Aclimako enpresek 2.774 milioi euro fakturatu dute 2023an

2022ko fakturazioa %15 handitu dute. 133 erakundek osatzen dute egun ingurumen arloko klusterra eta 6.368 lanpostu sortzen dituzte

Aclimaren batzar orokorra egin da gaur Gasteizen | Argazkia: Aclima Aclimaren batzar orokorra egin da gaur Gasteizen | Argazkia: Aclima

Ingurumen arloko Aclima klusterreko enpresek 2.774 milioi euro fakturatu dute 2023an, 2022an baino %15 gehiago. 133 erakundek osatzen dute egun elkartea, eta 6.368 lanpostu dituzte denera, iaz baino %7 gehiago. Halaber, enpresa bazkideek 287 milioi euro inbertitu dituzte I+G+B-n, hau da, 2022an baino %8 gehiago.

Urteko batzarra egin du gaur Aclimak Gasteizen, eta ESG irizpideak: jasangarritasuna lehia-abantaila gisa izeneko ekitaldia ere antolatu dute. Xabier Caño presidenteak azaldu duenez, 2023a urte “bete-betea” izan da Aclimarentzat, “lanez eta emozioz betea”. Ingurumen arloko helburuak betetzeari dagokionez, presidentea ziur azaldu da, enpresek badituztelako erronka horiei aurre egiteko gaitasunak, ezagutza eta esperientzia, baita trantsizio ekologikoa zuzentzeko ere.

Azken urteotan, Aclimak %25 enpresa bazkide gehiago izatea lortu du. 133 erakundeetatik 103 enpresa pribatuak dira, 18 erakunde publikoak, sei zentro teknologikoak, lau unibertsitateak eta bi elkarteak.

Klimari dagokionez erronka ugari geratzen direla azaldu du klusterrak, “trantsizio ekologikoak eraldatzea eskatzen baitu”. Hala, "eraldatze-prozesu horrek soluzio berritzaileak ekarriko ditu, ingurumen-sektoreak prozesu aurreratuen ikerketaren eta garapenaren alde egindako ahaleginetik eratorriak".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK