Ausolanek 1969an du bere jatorria. Auzo Lagun izenarekin jaio zen kooperatiba, hamazazpi laguneko emakume talde batek sortua, andreen laneratzea sustatu asmoz. Jaki bero eta prestatuak eskaini dituzte hasieratik, nahiz eta egun garbiketa zerbitzuak ere badituzten. Mende erdi geroago, 2021ean Mondragoneko kooperatibak Ausolan Fundazioa jarri zuen martxan, hasierako filosofia horri eutsi eta gizarte ekarpena egituratu asmoz. Geroztik, 115.033,95 euroko ekarpena egin dute gizarte proiektuetan. "Eragina nabarmenagoa izatea ahalbidetzen" diela uste du Amaia Agirre fundazioko gerenteak.
Nondik dator fundazioa sortzeko ideia?
Hausnarketa ez zen bat-batekoa izan. Fundazioa 2021ean sortu zen, baina zuzendaritza eta artezkaritza taldeak gogoeta luzea eginda zuen gaiari buruz. Lehen planteamendua orain dela 15 urte egin zen. Gero egia da hoztu egin zela, baina orain dela zazpi bat urte berriro ere indarra hartu zuen aukera horrek.
Zergatik fundazio bat?
Kezka zegoen Ausolanen gizarte ereduak eraldaketa sozialean zuen eraginari buruzkoa. Alegia, zelan nahi zuen eragin eta non. Gainera, urtero, Mondragoneko kooperatibek COFID kooperatiben kooperaziorako funtsera ekarpena egin behar dugu. Eta hortik, proiektu eraldatzaileak babestu eta bultzatzera bideratzen da diruaren zati bat, norbere taldetik. Funts horien kudeaketa desberdina izan da urteetan zehar.
Zein zentzutan?
Hasiera batean Auzolagun kooperatibak Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan lan egiten zuen soilik, adibidez, euskararekin zerikusia izan duten entitateei lagunduz, baita Arrasate inguruko kirol, kultura edo gizarte arloko entitateei ere. Gero apurka-apurka Ausolan handitzen joan zen, Espainian ere lan egiten. Eta hausnarketa berri bat egin genuen: gure bazkideen gehiengoak Euskal Herrian badaude ere, gure nahia izan da lan egiteko modu kooperatibo hau gauden toki horietan guztietara eramatea. Beraz, apur bat zabaltzea erabaki genuen.
Dirua zertara bideratu nahi genuen ere hausnartu genuen. Ordura arte, lan egiten genuen emakumeekin zerikusia zuten proiektuekin, kirolarekin, artearekin, gaixotasun arraroak ikertzearekin... Funtsa izan bitartean, artezkaritza joaten zen banatzen dirua.
Hori oso ondo zegoela ikusita ere, iruditu zitzaigun beharrezkoa zela gure eragina non izan nahi genuen hausnartzea, eta gure gizarte ardurarekin lotzea. Gainera, GJH garapen jasangarriko helburuak ere agertu ziren, eta ikusi genuen hamazazpi helburutatik seitan eragiten genuela batik bat.
"Kooperatiben araudiak ezartzen du kooperatiba bakoitzak urtean diru kopuru jakin bat izango duela funtsetarako, eta diru hori urtebeteko epean erabili behar dela. Ez bazara gai urtebetean kudeatzeko, erreserba funtsera bideratzen da. Gu ohartu ginen ez ginela gai"
Orduan, fundazioaren sorrerak badu zerikusia parte sozial horri egiten zaion ekarpena egituratu nahi izatearekin.
Hori da. Are gehiago, kooperatiben araudiak ezartzen du kooperatiba bakoitzak urtean diru kopuru jakin bat izango duela funtsetarako, eta diru hori urtebeteko epean erabili behar dela. Alegia, ez bazara gai dirua urtebetean kudeatzeko, erreserba funtsera bideratzen da. Gu ohartu ginen ez ginela gai une baten funts hori guztia ondo kudeatzeko. Pentsatu genuen fundazio bat sortzeak, batetik, lagunduko zigula estrategia bat ezarri eta gizartearekiko egiten genituen lanei egitura hobea jartzen, GJH horietan zentraturikoa. Eta bestetik, hiru urteetako epea emango zigun funtsa gastatzeko, soilik urtebete izan ordez.
Azkenik, eragina nabarmenagoa izatea ahalbidetzen zigun, oso sakabanatuta baitzegoen.
Haurtzaroari loturiko goseari aurre egin asmoz lantzen duzue Stop Gosea izena duena. Elikagaien xahutzearen kontra lan egiteko esparru horrekin ere zerikusirik al du?
Stop Gosean, oinarrian, gosea ekiditen saiatzen gara, Ausolanek berak prestatzen duen janaria kolektibo zaurgarrietara berbanatzen eta berbideratzen. Hori da helburu nagusia, eta askotariko formulak eduki ditzakegu gosea lantzeko. Haurren gosea deritzona lantzen dugu, adibidez. Identifikatuta dago kolektibo askok jangelan egiten dutela bere bazkari nagusia eta orekatua. Oporrak daudenean eta jangelarik ez dagoenean, haurren elikadura txarragoa da.
Harago joanda, baditugu xahuketa ekiditeko edo murrizteko proiektuak.
Kolektiboak Debagoiena ingurukoak al dira?
Hainbat entitaterekin egiten dugu lan, eta ez soilik Debagoienakoak. Elikagaien bankuetan ari gara Euskal Herrian, Burgosen, Madrilen eta Asturiasen. Sukalde zentral horietan, ekoizpen lantegietan, sortzen diren soberakinak, jateko kalitatea badute, elikagai bankuetara berbidaltzen ditugu. Gero egia da Euskal Herrian iniziatiba pilotu gehiago jartzen ditugula martxan, eta ondoren beste tokietara hedatzen saiatzen gara.
"Sukalde zentral horietan, ekoizpen lantegietan, sortzen diren soberakinak, jateko kalitatea badute, elikagai bankuetara berbidaltzen ditugu"
Emakumeen laneratzea ere lantzen duzue. Ausolanek hasieratik izan zuen filosofiari loturik dago?
Hori da. Ausolanen sorrerak lotura du emakumea lan munduan egoteko xedearekin. Bere garaian emakumeak bere lanpostua utzi behar zuen etxean izan behar zelako. Eta logikoa den bezala, denborak aurrera egin ahala emakumeek nahi zuten lan munduan jarraitu eta garapen profesionala eduki.
Hortik etorri zen gure sorrera, eta ez dugu atzera utzi nahi izan fundazioak egin behar duen lanean. Lortu nahi dugu egoera zaurgarrian dauden emakumeek izan dezaten gaitze eta laneratze duineko prozesua. Ikerketa batek esaten zuen emakumeen %30 gizarte bazterkerian bizi dela.
Nola lantzen duzue laneratzea?
Ausolan taldean bertan praktikak egiten eta horri loturiko formazioetan laguntzen du fundazioak. Eta ondoren aukera izaten da kontratua egiteko eta jarraitzeko. Baina jada geure kolektiboaren parte dira. Horrekin ari gara lanean. Azkenean 2021ean sortu ginen eta aurten izango da 4. urtea.
Era berean, hemendik urte batzuetara helburu handiagoak ditugu. Ausolan eskola sortu nahi dugu emakumeek aukera izan dezaten formatu eta, ostean, lan mundura salto egiteko, lan duinetara, benetan gizartean txertatu daitezen. Horri forma emateko askotariko formulak aztertzen ari gara.
Guztira 115.000 euro baino gehiago inbertitu dituzue arestian aipatutako esparruetako hainbat proiektutan.
Hori da. Hori da izan dugun aurrekontua, fundazioak jaso ahal izan duen laguntza. Beste jarduera osagarri batzuk ere baditugu. BCCrekin, adibidez, lehiaketa gastronomikoa antolatu izan dugu non, neska-mutikoek errezeta berritzaileak gauzatu behar dituzten, aitona-amonekin lotura izan, eta iraunkortasun irizpideak bete behar dituztenak.
"Ausolan eskola sortu nahi dugu emakumeek aukera izan dezaten formatu eta, ostean, lan mundura salto egiteko [...]. Horri forma emateko askotariko formulak aztertzen ari gara"
Kooperatiba bat fundazioaren sortzaile izateak zer gehitzen dio sorreratik bertatik halako fundazio bati?
Ausolan kooperatiba izanda, ikusita beste entitate batzuek nola funtzionatzen duten, guretzat erraza izan da fundazioa osatzea. Nik uste dut fundazioa azkenean dela kooperatibaren besoa eraldaketa bultzatzeko. Barne hausnarketa, fundazioa sortu bitartekoa, kosta egin da, baina behin argi izanda fundazioa zela eraldaketa sozialerako bidea, erraza izan da. Eta oso lotuta dago gure egunerokotasunarekin.
Zein helburu ezarri du fundazioak datozen urteetara begira?
Batez ere aipatutako bi proiektuak haztea izango da. Batetik, Stop Gosea bera, eta horri lotuta zentroetan birbanaketa egitea, soberakinak kolektibo zaurgarrietara bideratzeko eta gosea ekiditen laguntzeko.
Eta, bestetik, emakumeentzako eskola proiektu hori osatzeko bidean aurrerapausoak ematea, emakumeei lan mundura modu duin baten heltzen laguntzeko. Nahi genuke hemendik hiru edo lau urtetara gauzatua izatea.