Hainbat bilera mota daude: estrategikoak, sortzaileak edo praktikoak. Batzuk produktiboak; beste batzuk, ordea, luzeak, astunak eta korapilatsuak. Zerk egiten du batzar bat hain nekagarri?
Gogoratzen dut aspaldi izandako bilera eraginkor bat, Xabier Aierdi soziologoarekin. 21 minutu. Kaixo esateko, lanari ekin, erabakiak hartu, zalantzak argitu, irribartsu agur esan. Finito. Intentsitatea, kontzentrazioa, umore ona. Momentu hartan konturatu nintzen zein garrantzitsua den niretzat denborari probetxua ateratzea lanean ere.
Hara, arazoa ez da egunero dugun bilera kopurua, horien energia nekagarria baizik. Badaude, egon, hainbat modu, bilerak biziago egiteko. Laburragoak, arinagoak. Badira hainbat gauza kontuan hartzeko hori lortze aldera.
Alde batetik, deialdian argi izan beharko litzateke zenbateko iraupena izango duen batzarrak. Hori da lehen urratsa. Eta bide batez, argitzea zer motatako bilera den. Informatzeko, koordinatzeko, ideiak jasotzeko, erabakiak hartzeko. Argi eta garbi.
Bestetik, gidariaren papera derrigorrezkoa izan beharko litzateke: beharrezkoa da bilera bakoitzean gidari bat izatea. Norbait izan behar da autobus horretako txoferra. Eta gidaria izanik, argi izan behar du bileraren edukiaren noranzkoa. Gidariak bolanteari tinko eta malgu heldu behar dio. Norabidea zein den aldez aurretik azaldu behar du. Eta bidaiariren bat beste norabide batera desbideratzen saiatzen bada, argi azaldu beharko dio txoferrak norantz goazen, zergatik eta zertarako. Aldi berean, malgua izan behar du, partehartzaileen iritziak entzun eta haintzat hartuz.
Telefonoaren erabilera da beste arazo nagusietako bat. Whatsapp eta mezu elektronikorik gabeko guneak izan behar dira gure talde lan une horiek. Intentzioa eta atentzioa toki berberean mantentzea premiazkoa da.
Bilerak ezin direlako izan egiturarik gabeko solasguneak. Energia goian mantentzen saiatu behar dugu. Denborak errespetatu, esaldi luzeegirik gabe, partehartzea orekatuz. Bestela, Xabier Letek zioen bezala, “ezerezean amildua, hutsean eroria, hauts bihurtuta” bukatuko dugu laneguna.
Esandakoa: egitura bat behar dugu. Irekiera, mamia eta itxiera. Gai ordena bat izatea baino gehiago da hori. Garrantzizkoa dena eta ez dena bereizi behar delako. Kontuz ibili behar gara, gai orden batean askotan behar baino gai gehiago sartzen ditugulako. Edo bertan agertzen ez diren gaiei jaramon gehiegi egiten diegulako. Edo okerrago, potpourri izeneko atal bat dagoelako. Kontuz! Hor izan ohi da unibertsoaren zulo beltza. Energia xurgatzen duen gai bat, beste bilera extra bat behar duen gai mamitsu hori, alegia. Mugak ezarri behar ditugu, unibertsoaren zulo beltz horretan ez sartzeko.
Bilera eraginkorrak dinamizatzeko ematen ditudan ikastaroetan, partehartzaileek onartzen dute askotan bilera bat prestatzen, denbora Power Point bat egiten ematen dutela. Ez al da hobe lehenik eta behin egitura bat ezartzea, gai eta azpi gaiak aztertzea, eta bileran nor egon behar den —eta nor ez— aztertzea?
Ahaleginak egin behar ditugu, denon artean denborak murriztu eta bilerak eraginkorrago izateko, zulo beltzen energia xurgatzaile diren ohitura horiek baztertuz.