Zergak ikasgelaratzea erronka bat da beti. Sentimendu oso biziak eragiten dituen kontua izan ohi da. Asperdura ere sentimendutzat hartzen badugu, behinik behin. Alegia, aspertzen direnak oso fuerte aspertzen dira eta sutzen direnak ere neurri berean.
Hitz zorrotzak, definitiboak ekartzen ditu ahora: kendu, eman, eraman, lapurtu, bidezkoa, bidegabea, “parguela”. Youtuberren exodoa Pirinioetako mazeletan gora Andorraraino, Gerra Zibilean errefuxiatuek baino negar gehiago egiten gure nerabeen pantailetan. “Erdia kentzen didate”. Zeren erdia, baina?
Duela hilabeteko RedEFESen topaketan, zegokidan tailerra amaitutakoan gure txokotik ihes eginda, espioitza industrial apur bat egin nuen Econoplastas kolektiboak emandako saiora: zerga hezkuntza. Larunbat goiz baterako zerga hezkuntzaz jardutea plan polita iruditzen zaigunok ere leku bat behar dugu munduan, aizue.
Tailerra zergek eta zerbitzu publikoek gure ongizatean duten inpaktuaz jabetzeko dinamika batekin hasi zen. Presio fiskalen ehuneko ezberdinetatik abiatuta, ikasleek zein herrialde zegoen atzean asmatu behar zuten. Edo genuen, kasu horretan esperimentuaren parte baikinen. Oraindik ehuneko bakoitza zein herrialderena zen esan gabe, izenak zerrendatzen ziren, guk horietako zein herrialdetan bizi nahiko genukeen esan genezan. Eta sorpresa! Inork ez genuen presio fiskal baxuenak dituzten herrialdeetako bakar bat ere hautatu bizitzeko. Presio fiskal baxuak, ezinbestean, beste prezio bat dakarrelako.
Nik txoke horretarako beste sistema bat erabili izan dut. Ikasleei erabilitako zerbitzuengatik galdetzen diet. Ea nire soldata nork ordaintzen duen. Ea badakiten zenbat kostatzen den haien hezkuntza. Ea inork, inoiz hezurrik apurtu duen. Edo ebakuntzarik izan duen. Edo mediku frogaren bat egin behar izan duen. Edo gripe batengatik kontsultara joan. Ea zenbat gau igaro dituzten esna, gaixotasun larri bat izatekotan tratamendua nola ordainduko ote duten kezkatuta. Ea nork bota duen zaborra kontenedorera azken astean. Nork edan duen iturriko ura, etorri den espaloi batetik ibiltzen, farolen argipean, hartu duen metroa.
Eta hala bada, dagoeneko eman dutena baino askoz ere gehiago jaso dutela gogorarazten diet. Zenbakiak begiratzen ditugu. Zenbat euro diren bizitza duinak, babesa, erosotasuna, osasuna. Zenbaki huts ez diren zero asko dira horiek. Dena “kendu, lapurreta, pringau” eta halakoak berriro ez entzuteko.
Duela hamaika urte Suedian master bat ikasten ari zen mutil poloniar bat ezagutu nuen. Handik alde egiteko desiatzen ari zen. Titulua lortutakoan AEBetara joan nahi zuen eta meritokraziari esker gora egitea lortuko omen zuen, behar den bezala. Ahulenak babestearen kargaz kexatzen zen. Suedia herrialde komunista zen harentzat. Mateusz.
Bera, ni bezala, doan ari zen unibertsitate ikasketak egiten, Europar Batasuneko pasaportea izatearen pribilegioa baikenuen biok. Eta berak doan jasotako tituluarekin AEBetan karrera egiteko ametsa zuen. Lasterketan lehiatu ahal izateko irteera lerroan jarri zaituen sistema gutxiestea eta honaino ekarri zaituenari tu egitea, halakorik izan ez dutenen aurka lehiatzeko, testu biblikoren batean zigortuko da, ziur. Diot. Ez? Elkarren babesa denontzako onuragarria dela ulertzen ez duten pertsonei benetako merkatu-oihan batean bizitzea opako nieke, halakoak existitzea ez balitz hain garesti aterako gainontzeko guztientzat.
Entzuten direnak entzunda, ez dut Mateusz izena duen ikaslerik, baina ez dakit Mateusz izango den ikaslerik dudan.