• IRITZIA
  • Zer gertatzen ari da Etxe Zurian? Hipotesi batzuk
EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Zer gertatzen ari da Etxe Zurian? Hipotesi batzuk

2025eko apirilaren 9a
Eg. 2025eko apirilaren 9a
eduardo malagon

Bere lehen agintaldian une liskartsuak izan arren, jasotako babesek eta kide berriek (Musk eta Vance bezalako pertsonaien gorakada eta errepublikar beteranoen desagerpena horren lekuko) eta kanpainan izandako tonuak aurreratzen ziguten Donald Trumpen bigarren agintaldiak aurrekoak baino askoz ere zirrara gehiago (zentzu onekoak ez, noski) eragingo zizkigukeela. Eta hiru hilabete eskas pasa ondoren, eta behin eta berriro horren berri eman arren, aurreko astean gertatutakoak denok zur eta lur eginda utzi gaitu. Azalpen egokirik ematea asko kostatzen bada ere, horra hemen gertatzen denaren inguruko nire hipotesi batzuk.

 

Lehenengoa: zuek kasu egitea behar dut. Edozein psikologoak definituko luke Trumpen nortasuna nartzisista eta egozentriko bezala; horrelako pertsonek, besteen atentzioa erakarri behar dute bai ala bai, eta kasu honetan, muga zergak dira munduko agintari guztien atentzioa emateko erreklamoa. Bere ametsetan, astebururo bere Mar- a- Lagoko egoitzatik herrialde ezberdinetako ordezkariak agertuko dira, bere burua zuritzeko eta, aldi berean, AEBetako presidentearen errukia irabazteko, muga zergen murrizketen tankera izango duen errukia. Ordezkari horiek arrastaka bere faborea eskatzea baino amets gozoagorik ezin du izan horrelako nortasun patologiko batek. 80 urte iraun dituen orden ekonomiko bat kolokan jartzea faktore ñimiño da, bere egoa asebetetzeko beharraren aurrean.

Bigarrena: mozkinak jaso. Bururatzen zaidan bigarren hipotesia, bihurriagoa da, eta nahiko konspiranoikoa, baina jendilaje honekin, nork daki. Trump eta bere ingurukoek argi eduki behar zuten zeintzuk izango ziren hartu dituzten neurrien ondorioak, finantza merkatuen amiltzea barne, eta baloreen prezioen beherakada bortitza erabili dute bere patrikak aberasteko. Argi zegoen, hilabeteetan emandako igoeren ondoren, AEBetako burtsan kotizatzen duten hainbat enpresa gain baloratua zeudela, eta merkatuetan aurreikusten zen, lehenago edo beranduago, doikuntzarako momentua iritsiko zela. Doikuntza hori bortxatu ondoren, enpresa askoren kotizazioak urtetako prezio baxuenean daude: likidezia duen edonork izugarrizko maukak topa ditzake. Atzeraldi baten mehatxuak beherakada horiek luzatu ditzake, baina hemendik egun batzuetara neurrien etenaldia edo suspentsioa iragarri ondoren, dena bere onetara bueltatuko litzateke. Akzioen prezioek berriro goraka egingo luke eta gutxi batzuk etekin erraldoiak lortuko lituzkete.

 

Hirugarrena: the master plan. Hau agian serioena da, baina besteak bezain beldurgarria litzateke, suposatzen duelako Trump eta bere administrazioak benetan sinesten dutela martxan jarri dutena haiek nahi dituzten emaitzak emango dituela. Bere helburua ez litzateke bakarrik AEBk pairatzen duen merkataritza truke desorekak zuzentzea. Jokaldi bakar baten bitartez, estatubatuar arazo ekonomiko guztiak konpondu nahi dituzte. Horien artean, noski, bere zor publiko erraldoiarena. Nola? Sortutako anabasak Erreserba Federalari interes tasak murriztea behartuko dio, eta horrek eragingo du jaulkipen berrien tituluengatik ordaindutako zerbitzuak baxuagoak izatea (bitartean, Musk eta bere tropa bere aldetik laguntzen ari dira, bulegoak itxiz eta langile publikoak kaleratuz gastu publikoa argaltzeko asmoz). Trumpek berak, txio batean, Erreserba Federaleko presidentea den Jerome Powelli interes tasak jaisteko eskatu dio. Interes tasa baxuek lortuko lukete ere dolarraren kotizazioa ere baxua izatea, eta inbertsioa areagotzea; haien ustetan, berrindustrializatzeko beharrezkoak diren bi neurriak aktibatzea. Sortuko den inflazioa eta muga zergek eragingo dute jarduera ekonomikoaren beherakada (eta sarrera publikoen murrizketa) ez ditu inork kontuan hartu. Ezin da ondo atera.

Laugarrena: atzerritar konexioa. Hau agian eroena da, baina auskalo: Trump eta bere administrazioko kide guztiak, atzerritar potentzia baten agenteak dira. Hamarkadak iraun duen infiltrazio prozesu zehatz baten ondorioz, herrialde horretako espioitza agentziak lortu du Estatu Batuetako Etxe Zurian bere agindutara ariko diren aktiboak kokatzea. Bere misioa: AEBetako ekonomia eta sistema politikoa barrutik suntsitzea. Eta hori egitea, gainera, iritzi publikoaren erdia bere alde dutela. Netflixeko telesail baten trama izan daiteke, baina gertatzen ari da.

Gogoratu beti errealitateak fikzioa gainditzen duela. Badaezpada.