Basogintza sektorearen jasangarritasuna sustatzeko 5.723.801,21 euroko aurrekontua onartu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohar bidez azaldu dutenez, laguntza honek eukaliptoarekin basoberritzeak egiteko ezarritako mugei eutsiko die eta indartu egingo ditu basoen kudeaketa jasangarriagoa sustatzeko ereduen laguntzak.
Halaber, aldundiak adierazi du baso autoktonoen kontserbazioa eta baso aloktonoen ordez bertako espezieak jartzea dutela helburu.
Dirulaguntzak bi jarduera ildo nagusi izango ditu. Lehenak 599.129,24 euroko aurrekontua du, eta jabeen elkarteei, mankomunitateei, administrazio-batzarrei eta udalei zuzenduta dago. Baso-pistak eraikitzeko, egokitzeko, hobetzeko eta mantentzeko erabiliko dira.
Bigarrenak 5.124.671,97 euroko aurrekontua du. Baso-sartzeak eta baso-azalera berrien sorrera, basoetan eragindako kalteen prebentzioa eta kalteak konpontzeko lanak, ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketetarako inbertsioak, eta kudeaketa-plan teknikoak eta basoak hobetzeko proiektuak egiteko prozesuetara bideratuko dira laguntzak.
Laguntzak eskatzeko epea bihar irekiko da eta apirilaren 25era arte egongo da zabalik.