
Ibilgailu elektrikoa erosterako garaian kontsumitzaileen erosketa asmoaren gaineko azterketa egin du Asier Corcuera Merodiok bere Gradu Amaierako Lanean, eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren saria jaso du. Egun ibilgailu elektrikoaren erosketa sustatzen bada ere, gehiengo nabarmenak diesel eta gasolina autoen alde egiten du, eta Corcueraren arabera, etorkizunean ere hala izango da. Egindako ikerketaren arabera, kontsumitzaileak uste du ingurumenean inpaktu positiboa sortzeko ibilgailu elektrikoa erostea ez dela aukerarik onena.
Zergatik aukeratu duzu ibilgailu elektrikari buruzko lana egitea?
Ibilgailu elektrikoak etorkizuneko ibilgailutzat jotzen dira. Marka guztiak hasi ziren orain dela urte batzuk horrelako autoak fabrikatzen. Hiri handietan, Madrilen adibidez, tentsio gutxiko eremuak ezarri zituzten, baita Bilbon eta Donostian ere. Gaur egungo gaia da eta ibilgailu mota honen inguruan euskal kontsumitzaileen portaera aztertzea interesgarria iruditu zitzaidan. Ikerketatik ondorio batzuk atera dira.
EAEn ibilgailu elektrikoaren erabilera handitu da, baina soilik matrikulazioen 3,9% zen 2022an, Espainiako Estatuko batezbestekoa baino baxuagoa. Zergatik erabiltzen da auto mota hau gutxiago hemen?
Hainbat faktorek eragiten dute. Alde batetik, kontsumitzaileek auto elektrikoen erabilgarritasuna ikusi behar dute, adibidez, autonomia edo kargatzeko denbora bezalako ezaugarriak hartu behar ditugu kontuan. Horri gehitu behar diogu EAEn karga puntu gutxi daudela. Beraz, arrazoietako bat izan daiteke kontsumitzaileek ez dutela ibilgailu elektrikoaren erabilera praktikoa ikusten.
Beste aldetik, hemen garraio publiko oso ona dugu, eta horrek eragiten du jende askok mugikortasun jasangarria lortzeko bide hobe eta merkeagoa bezala ikustea zerbitzu publikoaren erabilera.
Bezeroaren erosketa asmoak aztertu dituzu. Zein faktore hartu dituzu kontuan?
Lehenik eta behin argitu nahi dut jokabide planifikatuaren teoria, ingelesez Theory of Planned Behavior erabili dudala oinarri gisa eredua sortzeko. Eta hau zergatik? Erosketa konplexuak azaltzeko oso baliagarria delako eta ibilgailu elektriko baten erosketa azaltzeko oso eredu ona delako. Gero, eredu horretarako aztertu ditudan aldagaiak izan dira: balio ekonomikoa, balio funtzionala (ibilgailu elektrikoen erabilgarritasun praktikoa ikustea) eta balio hedonikoa (gidatze esperientzia). Aztertu dut nola eragiten duten balio horiek ibilgailu elektrikoarekiko jarreran.
Ondoren, jarrera horrek gizartearen eraginarekin, hau da, besteen iritziekin eta ibilgailu elektrikoen inguruko ezagutzarekin erosketa asmoan nola eragiten duen ikertu dut.
"Hemen garraio publiko oso ona dugu, eta horrek eragiten du jende askok mugikortasun jasangarria lortzeko bide hobe eta merkeagoa bezala ikustea zerbitzu publikoaren erabilera"
Zein esango zenuke dela zuretzat faktore garrantzitsuena edo gehien eragin duena jendeak erosketa erabakitzerako garaian?
Erosketa asmoan jarrera da garrantzitsuena. Ikerketan saiatu naiz jarrera aztertzen eta ia zer aldagaiek azaltzen zuten hori. Horregatik, sartu dut lanean balio ekonomikoa, balio funtzionala eta balio hedonikoa.
Galdetegi bat egin zenuen jendearen kontsumo ohiturak ikusteko. Zer galdetu edo bilatu nahiz zenuen horrekin?
Galdetegiaren bidez, kontsumo ohiturei buruzko informazioa jaso nahi nuen. Alde batetik, lortu nahi nuena zen proposatzen nituen aldagaiak fidagarriak zirela baieztatzea, eta, beste aldetik, aldagai horiek erosketarako asmoan nola eragiten zuten aztertzea.

Zer emaitza nagusia edo datu atera dituzu bertatik?
Guztira 323 pertsonek bete zuten galdetegia, baina hainbat irizpide aplikatu ondoren, EAEn bizitzea esaterako, 276 laguneko lagina lortu nuen. Gehienak 18 urtetik 35 urte bitarteko gazteak ziren eta nagusiki langileak eta ikasleak. Inkestatutakoen %9k ibilgailu elektrikoa zuten. Lortutako emaitzek baieztatu zituzten hasieran planteatu genituen hipotesi gehienak. Esaterako, ikusi genuen portaeraren inpaktuak, balio funtzionalak, ekonomikoak eta hedonikoak modu positiboan eragiten dutela ibilgailu elektrikoarekiko jarreran.
Erosketari asmoari zuzenean eragiten dioten faktoreei begiratuta, jarrera, gizartearen eragina eta ibilgailu elektrikoen inguruko ezagutza izan ziren garrantzitsuenak.
Zein ondorio nagusi nabarmenduko zenuke lan osotik?
