
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Deskarbonizazio Industrialeko Programa martxan jartzeko izapidetzeari. Denera 22 milioi euroko dirulaguntzak bideratuko dituzte enpresa industrialetara, ekoizpen-instalazioetan inbertsioak egiteko aukera izan ditzaten. Azken helburua da enpresa industrialek berotegi-efektuko gas gutxiago sortzea eta ekoizpen-prozesuetan deskarbonizazioa garatzeko aukera izatea.
Programa izapidetzeko fasera pasa behar bada ere, dagoeneko zabalik dago aurreeskaera egiteko aukera. Halaber, aukera dago programa ofizialki ireki aurretik egindako inbertsioak ere aurkezteko. Enpresa bakoitzak gehienez ere 1,5 milioi euroko laguntzak eskatu ahalko ditu arestian aipaturiko inbertsioei aurre egiteko, betiere fase hasierari bultzada emateko, besteak beste: lehendik dagoen ekoizpen-prozesuarekin zuzenean lotzen den makineria erostera, edo produkzio-prozesurako osagai osagarriak erostera; ekoizpen-instalazioak hobetzera; edota establezimendu berriak eta existitzen ez diren ekoizpen-lerroak erostera.
Programaren bigarren edizioa izango da aurtengoa. Iazkoan 17,8 milioi euroko inbertsioa egin zuen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak, SPRIren bitartez, eta 58 enpresa izan ziren onuradunak. Batez besteko laguntza 303.000 eurokoa izan zen eta denera 85,6 milioi euroko inbertsioa egin zuten enpresek, panel fotovoltaikoak jartzeko, energia efizientziako bestelako proiektuetarako edota elektrifikazioari loturikoetarako. SPRIk jasotakoaren arabera, egindako apustuak ahalbidetuko du 10 urtetan erregaien kontsumoa murriztea —1.232.580 MWh elektrizitatean, 1.106.379 MWh gas naturalean, 2.105.000 litro fuel-olioan eta 7.100.000 litro gasolioan—.