Bilboko Udalak martxan jarri du gazteentzako 'Green Sormena' ekimena

Gazteek egindako proiektuentzako deialdia ere irekiko da, teknologia eta jasangarritasunarekin zerikusia duten lanak ezagutarazteko

Egitasmoa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago | Argazkia: iStock Egitasmoa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago | Argazkia: iStock

Bilboko Udalak aurkeztu berri du “Green Sormena - Artea, teknologia eta jasangarritasuna” programa, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Ekimenaren helburua gazteak artearen, teknologiaren eta jasangarritasunaren arloetara hurbiltzea da, esperientzia teoriko-praktiko baten bitartez. Programa Gheada estudioak koordinatuko du, eta La Perreran gauzatuko da, hiru fasetan: Talk & Show bat, hiru laborategi praktiko eta proiektuetarako deialdi ireki bat.

Lehenengo fasean, urriaren 22an, Talk & Show bat egingo da, artea eta jasangarritasuna gai nagusi hartuta. Bertan, hainbat artistak parte hartuko dute, besteak beste, Ce Pamsek, Ra Asensik eta Efe Ce Elek, eta proposatutako gaiak landuko dituzte ikus-entzunezkoen eta performancearen bidez.

Bigarren fasean, azaroan zehar, hiru "laborategi" egingo dira, doakoak. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Artistek eta profesionalek gidatuko dituzte saioak, eta gazteek aukera izango dute lan-prozesuak eta teknikak bertatik bertara ezagutzeko. Laborategi bakoitza gai zehatz bati buruzkoa izango da, eta hala dute izena: Fungical Language: mintzaira fungikoaren hastapenak (azaroaren 9an), Imajinario jasangarriak adimen artifizialarekin (azaroaren 16an) eta Guerrilla Mapping-Videomapping jasangarria (azaroaren 30ean).

Azkenik, deialdi ireki bat antolatuko da artearen, teknologiaren eta jasangarritasunaren arloetan proiektuak garatzen dituzten gazteentzako. Epaimahaiak bi proiektu aukeratuko ditu aurkeztutako ekimenen artean, eta irabazleek Gheada estudioaren mentoretza eta 3.000 eurorainoko dirulaguntza jasoko dute haien proiektuak garatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK