'Bidezko' mugikorrak hamar urte

Gailu modularretan aitzindari izan da Fairphonea, baita bidezko merkataritza eta epe luzeagorako mugikorrak sustatzen ere

Argazkia: Fairphone Argazkia: Fairphone

Gailu mugikorren kontsumoak milaka tona hondakin sortzen ditu urtean, eta kasu gehienetan Afrikako zabortegietan uzten dira, behar bezala birziklatu gabe. Ingurumenaren eta bidezko merkataritzaren aldeko kontzientzia soziala gero eta handiagoak, baina, bestelako irtenbideak bilatzera eraman ditu zenbait. Izan ere, azken hamarkadetan, ingurumena ez zaintzeak izan ditzakeen ondorioei buruzko kezka nabarmen hazi da.

Itsas mailaren igoerak kalte gehien jasateko arrisku handiena duen herrialdeetako bat Herbehereak dira. Kasualitatea izan ala ez, bertan sortu zen Fairphonea, 2013an. Konpainia smartphoneak sortzeko modua berrasmatzeko helburuarekin sortu zen, iraunkortasunean fokuan jarriz. Hain zuzen ere, telefono mugikor modularrei buruz asko hitz egiten zen urte hartan. Joan den hamarkadaren hasieran, smartphoneak iritsi berriak ziren, eta arazo asko sumatzen ari ziren osagaiak ordezkatzeko edo konpontzeko orduan. Hori dela eta, Fairphonek bere lehen gailua urte horretan bertan merkaturatzea erabaki zuen.

Smartphoneak diseinatuta daude erabiltzaileak berak pieza nagusiak ordezkatu ahal izateko. Beste marka batzuetan ez bezala, Fairphone baten erabiltzaileak osagai desberdinak bereizita erosteko aukera du

10 urte geroago, Fairphonek merkatuan jarraitzen du, hasierako motibazioa aldatu gabe. Bestela esanda, ingurumenarekiko arduratsuak diren smartphoneak sortzearen alde jarraitzen du. Horretarako, smartphoneak diseinatuta daude erabiltzaileak berak pieza nagusiak ordezkatu ahal izateko. Beste marka batzuetan ez bezala, Fairphone baten erabiltzaileak osagai desberdinak bereizita erosteko aukera du, eta beharrezkoa ikusten duenean ordezkatu ditzake, adibidez, kolpe bat jasan berri duen pantaila, baita kamera edo karga-portua bezalako beste edozein osagai ere. Diseinu modularrak, beraz, ahalbidetzen du osagaiak erraz aldatu ahal izatea aditua izan gabe, eta LG bezalako markak ere saiatu ziren, baina ez zuten garrantziarik izan. Are gehiago, Fairphone da kutxan tresna berezi bat dakarren smartphone bakanetakoa edo bakarra da, gailua desmuntatu eta erabiltzaileak berak konpondu ahal izateko.

Softwarea bermatu

Softwareak bultzatzen ditu erabiltzaile asko denbora gutxian telefono mugikorra aldatzera. Asko zaharkituta geratzen dira bi urtetan ez baitute eguneratze gehiagorik jasotzen. Esaterako, Androidekin telefono mugikor gehienek duten arazoa da. Kasu honetan, Fairphonek ere Android sistema du, baina fabrikatzaileak ziurtatzen du bi urtez jasoko dituela sistema-eguneratzeak eta hurrengo bost urteetan segurtasun-eguneratzea. Ondorioz, erabiltzaileak ez du smartphonea aldatu behar izango urte gutxiren buruan.

Fairphonetik agintzen dute smartphonearen fabrikazioan erabiltzen diren material guztiak bidezko merkataritzatik datozela, eta ziurtatzen dutela materialak estrailatuz lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak ezin hobeak direla

Horrekin batera, smartphone bat fabrikatzeko egun dagoen arazo garrantzitsuenetako bat dira hura ekoizteko beharrezkoak diren materialak. Smartphonek material arraroak eta metalak dituzte, hala nola urrea. Kasu gehienetan, material horiek herrialde pobreetan kokatutako meategietatik datoz, eta bertan esklabo bihurtutako pertsonak eta haurrak dira material horiek ateratzeko lan egiten dutenak. Fairphonetik agintzen dute smartphonearen fabrikazioan erabiltzen diren material guztiak bidezko merkataritzatik datozela, eta ziurtatzen dutela materialak estrailatuz lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak ezin hobeak direla. Gainera, telefono mugikorra eraikitzeko erabilitako material asko birziklatu, birzikla edo biodegradagarriak dira, adibidez, atzeko karkasa. Are gehiago, egun saltzen diren smartphone gehienek bezala, Fairphoneak ez du kutxan kargagailurik, argudiatzen baitute erabiltzaileek dagoeneko baduten osagarria dela eta kasu gehienetan ez dela erabiltzen.

Marka handiak ere?

Bai marketin-estrategiagatik, bai enpresa handiak planetaz gero eta gehiago arduratzen direlako, Samsungek bere Galaxy S23 berriak aurkeztu zituen joan den astean. Samsungek garrantzi handia eman zion bere gailu berriaren konpongarritasun-gaitasunari, eta, aldi berean, erabilitako materialak nabarmendu zituen, ehuneko handi batean birziklatuko direla agintzen baitute. Samsungek softwareaa ere nabarmendu zuen, bere gailuak denbora gutxian zaharkituta geratuko ez direla bermatzeko.

Badirudi Fairphonek hasi zuena marka handiek beren gailuetara egokitzen dutela. Hazten ari da ingurumenaren aldeko kontzientzia soziala, eta erabiltzaileek teknologia jasangarria eskatzen duten. Gailuek gero eta eguneratze gehiago jasotzen dituzte, eta, horrela, urte gehiago iraun dezakete. Horren ondorioz, smartphonen salmenta murriztu egiten da lehen aldiz, eta areagotu egin dira bi urte baino gehiagoko gailuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK