Bioterra azoka ekologikoa ekainaren 6tik 8ra egingo da

Kontsumo arduratsua, elikadura kontzientea eta bizi-ohitura osasungarriak landuko dira, besteak beste, hitzaldi eta tailer praktikoen bitartez

Bioterraren 22. edizioaren aurkezpena | Argazkia: Ficoba
Bioterraren 22. edizioaren aurkezpena | Argazkia: Ficoba
2025eko apirilaren 16a

Bioterra nekazaritza ekologikoaren azoka egingo da ekainaren 6tik 8ra bitartean, Irungo Ficoban. Orain arte egin den moduan, 22. edizioan ere elikadura kontzientea, bizi-ohitura osasungarriak eta kontsumo arduratsua landuko dira; showcookingak egingo dira, nutrizioari eta kosmetika ekologikoari gunea eskainiko zaio, dokumentalak proiektatuko dira, eta hitzaldi zein tailer praktikoez gozatzeko parada ere izango da. Dagoeneko 85 enpresa erakusketarik baieztatu dute azokan parte hartuko dutela.

 

Azokaren aurkezpenarekin batera, antolatzaileek zenbait datu eskaini dituzte: 2024an %18 handitu da zigilu “ekologikoa ziurtagiria dutenen azalera”, orotara, 12.677 hektarea izanik. Hala ere, EAE Europako Itun Berdetik urrun dago oraindik ere, nekazaritza-lurren %6,7k baitu ziurtagiri ekologikoduna (Europak lurren %25 ekologikoa izatea ezartzen du 2030 urterako). Bestalde 768 profesionalera igo da (iaz baino %39 gehiago) nekazaritza ekologikoaren ziurtagiridun kopurua; Gipuzkoan dago horien ehuneko handiena, 294 profesional.

Bestalde, Ekolurra-ENEEK erakundeak jakinarazi du bilatzaile berria jarri duela martxan, hots, EAEko produktu ekologikoak aurkitzeko tresna. Hala, produktu horiei eskuragarritasuna ematea eta erosketa eredu ezberdinak ikusaraztea da helburua.

 

Berrikuntzak ere egongo dira edizio berrian. Antolatzaileek iragarri dute Bioterran egingo dela Gazteak On sarien banaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan antolatutako proiektua da sariketa, eta DBHko gazteei eta ikastetxeei zuzenduta dago, xede izanik “elikadura jasangarriaren inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzea”.

Gainera, bigarren eskuko bizikleta saldu nahi dutenek Ficoban entregatzeko aukera izango dute, Bioterra hasi baino astebete lehenagotik, iaz egin zen bezala, Merka2dasoa bigarren eskuko merkatua antolatuko baita