BCCk GOe eraikinari buruzko saio irekia egingo du gaur

Azaro amaieran hasi nahi dituzte eraikitze lanak, eta prozesuari buruzko xehetasunak emango ditu BCCk, Amenabar eta Lur Paisajistak enpresekin batera

Argazkia: BCC Argazkia: BCC

Basque Culinary Centerrek azaro bukaeran du GOe eraikitzen hasteko asmoa. Donostiako hiritarren artean hautsak harrotu dituen auzia izan da, eraikinaren kokalekua edota ingurumenean izan dezakeen inpaktua dela eta. Horiek eta beste hainbat zalantza argitzeko, eraikitze prozesuaren inguruko xehetasunak azaltzeko saio irekia antolatu du BCCk gaur arratsaldean, 18:30tan, Okendo Kultur Etxean.

Gastronomia erakundearekin batera Construcciones Amenabar eta Lur Paisajistak enpresek parte hartuko dute solasaldian. Izan ere, Amenabarrek eraikiko du GOe eta Oiartzungo enpresa arduratuko da paisaiaren diseinuaz. 17 hilabeteko lana izatea aurreikusten dute, eta 2025eko udaberrian amaitu nahi dute azpiegitura.

Herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragin nahi dietela azaldu dute BBCtik, eta Nafarroa hiribidea trafikoarentzat ez dela itxiko argitu dute, “unean uneko premiengatik izan ezik”. Aitzitik, eraikinarekin muga egingo duen Nafarroa hiribideko espaloia segurtasun arrazoiengatik moztu egingo dutela jakinarazi dute.

Gaurkoaz gain, beste hiru “partaidetza saio” egingo dituztela nabarmendu dute, eta herritarren arretarako informazio bulego bat zabalduko dute, “eraikuntzari buruzko zalantzak eta kontsultak helarazteko aukera izan dezaten”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK