Windesheim

Aryanti Radyowijati, in memoriam

Mendebaldeko kultura popularraren arabera, adin ertaineko gizonok, lehenago edo beranduago, krisi esistentzial bat pairatzen omen dugu. Maitemindu (berriro), belaontzi bat erosi edo IronMan baterako prestatu izaten dira aukeretako batzuk. Nik, indar atabiko horri erantzunez, erabaki nuen Herbehereetako unibertsitate batetan egonaldi bat egitea. Zwolle hiriko Windesheim Zientzia Aplikatuetako Unibertsitatean igaro nituen 2023ko azken hiru hilabeteak. Ezin dut esan hilabete horiek herbeheretar gizarteko behatzaile fina bihurtu nindutenik, baina aukera eduki nuen hainbat gertaera nire begiekin konprobatzeko. Adibidez, herrialdea pairatzen ari den etxebizitzaren krisia nire azalean bizitzeko aukera izan nuen: ezinekoa suertatu zitzaidan bat alokatzea. Airbnb bitartez lortutako gela batean egokitu behar izan nuen, sukaldea eta komuna konpartituz (adin ertaineko krisia erabat gainditzeko esperientzia: ikasle garaiko bizipenak berpiztuz). Edo bertako lan merkatuaren dinamikotasuna: lan egin nahi duen edonork, lana egin dezake. Kualifikazio berezirik ez zuten lanetan, ez da ezta bertako hizkuntza eskatzen ere. Zwolleko Scaniako lantegia iritsi berriak ziren atzerritar langilez beteta zegoen, ingelesa lingua franca erabiltzen zelarik. Eta bertan nengoela ere, Geert Wilders ultraeskuindarraren PVV alderdiak (paradoxikoki, Askatasunaren Alderdia deritzana) hauteskunde orokorrak irabazi zituen, bere kanpainaren ardatzak aurreko gaiak bihurtuz (etxebizitzen eskasia eta immigrazioa). Herbehereetako gizarte liberala eta irekia aldarrikatzen zuten zirkulutan (nire unibertsitateko lankideak, adibidez) sinesgaitzak ziren emaitza horiek. Baina Wildersen garaipenak herbeheretar gizartean zerbait aldatzen ari zela adierazten zuen.

Baina izandako esperientzia apartena unibertsitatean bertan eman zen. Han, Global Project and Change Management (GPCM, edo Proiektuen eta Aldaketa Globalaren Kudeaketa) deritzan gradu batean parte hartzeko aukera izan nuen. Zertan dautza horrelako izen ponpoxoa duten ikasketa horiek? Bi hitzetan esanda, ohiko enpresa ikasketa batzuei, eransten badiegu proiektuen kudeaketa eta erakundeetan jasangarritasuna txertatzeko formakuntza, badugu GPCM moduko gradu bat. Urtero, ikasleek gaitasunak eta edukiak lantzen dituzte hiru modulutan banatuta: Mundua (the World, inguratzen duen testuinguru ekonomikoa, soziala eta kulturala interpretatzen jakiteko), Lanbidea (my Profession, profesionalki proiektuen kudeaketan beharrezkoa diren abileziak eta ezagutzak) eta Ni (Me, taldean eta banaka, emozionalki modu adimentsu batean arazoei aurre egiteko konpetentziak garatzea). Ikasleek, enpresak eta erakundeak planteatutako eskaerei soluzio praktikoak ematen saiatzen dira (gobernuz kanpoko erakunde batentzako komunikazio kanpaina bat, adibidez), bere enpresa jasangarrien negozio planak aurkezten dituzte (ikasle talde batek bizikleten kamerak birziklatuz loretoki apaingarriak egiteko proiektua aurkeztu zuen) edo gure gizartearen arazo konplexuei erantzun bat emateko balore proposamenak eginez. Ikasleentzako etxebizitza alokairuen inguruko arazoaren aurreko ikasturte bateko proposamen bat parlamentu nazionalean eztabaidatua izan zen ni han izandako egunetan. Guzti hori gauzatzeko, noski, giza talde konprometitua eta helburuekin lerrokatua behar da. Eta hori nabarmena zen ikasle, irakasle eta laguntzako teknikarien artean.

Windesheimen argi ikusi nuen badagoela jasangarritasuna ardatz bezala jarrita enpresa esparruko ikasketak proposatzeko aukera. Eta ez dago zalantzarik ere gure enpresek ere profil horretako profesionalak geroz eta gehiago eskatuko dituztela. Etorkizunean aurre egin beharko ditugun erronkak eta euren konplexutasuna ikuspegi transdiziplinarra (hau da, diziplina ezberdinetako metodologiak konbinatzen dakiena) duten profesionalak derrigorrezkoak direla.

Eta nire adin ertaineko krisia? Arrastorik ez. Norberaren lanbideari asmo berri bat topatzea baino erremedio hoberik ez dago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK