Adimen artifiziala, jasangarritasunerako bidelagun

EAEko enpresen %6k erabiltzen du egun adimen artifizialeko sistemaren bat euren prozesuetan. Jasangarritasun helburuak lortzeko aukera asko eskaini ditzake, sektoreko adituen arabera

'Jasangarritasuna adimen artifizialaren garaian' izeneko mahai-ingurua, atzo, Donostian | Argazkia: UIK 'Jasangarritasuna adimen artifizialaren garaian' izeneko mahai-ingurua, atzo, Donostian | Argazkia: UIK

Adimen artifiziala apurka-apurka ari da lekua egiten gure enpresetan. Garatutakoa baino garatzeke dagoena askoz gehiago bada ere, Euskal Herriko enpresa txiki, ertain eta handiak teknologia hau beren negozio lerroetan sartzeko geroz eta erabaki gehiago hartzen ari dira.

Enpresa hauek guztiek jasangarritasunari lotutako araudia ere bete beharra dute. Bada, lagungarria izan al daiteke adimen artifiziala jasangarritasuna eta deskarbonizazio helburuak lortzeko bidean? EHUren Udako Ikastaroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Jasangarritasuna adimen artifizialaren garaian izeneko ikastaroa antolatu dute atzo eta gaur, eta sektoreko hainbat aditu bildu dituzte afera aztertzeko.

Adimen artifizialaren inpaktua ikertu aurretik baina, jasangarritasunaz aritu dira. Sofiver jasangarritasun arloko aholkularitza enpresa da, eta Maria Garayo da enpresaren fundatzaileetako bat. Bere esanetan, enpresek jasangarritasunaren inguruko ikuspegi askotarikoak dituzte: “enpresetako zuzendari batzuek jasangarritasuna ingurugiroarekin lotzen dute soilik, eta beste batzuk ikuspegi askoz integralagoa dute. Jasangarritasuna euren estrategia eta negozio modelo osora hedatzen dute”.

Maria Garayo: “Enpresetako zuzendari batzuek jasangarritasuna ingurugiroarekin lotzen dute soilik, beste batzuk ikuspegi askoz integralagoa dute, eta euren estrategia eta negozio modelo osora hedatzen dute"

Era berean, Fernando Espiga Tecnaliako trantsizio energetikoko arduradunaren ustetan, jasangarritasunari dagokionez, epe laburrean eraginik handiena araudiak du, izan ere, legeak sortutako presioak eragiten du enpresek deskarbonizazioren aldeko erabakiak hartzea. Hala, teknologiak, adimen artifizialak tartean, bideratzaile papera joka dezakeela uste du jasangarritasun esparruko helburuak lortzeko.

Gorka Garcia BAIC Basque Artificial Intelligence Centerreko estrategia arduraduna Espigarekin bat dator, lege esparrutik datozen presioak giltzarri direla uste baitu. Adimen artifiziala, batik bat, erakunde zientifikoetan erabiltzen dela azaldu du Garciak, industria eta energia sektoreak izanik, Euskal Herrian, teknologia hau hedatuen dagoen sektoreak.

 Enpresa txikien kontua ere bada

Sarritan, adimen artifiziala enpresa teknologiko erraldoien kontua dela uste izan ohi da. Gure artean ditugun enpresa gehienak txikiak eta ertainak dira. Ba al dute entitate hauek sarbidea punta-puntako teknologiara eta zeintzuk dira adimen artifiziala garatzeko gure enpresek dituzten oztopoak? “Teknologia barrera bat da izatez”, dio Espigak. Are gehiago, herrialde askok teknologia barrera komertzial gisa erabiltzen dutela nabarmendu du.

Enpresa txiki eta ertainek adimen artifiziala aukera gisa ikusi beharra dute, eta horretarako, “xurgatze teknologikorako gaitasuna” beharrezkoa dutela uste du Tecnaliako adituak. “Ezinbestekoa da enpresa bakoitzak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, teknologia hau probestea, produktu berriak sortzeko edo jada dituztenak hobetzeko”.

Fernando Espiga: “Ezinbestekoa da enpresa bakoitzak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, adimen artifiziala probestea, produktu berriak sortzeko edo jada dituztenak hobetzeko”

Garayoren ustez, enpresa txiki eta ertainetan adimen artifiziala garatzeko barrera kulturala da nagusiki. “Datu kudeaketaren inguruko kulturarik ez dago gure enpresetan. Jasangarritasunaren inguruko datu ugari dituzte, baina ez dira ez erabiltzen ez esplotatzen”. Bere ustez, Europan zabaltzen ari den arautegi berria (ekodiseinua, produktuen pasaporte digitala…), datu hauek guztiak aztertzera behartuko ditu enpresak, deskarbonizazioa edota karbono aztarna gutxitzeko, besteak beste. “Enpresa batzuk oraindik excela erabiltzen dute datuak kudeatzeko”, gehitu du.

Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko trantsizio ekologikoko zuzendariak berriz, ez du uste kultura barrera bat dagoenik, eta “esfortzu kolektibo” bat egin behar dela adierazi du. “Nik ez dut uste enpresa kultura falta denik, gure ehun industriala enpresa txiki eta ertainena da, eta datu gutxi ditugu kudeatzeko”. Araudiari ere egin dio erreferentzia, eta hura aurrera ateratzeaz gain, behin martxan dagoela enpresei legedia betetzen lagundu behar zaiela gogoratu du. “Laguntza horretan adimen artifiziala oso lagungarri izango da”, esan du.

Bestalde, Beatriz Crisostomo Iberdrolako berrikuntza zuzendariak start-up eta enpresa teknologiko berriak aipatu nahi izan ditu. “Guk enpresa txiki hauekin lan asko egiten dugu. Datuak eskatzen dizkigute eta baita euren garapen teknologikoak probatzeko benetako ingurune batzuk ere”. Bere ustez, enpresa txiki hauek ez dira gai urratsak euren kabuz emateko eta enpresa handien laguntza beharrezkoa dute.

Mesa redonda (Beatriz, Fernando, María, Mónica, Gorka) (3)
Atzoko mahai-inguruko parte hartzaileak | Argazkia: UIK

Enpresen gutxiengoak erabiltzen du

EAEn adimen artifizialaren erabilera ez da bereziki handia. Garciak azaldu duenez, erakunde guztien %6k soilik erabiltzen ditu adimen artifizialeko sistemak. Hamar langile baino gehiago duten enpresen %10k erabiltzen du eta administrazio publikoan %16k gutxi gorabehera. “Galdera da, zertarako erabili adimen artifiziala? Teknologiak bideratzailea izan behar du negozioaren erronkei aurre egiteko”, azaldu du.

Hala, adimen artifizialaren inguruko hainbat sinesmen "desmitifikatu" nahi dituztela aitortu du BAICeko kideak, enpresa txikiak teknologia honetan inbertsioa egitera ausartu daitezen. “Adimen artifiziala garestia dela diote. Garestia izan daiteke, baina hasiera batean zerbait txikiarekin hastea komeni da, eta hortik joan hazten”. Gainera, azaldu duenez, ez da zertan datu kopuru handi bat behar: "garrantzitsuagoa da datuen kalitatea eta dibertsifikazioa, baita hauen garrantzia negozioaren erronkak kontuan hartuta”.

Aldaketetara egokitzera derrigortuta

Enpresen jasangarritasun arloko helburuak lortzerako orduan, adimen artifizialak hainbat aukera eskaini ahal ditu. Hala ere, jasangarritasuna gizarte osoaren ardura dela gogorarazi du Crisostomok: “energia konpainiek azpiegitura jartzen dugu, baina enpresa eta hiritarrak dira energia eskatzen dutenak. Guk parke eoliko eta plaka fotovoltaiko asko instalatu ditzakegu, baina kontsumitzaileek egin behar dute aldaketa. Pedagogia eta kontzientziazio prozesu bat egin beharra dago”.

Espigaren ustez, adimen artifizialak aukera asko emango ditu jasangarritasunera ailegatzeko, baina ez da “bide lineal” bat izango. “Esperimentazio asko eskatuko du, eta batzuetan hanka sartuko dugu. Zentro teknologikoetan egindako egitasmo askok ez dute funtzionatuko”.

Gorka Garcia: “Enpresetan aldaketa kultural hori sustatzen lagundu behar dugu, eta langileak teknologia hauetan trebatu, baita gizartea kontzientziatu ere”.

Hein horretan, trantsizio ekologikoa egiteko jada hainbat teknologia eskuragarri dituztela aitortu du Tecnaliakoak, beroaren elektrifikazioa esaterako. “Orain ikusi behar duguna da nola egin teknologia horren hedapen handiago bat, eta teknologia digitalek horretan asko lagundu dezaketela uste dugu”.

Halaber, Garayoren aburuz, adimen artifizialak ematen dituen aukeraz harago, teknologia hau aplikatzea derrigorrezkoa da, eta enpresa bakoitzaren egokitze erritmoa eta horretarako dituen baliabideak dira giltzarriak. “Finean, teknologia bitartekaria besterik ez da, eta enpresa bakoitzak jakin beharra du hura nola bideratu”.

Trantsizio berde baterantz, teknologiak tendentziak, datuak eta patroiak zehazten laguntzen duela gehitu du Garciak. “Enpresetan aldaketa kultural hori sustatzen lagundu behar dugu, eta langileak teknologia hauetan trebatu, baita gizartea kontzientziatu ere”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK