
Basque Circular Summit 2025 topagunea antolatu du Ihobek apirilaren 2, 3 eta 4an, Euskalduna jauregian (Bilbo). Kongresuan ekonomia zirkularra landuko da, eta “ehunka” profesional gerturatuko direla esan dute antolatzaileek.
Hiru gune nagusitan banatuko da topaketa: Forum, Expo eta Village. Lehenengoa aditu eta erreferenteen topaketa foro gisa aurkeztu dute; bertan, osoko bilkurak egingo dira eta txostenak aurkeztuko dira. Expon “konponbide zirkularrak” (produktuak zein zerbitzuak) erakutsiko dira, eta Basque Circular Best saria eskainiko zaio horietako bati. Village izeneko gunea networkingerako izango da, enpresa zein erakundeek “ekonomia zirkularrean dauden gaitasunak ezagutu eta partekatzeko”, eta, aldi berean, “laguntza sareak ezartzeko”.
Prentsa-oharrean lau hizlari nabarmendu dituzte, zeinak ekonomia zirkularraren etorkizunari “zuzenean eragiten dioten funtsezko gaiak” jorratuko dituzten: Brenda Chaves kazetari eta ikertzailea, jasangarritasunean eta kontsumoaren kulturan espezialista; Janez Potocnik Baliabideen Nazioarteko Paneleko presidente kidea; Helena Viñes ekonomialaria, besteak beste Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko kontseilaria eta EBko Finantza Iraunkorren Plataformako presidentea; eta Monica Chao enpresa jasangarritasunean espezialista eta WASen sortzailea.
Sarrera doakoa da, eta jada zabalik dago izena emateko epea web orriaren bitartez.