• JASANGARRITASUNA
  • Bizkaiko enpresen trantsizio ekologikoari buruzko txostena aurkeztu dute Aclimak eta Beazek

Bizkaiko enpresen trantsizio ekologikoari buruzko txostena aurkeztu dute Aclimak eta Beazek

Bizkaiko enpresentzako lagungarriak diren tresnak jaso dira azterlanean: dirulaguntza programak eta zerga kenkariak, esaterako

Europako Itun Berdean jasotako neurriei buruz duten pertzepzioa aztertu dute | Argazkia: iStock
Europako Itun Berdean jasotako neurriei buruz duten pertzepzioa aztertu dute | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 11a
Eg. 2025eko apirilaren 11a

“Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun eredu berriak” txostena argitaratu dute Beazek eta Aclimak. Azterlanean fokua jarri dute Bizkaiko enpresek Europako Itun Berdean jasotako neurriei buruz duten pertzepzioan eta aurrerapen mailan.

 

2019an argitaratu zen itunak estrategia berria ezarri zuen, helburu izanik Europar Batasuneko ekonomia eraldatzea eta baliabideak modernizatzea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna sustatzeko. Europako Batzorde berriak 2024ko uztailean berretsi egin zuen ituneko helburuekiko konpromisoa, eta Industria Itun Garbia ere argitaratu zuen, zeinak neutraltasun klimatikoaren aldeko apustua berresten zuen.

Testuinguru hori kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal izeneko akordioa sustatu zuen, energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko asmoz, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Danontzat 2022-2027 Planean ere jaso zuen “eredu ekonomiko oparo eta berde baten aldeko apustua, Europako helburuekin bat datorrena”.

 

Hala, gaur aurkeztu duten txostenean neurtu egin dira trantsizio ekologikoari buruz lantzen ari diren jarduerak eta enpresen inplikazio maila. Bizkaiko enpresentzako tresna lagungarriak ere azaltzen dira: dirulaguntza programak, zerga kenkariak eta bestelako zerbitzuak. Gainera, eskura jarri dute “ingurumen produktuei eta zerbitzuei buruzko katalogo espezifikoa”.

Txostena gauzatzeko ikerketan parte hartu dute hamalau garapen agentziek, hamar elkarte eta klusterrek, zazpi teknologia eta ezagutza zentrok, baita enpresek eta unibertsitate zentro batek ere. Ondoanek eta Calderon Brandsek ere lagundu dute azterlana garatzen.