EAEko enpresak Europako estrategiarako prestatuko dira Basque Circular Summiten

2025eko edizioaren lema “Time for Action” izango da

Gaur goizean aurkeztu dute 2025eko edizioa | Argazkia: Basque Circular Summit Gaur goizean aurkeztu dute 2025eko edizioa | Argazkia: Basque Circular Summit

Gaur goizean aurkeztu dute Basque Circular Summit ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldia. Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da antolatzailea, eta aurrez iragarri zuten moduan, apirilaren 2, 3 eta 4an egingo da Euskalduna Jauregian (Bilbo).

Antolatzaileek topaketaren helburua nagusia azpimarratu dute: Europako Batzordearen plangintza berriaren, araudiaren eta berriki onartu den Itun Industrial Garbiaren inplikazioak jorratzea. Hala, euskal enpresek aurrea hartzea lortu nahi dute, ekonomia zirkularrari eta deskarbonizazioaren erronkei dagokionez.

Izan ere, Europako batzordeak lehiakortasuna indartzeko estrategia berria garatu zuen iaz, Draghiren txostena inspirazio izanik; aurten, estrategia hori osatzeko Itun Industrial Garbia argitaratu dute, sektore industrialean ekonomia zirkularra sustatzeko, ingurumen-aztarna murrizteko eta sektorearen efizientzia indartzeko. Topaketaren bitartez, euskal industriari erakutsi nahi zaio Europako plangintza eta estrategia horiek nola eragingo duten, eta “inplikazio guztiak aztertuko dira”.

Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoaren sailburuordeak adierazi du EAE “erreferentea” dela eta “izaten jarraitu nahi” duela Europako beste herrialde eta eskualde batzuentzat, eta gaineratu du EAEk “konpromiso irmoa” duela trantsizioarekin, “beharrezkoa” izateaz gain eskualdeko enpresentzako “aukera handia” delako.

Informazio gehiago Bilbon egingo da ekonomia zirkularrari buruzko Basque Circular Summit topagunea

Azaldu dutenez, 140 hizlari bilduko dira egitasmoan hiru egunetan zehar, eta dagoeneko 1.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena. 3 gunetan banatuko da programa, “Time for Action” lelopean, eta Basque Circular BEST 2025 sariak ere banatuko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK