun nuen. “Bai, emakume guztiek erantzun izan didate hori. Prestakuntza eta eskarmentu gutxiagoko gizonekin hitz eginda ere, gizonetatik inortxok ere ez” erantzun zidaten.
Nire kasuan hala zen, zin dagit. Segur aski historian hori erantzundako emakume guztiek sinetsi bezala, bestalde. Baina ni ere egon naiz ataka horretan. Nik ere erregutu behar izan diet arlo bateko tesia egin eta 18 urteko esperientzia profesionala zuten emakumeei hitzaldi bat emateko. Eta entzun behar izan dut “badago ni baino jende aproposagorik horretarako, X-k hobeto egingo du”. X, jakina, gizona, komunikatzaile trebea, baina ez tesirik ezta 18 urteko eskarmenturik ere. Konfiantza bai, tonaka, gizon zuri gisa sozializatua hazi izanak ematen duen tamainan. Gaitasun adina konfiantza izango bagenu… norberaren urdaileko mina ematen du kideei haien buruaren inguruan hori esaten entzuteak.
Halakoetan maiz uzten da emakumeen bizkar “ahalduntzea”, une bateko erabaki bat balitz bezala. Banakako jarrera eta ardura indibidual bat balitz bezala, norberaren kontu soil bat balitz bezala. Erretzeari uztea, gimnasiora apuntatzea, ahalduntzea. Orain ez, orain bai.
Emakumeok ikasi egin dugu horrela jokatzen. Geure burua tolestu eta txiki egin behar izan dugu espazio handia (espazio fisikoa, soinu-espazioa, espazio sinbolikoa, espazio eszenikoa) okupatzen zuten gizonen munduetako zirrikituetan existitzeko. Emakumeoi esan egin digute bai hitzez, baita modu sotilagoak diren ekintzaz ere, ez garela nahikoa. Ez garela X bezain “aproposak”, edo ez dugula X-k bezain ongi egingo, maiz ezin digutelako esan X bezain prestatuta edo prestatuago ez gaudenik. Objektiboki neurtu ezin den zerbaiti erreferentzia egin behar zaio, balio sinboliko bati.
Gure amak esaten zuen pertsonarekiko erdeinua, egiten duen lanarekiko eta lan horrek norberaren baloreen eskalan duen begirunearekiko proportzionala dela. Hobe esanda, egiteko zehatz horiekiko sentitzen den erdeinuaren ondorio izaten dela. Ez nion kasu handirik egin momentuan, baina maiz oroitzen dut orain, ikusi egin baitut nola nire inguruko gizon askok haien lan eremuan ez zituzten emakume asko profesionalki goraipatu izan dituzten. “Krak. Makina. Oso ona da”, baina era berean haien inguru hurbileko emakumeak, krak makina bezain dirdiratsu izateko potentzialekoak gutxietsi.
Honen zergatiari buelta asko eman izan dizkiot eta azken asteotan amari arrazoia ematen ari natzaio. Akaso inguruko emakumeak arlo profesionalean “emakumeegi” agertzen gara inguruko gizonen begietan. “Emakumeegi” izanik domina publikoak eta korridoreetan bizkarrean zaplada konplizeak sortzen ez dituzten zeregin guztiak (baina proiektuek aurrera egin dezaten beharrezkoak direnak) asumitzea. Hala nola, kongresuetako kafeak eta magia gertatzen den espazio goxoak zaintzea, taldekideen ongizateari adi egotea, dokumentazio eta idazkaritza lanak, bilera aurretik eta ondoren besteek dirdira egiteko agertokiak prest egotea. Glamourrik ez duten pintxoak ekartzea, mahaiak mugitzea, semearen edo alabaren inguruan galdetzea, inguruan beste zenbait jendek korridoreetan eta areto bereko bazterretan gauza estrategikoagoez hitz egiten zuen bitartean. Ez dugu jakingo katerinekoekin hizketan ari zen doktoreak, gelaren tenperatura nondik aldatzen den bilatzen ari den koordinatzaileak egingo zukeen ekarpena fundamentuzkoagoa izango ote zen. Berdin ere ez genuke entzungo, ziur aski. Kafea zein goxo zegoen esango genioke gehienera, eta bizkarrean zaplada bat eman gehienera, konplizitatez baino, paternalismoz.
Sinetsita nago gure ingurune profesionaleko kide askoren begietan, finean, hori egiten badugu, hain-hain makina-krak-oso-onak ez gaituztela ikusten. Eta egoeraren argazkia seinalatuko bagenie gure irudimena dela esango liguketela. Emakumeegi izatearen parte baita paranoia akusazio pare bat urtean, gehiago sektorearen arabera. Nire tesia da gu inguruko emakume profesionalak beste paternalismoz erdeinatuko lituzketela krak-makina-oso-onak diren emakume profesional horiek ere, inoiz haien kafeaz arduratu izan balira. Landa-laneko behaketen lagina elikatzen jarraitzen dut. Begira naukazue, bikotxoa moztearekin bateragarria da eta.
Bitartean, txek bikoitza geratzen zaigu, ahalduntzea kolektiboa delako. Gure inguruko begirada maskulinizatuek (eta ez maskulinoek, horrela begiratzen ere, hizlari guztiek ur botilak dituztela ziurtatzea bezalaxe, ikasi egiten delako) txikitzen gaituzten artean, arlo profesionalean elkarrekin jarduten dugun emakumeek elkarri begiratu behar diogu, elkarren ispilu lana eginez.
Agian txikiegi ikusten dugu geure burua, gure gaitasun guztiak kabitzeko, baina batak besteari ikusten dizkiogu. Eta ahalduntzea norberarena baino gehiago, ariketa kolektiboa izanik, esan diezaiogun elkarri “nik zu ikusten zaitut apropos honetarako” eta hel diezaiogun elkarri eskutik. Horretarako aktak, eta aulkiak, eta bandejak, eta apunteak hartzeko denontzako koadernoak askatu behar ditugu, baina. Lasai. Ez da mundua eroriko. Esku asko dago hutsik hortaz arduratzeko, elkarri bizkarrean zaplada konplizeak ematen.