Zerga-tik ongizatea

Orain astebete ikusi nuen “Worldca$t” podcastak sortu zidan zutabe hau idazteko harra. Azken hilabeteetan ospe handia lortu duen Pedro Buerbaum gazte ekintzaile eta inbertitzaileak martxan jarri duen podcast-a birala bihurtzen ari da, lantzen ari den elkarrizketa eta gaiak medio. Azken saioan Pepe Álvarez, UGT-ko idazkari nagusia, izan du gonbidatu youtubeko kanalak, eta titulutik haratago, zergak, klase sozialen polarizazioa, zerbitzu publikoak, langileriaren eskubideak eta ekintzailetza izan dute hizketagai. Eztabaidako pertsonak alde batera —ez zaizkit gehiegi interesatzen— utzita, paratu gaitezen eztabaidaren ideietan.

Eztabaida politiko eta ekonomikoen erdian, esaldi bat errepikatu zuen Pedrok behin eta berriz: "zergak igotzen badituzte, ni banoa". Aitorpen horrek oihartzuna du aberatsen eta boteretsuen artean, eta askotan erabiltzen dute edozein zerga-igoeraren aurka mehatxu egiteko. Baieztapen honen atzean errealitate fiskalaren eta erantzukizun zibikoaren ikuspegi desitxuratua dago, komunitatearen eta ikuspegi indibidualistaren arteko diferentziak agerian uzten dituen pentsamendua. Belaunaldi berrietan sakon sartzen ari diren ideiak dira, eta zoritxarrez, gero eta gehiago dira ideia hauen xerkan askatasun finantzarioa lortzeko ekintzaile edo enpresario izanarekin harremantzen dituztenak. Horregatik, zergen esklabo garela, sektore publikoa alperra dela eta zaurgarriak babestu behar ez direla argudiatzen duten horien kontrako ideia eta argudioak indartu beharrean gara, ongizatean eta kolektibitatera eramango gaituen heziketa bat.

Zergak gizarte zibilizatu eta kolektibizatu batean bizitzeagatik ordaintzen dugun onurakina da: denok jaso dugun kalitatezko hezkuntza, osasun publikoa, azpiegitura, politika berdinzaleak eta zaurgarrienganako zaintza bermatzeko erabiltzen duguna. Zergak gizarte bat lotzen duen kontratu sozialaren oinarria dira, zeinean pertsona bakoitzak —abersatsa ela behargina izan— bere gaitasunaren arabera eman eta jasotzen duen sistema. Zergak estatuaren esklabotza-sistema bat direlako nozioa duten horiek ez dira eskuinekoak, ez ezkerrekoak. Ez dute demokrazian sinisten, ez eta guztion ongizatean pentsatzen ere. Erdi mailako klasea gutxitzen ari direla kexatzen dira, baina klase arteko arrakala handitzera garamatzan gizarte paradojiko batean sinisten —edo itxura egin nahi—dute.

Zerga progresiboak gaitasun ekonomiko handiena dutenak gehiago zergapetzeko diseinatuta daude. Aberatsek beren dirusarreren proportzio justua zergatan ordaintzea gizalegezko eginbeharra da, beren aberastasun eta pribilegioekiko proportzioan ordaintzea. Kalitatezko bizitza ezinhobe batera eraman dituzten berezko baldintzez — jaioterria, familia, inteligentzia eta gaitasunak— gain, zergei eta zerbitzu publikoei esker ikasi, zaindu eta bizi dira mundu honetan. Aberatsek etekin handia ateratzen diote bizi diren gizarteari: negozioek aurrera egiten dute formakuntza eta lan-baldintza osasungarriei, azpiegitura sendoei eta baita egonkortasun ekonomikoa sustatzen duen ingurune arautu bati esker. Beraz, bidezkoa eta arrazoizkoa izango da ere hainbeste onura ekarri dien sistemari ekarpen handiagoa egitea.

Gainera, zergak ez dira justizia sozialaren kontua soilik, egonkortasun ekonomikoaren eta epe luzeko oparotasunaren kontua ere badira. Muturreko desberdintasunek gizarte-kohesioa ahultzen dute eta ekonomia ezegonkortu dezaketen tentsioak sortzen dituzte. Gizartearen zati txiki batek aberastasunaren zati neurrigabe bat metatzen duenean, klase ertainaren erosteko ahalmena murriztu egiten da eta hazkunde ekonomiko inklusiborako aukerak mugatu.

Ekintzailetza eta ekonomia berriak sortzera bultzatzea asmo duen zutabea da hau, baina gure ogibidea eta asmoak martxan direnean, gizartean oinordekoei aukera berak ematea da gure zeregina, eta hau lagunok, zergen eta politika publikoen indartzetik bakarrik egin ahal izango dugu. Zergatik ongizatea egingo dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK