Europako Batasunak Euro 7 arauaren aplikazioa atzeratuko duela iragarri du. Herrialde asko ziren arauak ezarritako baldintzak malgutzea eskatzen zutenak, mugikortasun jasangarri baterantz asmo handiegiko helburuak ezarri zirela argudiatuz. Hala, ibilgailuen isuriak mugatuko dituen araua aurreikusi baino beranduago jarriko da martxan. Ibilgailu arinentzat 2025etik 2027 atzeratuko da. 2027tik 2029ra, aldiz, kamioientzat.
Aratxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi duenez, Europako Batasunak hartutako erabakia beharrezkoa zen, “Europako ekonomiaren funtsezko industria-sektore batean izugarriko ziurgabetasuna sortzen ari zelako”. Gainera, “industriak bete ezineko mezuak, eta gizarteak nahiz merkatuak mezu erabat nahasiak jaso” dituela nabarmendu du.
Honela, Jaurlaritzak “errespetuz eta erantzukizunez” hartu du Europatik jasotako erabakia. “Malgutze horrek deskarbonizazio-prozesuetan eta emisioak murrizteko neurrien ezarpenean adi eta erne egotea eskatzen digu”, azaldu du Tapiak.
Era berean, Europako Batasunak ezarritako neurriak indarrean dihardutela gogorarazi du sailburuak, eta horiek “bete egin behar direla”. Neurriak bete ahal izateko bi tresna aipatu ditu: I+G+B eta teknologia.