Oinarri begetala duten produktuen sektorea bidea zabaltzen ari da azken urteotan. Elikagaien esparrua da segur aski sektorean diru gehien mugitzen duena. IMARC aholkularitza-etxeak eginiko azterketa baten arabera, merkatuaren balioa 50.000 milioi eurokoa izan zen 2023an, eta 2028rako 95.000 milioi euroraino iritsi daiteke, urteroko hazkundea %13,9koa izanik. Vegetal/es elikagai eta edari begetalen Espainiako ekoizleen elkarteak sektorearen eragin sozioekonomikoari buruzko azterketa egin du lehen aldiz AFI etxearekin. Horren arabera, 60 bat enpresek osatzen dute egun sektorea, eta iaz 600 milioi euroko salmentak izan zituzten, aurreko urtetik %9,4 hazita. 2025erako beste %10eko hazkundea aurreikusi dute. Frantzian oinarri begetaleko elikagaien eskaera 648 milioi eurokoa izan zela dio GFI Europe fundazioak, 2022tik hazkundea %2koa izanik (gehiena inflazioagatik).
Beste adibide bat da kosmetikarena, datozen urteetan ere dezente haziko dena. Mundu mailan 2020tik 2027ra bitarte urtero %9,8ko hazkundea izan dezakeela dio Market Research Future kontsultorak, 31.540 milioi euroan kokatzeraino,
IMARC aholkularitza-etxeak eginiko azterketa baten arabera, oinarri begetala duten elikagaien merkatuaren balioa 50.000 milioi eurokoa izan zen 2023an, eta 2028rako 95.000 milioi euroraino iritsi daiteke
Produktu horien ekonomiak zerikusi handia du gizartean apurka piztu den kontzientziarekin, tartean beganismoak egin duen tokiarekin. Horregatik mugaren bi aldeetan plant based produktuekin lanean ari diren hainbat enpresa, ekintzaile eta egitasmo elkartuko ditu abenduaren 6tik 8ra Be Veggiek, Ficoban (Irunen). Urtero egiten den festibal beganoak, %100ean bizitza begetala aldarrikatu nahi du, animali esplotazioa alde batera utziko duena eta jasangarria izango dena.
Azokan parte hartuko duen egitasmoetako bat izango da Garagar Torréfaction. Itxassoun kokatua, Leslie Veisseren egitasmoa da. Veissek garagar kafea ekoizten du, eta Euskal Herriko garagar kafearen berpizkundea bultzatu nahi du. "Antzinako dokumentu batekin egin dut topo, emakume batena, Bizkaikoa. Kontatzen du garagar-kafea edaten zutela kaferik ez zuten garaian. Egun kafea asko kontsumitzen denez, hura ahaztu dugu. Baina tradiziozkoa da eta baserrietan ere edaten zen", kontatu du.
Leslie Veisse (Garagar): "Garagar kafea tradiziozkoa da eta baserrietan ere edaten zen"
Negozioa abuztuan jaio bazen ere, urte eta erdiko sukalde-lana dago —atelierraren bilaketa, negozio-planaren garapena...—. Lehengaia lortzeko, Behaskane-Laphizketan (Nafarroa Beherean) garagar bioa kultibatzen duen Gillen Etcheverry du hornitzaile Veissek. "Garagar martxan jarri nuen ez nuelako topatzen kafearen alternatibarik, artisaua izango zena eta tokikoa", azaldu du. Txikoria eta dendetan topatzen diren produktu deshidratatuez harago joan nahi zuen, ahalik eta gutxien eraldaturikoa. "Nik jatorri italiarra dut amaren partetik, eta Italian garagar kafe ugari edaten da. Horregatik duela asko ezagutzen nuen".
Oraingoz, Itxassou, Baiona, Angelu edo Ziburuko janari-dendatan topa daiteke produktua, baina Hegoaldera ere zabaldu nahi du. "Monoproduktua da, momentuz, baina nahiko nituzke garatu bestelako errezetak, kapsulak... Eta nahiko nuke lan egin garagarraren antzinako barietateak berreskuratzeko, barietate horiek egungoak baino nutritiboagoak baitziren".
