
Bioekonomia Polo berria eraikiko du Gueñesen (Bizkaia) Sprilurrek, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak. Proiektua Eskualde Plan Estrategikoaren (EPE) barnean dago, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, orain arte erabili ez den 2.857 metro karratuko espazioa leheneratzea eta berreskuratzea; bestetik, “trakzio-poloa” eratzea, alegia, bioekonomiarekin zein biomaterialaren diseinuarekin edota ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten jarduerak bultzatzeko espazioa sortzea.
Gauzak horrela, garai batean Muebles Vicaya enpresaren pabiloia zen espazioan 3.157 metro karratuko azpiegitura eraikiko da. Azaldu dutenez, lau solairutako eraikina egiterako orduan kontuan edukiko dira jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa: panel fotovoltaikoak erabiliko dira, baita bero-berreskuragailu zentralizatuak ere; kontsumo sektorizatuez gain, kanpo urbanizazioan berdegune berriak egingo dira, eta bertako espezie autoktonoetako zuhaitzak zein landareak egongo dira. Hala, eraikinaren ingurumen-portaera “egokia” dela baieztatu du Sprilurrek, eta gaineratu du “lanak egiteko materialak eta elementuak birziklagarriak” direla, gehien bat prefabrikatuak.
Azpiegitura osoa egikaritzeko epea hamabi hilabetetakoa izatea aurreikusi da, eta 4,25 milioi euroko inbertsioa egin beharko da. Sprilurren ustetan Bioekonomia Poloa “berrikuntzaren eta ekintzailetzaren motorra izango da Enkarterrin, bioekonomiarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako teknologietan”.