Ondorio nagusietako bat da jendeak ibilgailu elektrikoarekiko duen jarrera funtsezkoa dela. Azken batean, jarrera da erosketa erabakia baldintzatzen duen faktore nagusietako bat eta jarrera hori hainbat elementuk baldintzatzen dute: balio funtzionalak, balio ekonomikoak, baita balio hedonikoak ere. Ingurukoen eraginak eta pertsona bakoitzak ibilgailu horien inguruan duen ezagutzak ere badute garrantzia. Eta, bitxikeria moduan, ingurumenarekiko kezka ez da zuzenean erosketa asmoarekin lotzen, baina bai zeharka, portaeraren inpaktuaren bitartez, hau da, ingurumenaren inguruan sentsibilizatuago dauden pertsonek hobeto baloratzen dute ibilgailu elektrikoa. Horrek jarrera positiboa sortzen du eta, beraz, erosketa asmo handiagoa.
"Ingurumenarekiko kezka ez da zuzenean erosketa asmoarekin lotzen, baina bai zeharka, portaeraren inpaktuaren bitartez, hau da, ingurumenaren inguruan sentsibilizatuago dauden pertsonek hobeto baloratzen dute ibilgailu elektrikoa"
Lanean azaltzen duzu ibilgailu elektrikoa ez dela gehienentzat ingurumenean inpaktu positiboa sortzeko aukerarik onena. Hor egon daiteke arazoa?
Nire ustez hori izan daiteke arrazoietako bat. Ikusi dugu jende askok, bereziki EAEn, jada badituela beste ohitura jasangarri batzuk, garraio publikoa erabiltzea, bizikletaz mugitzea, oinez ibiltzea… eta hemen garraio publikoak oso ondo funtzionatzen duela kontuan hartuta askok sentitzen dute jada eragin positiboa egiten ari direla ingurumenaren alde, ibilgailu elektrikorik erosi gabe. Hori dela eta, ingurumenarekiko kezka handitzen den arren, ez da beti erosketa asmoan bihurtzen. Jende askok ez du ibilgailu elektrikoa aukerarik zuzenena edo beharrezkoena bezala ikusten jasangarria izateko. Hor egon daiteke oztopoetako bat.
Ekarpen praktikoak ere aipatzen dituzu lanean. Zertan lagundu dezake zure ikerketak enpresei?
Lan honek hainbat ideia interesgarri eman diezaieke enpresei. Lehenik eta behin, baieztatzen da jendeak ikusten duenean ibilgailu elektriko batek ingurumenaren aldeko eragin positiboa duela jarrera hobetu egiten dela eta horrek erosketa asmoa handitzen duela. Beraz, marketin kanpainetan arreta jarri beharko lukete alderdi hori ondo komunikatzeko, eta horretarako datu zehatz eta fidagarriak erabili, fabrikazioaren kutsadura edo baterien kudeaketaren inguruko informazio negatiboak konpentsatzeko. Gainera, garrantzitsua da mezuak egokitzea kontsumitzaile motaren arabera, pertsona guztiek ez baitute gauza bera baloratzen. Ingurumenean gehiago pentsatzen duten pertsonei mezu bat bidali behar zaie eta eraginkortasun ekonomikoa bilatzen dutenei beste bat.
Gero, balio funtzionala eta ekonomikoa oso garrantzitsuak dira jarreran. Hortaz, oso beharrezkoa da autonomia, mantentze kostuak edo dirulaguntzak ondo komunikatzea. Balio hedonikoak pisu txikiagoa izan arren, emozioak lantzea, test driveak eskaintzea edo errealitate birtualeko simulazioak egitea oso eraginkorra izan daiteke.
Azkenik, badira beste bi alderdi askotan ahazten direnak: marka irudia eta gizartearen eragina. Balio jasangarriarekin lerrokatutako marka sendoa eraikitzea eta greenfluencer edo halako enbaxadoreekin lan egitea oso eraginkorra izan daiteke. Horrez gain, garrantzitsua da enpresek jendeari informazioa ematea ibilgailu horiek nola funtzionatzen duten eta zer abantaila dituzten ulertarazteko. Geroz eta gehiago jakin orduan eta prestatuago egoten da jendea ibilgailua probatu edo erosteko.
"Ingurumenarekiko kezka handitzen den arren, ez da beti erosketa asmoan bihurtzen"
Nola ikusten duzu, oro har, ibilgailu elektrikoaren etorkizuna hemen?
Aurten gertatu diren hainbat gauzaren ondoren, gero eta argiago dut ibilgailu elektrikoa ez dela izango etorkizuneko ibilgailua, behintzat ez orain arte planteatu den moduan. Adibidez, Mercedes edo Volkswagen bezalako talde handiek itxi egin dute ibilgailu elektrikoak fabrikatzen zituzten lantegi batzuk Europan, eskari baxua dela eta. Hemen emisio gutxiko eremuak ezartzen ari dira, jendeak ibilgailuak eros ditzan, baina uste dut inposizio horiek ez dutela erantzun positiborik ekarriko. Jendeak ez du ondo hartzen derrigortuta sentitzea, eta horrek kontrako efektuak ere izan ditzake. Nik uste dut garrantzitsuagoa dela gizartea heztea, eta azaltzea zergatik izan daitekeen positiboa aldaketa hau. Horretarako uste dut oso lagungarriak izan daitezkeela nire ikerketan azaldu ditudan aldagaiak.
Iparraldean emisio gutxiko eremua bertan behera utzi dute. Beraz, argi dago gauzak ez doazela denek espero zuten biderantz. Ez dut uste ibilgailu elektrikoa izango denik etorkizuneko mugikortasunaren erantzun bakarra edo behin betikoa. Aldaketa etorriko da, hori bai, baina ziurrenik beste bide batzuetatik.
Eta zein ibilgailu uste duzu erabiliko dela etorkizunean?
Gasolina eta diesel autoak jarraituko ditugu erosten eta horiek izango dira etorkizuneko ibilgailuak. Agian, hidrogenozko autoak ere izan litezke etorkizunekoak, baina uste dut heldu gabe dagoela ibilgailu mota hori.