Tokikoaren kontsumoaren alde egitea ezinbestekotzat jotzen du Veissek, baita gertu dauden ekoizleekin lan egitea. "Beganismoak horrekin ere zerikusia du"
Aurretik, baina, bidea du egiteko, eta hasteko, Be Veggien produktua dastatzeko aukera eskainiko du Veissek, "baita hura erosteko ere, eta kafea prestatzeko ekipamendua". Tokikoaren kontsumoaren alde egitea ezinbestekotzat jotzen du, baita gertu dauden ekoizleekin lan egitea. "Beganismoak horrekin ere zerikusia du", dio.
Arropa beganoa, betiere jasangarria bada
Elikagaien sektorea atzera utzita, Euromonitorrek eginiko inkesta baten jasotzen denez, moda sektoreko konpainien %45,7k aurreikusi du artikulu beganoak ateratzea. Animaliak erabiltzen edota gaizki tratatzen ez dituen moda da beganoa. Baina ez soilik amaierako produktuetan, baizik eta balio-kate guztian, lehengaietatik hasita, salmentaraino. "Elikaduran asko hitz egin ohi da beganismoaz, baina ez hainbeste moda beganoaren kontsumitzaile izateaz", mahaigaineratu du Airí Ferrer Fashion Revolution Euskadiko koordinatzaileak. Hezkuntza, ikerketa eta sustapenaren bitartez, gizarte guztiarentzako —kontsumitzaileak, kazetariak, legelariak, markak, hornitzailea, ikasleak...— moda esparruko sentsibilizazioa bultzatzea da Fashion Revolution egitasmoaren helburua, baita gizarteari tresnak ematea ere, "trantsizioa bultzatzeko kontsumo eta ekoizpen jasangarriago, sanoago eta logikoago baterantz".
Geroz eta ohikoagoa da, esaterako, tradizioz animalietatik eratorritako larruarekin egin ohi diren produktuak —poltsak, zapatak, txaketak...—, oinarri begetala duten lehengaiekin eginikoak izatea. "Material teknologiko berritzaile ugari daude landareak oinarri dituztenak. Biomaterialak, kombucharekin, sagarrarekin edo piñarekin eginiko larrua, laranjazkoa... Asko garapen bidean daude, baina beste batzuk merkatuan topatu ditzakegu arrazoizko prezio baten, metroka", adierazi du Ferrerrek.
Airí Ferrer (Fashion Revolution Euskadi): "Material teknologiko berritzaile ugari daude landareak oinarri dituztenak. Biomaterialak, kombucharekin, sagarrarekin edo piñarekin eginiko larrua, laranjazkoa..."
Dena den, produktu beganoak sustatzeak ez du zertan esan zuzenean jasangarritasuna bermatzen ari garenik. "Askotan gertatu da begano terminoak beste errealitate bat ezkutatu duela: produktu gehienak %100ean plastikoz eginikoak izatea. Marka askok bat egin dute beganismoarekin euren irudia garbitzeko, eta hura ordezkatzeko erabilitako alternatiba ez da jasangarria", aldarrikatu du Fashion Revolution Euskadikoak.
Animalietatik eratorritakoak izanik ere, jasangarritasunezko zigiluak dituzten produktuen erabilerari eustea interesgarria dela uste dute Fashion Revolutionetik, are beharrezkoa. Karrantzako artilea jarri du horren adibide. "Ardiei ilea moztu behar zaie bai ala bai urtean bitan. Beharrezkoa da espeziak biziraun dezan, eta gainera, bestela, material hori erre edo lurperatu egiten da. Prozesu hori modu jasangarrian egin daiteke", defendatu du, betiere artzaientzako ordainketa duina bermatuta.
Produktu beganoak sustatzeak ez du zertan esan zuzenean jasangarritasuna bermatzen ari garenik. "Askotan gertatu da begano terminoak beste errealitate bat ezkutatu duela: produktu gehienak %100ean plastikoz eginikoak izatea"
Ferrer ere Be Veggie azokan izango da, Moda jasangarria eta beganoa izeneko mahai-ingurua moderatzen. Lara Cañizo Emaus Gizarte Fundazioko Denda koordinatzaileak eta My Vegan Closeten sortzaile Silvia de la Fuentek hartuko dute parte bertan. "Moda beganoa, jasangarritasuna, ehungintzako hondakin bilketa... izango ditugu hizpide, besteak beste", amaitu du.