Datorren astean irekiko da Ekoetxea Sareko Arabako lehen egoitza

Lantaron udalerriko gune berriak ura izango du ardatz

Ekoetxea Añana-Sobron | Argazkia: Ihobe Ekoetxea Añana-Sobron | Argazkia: Ihobe

Lantaron udalerrian (Araba) Ekoetxea Añana-Sobron izeneko zentro berria irekiko du Ekoetxea Sareak. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak kudeatzen du sarea, eta azaldu dutenez, gune berriaren ardatz nagusia ura izango da.

Uraren Munduko Egunean inauguratuko da Arabako lehen egoitza, martxoaren 22ko asteburuan, eta bertan izango dira zenbait erakundetako ordezkariak: Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea, Adolfo Uriarte Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima aldaketaren zuzendaria, Saray Zárate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatua, Rubén Torremocha Añanako Kuadrillako presidentea eta Francisco Javier Uriarte Lantarongo alkatea.

Ekoetxea-Añana-Sobron asteko egun guztietan egongo da zabalik, interesa duen edonorentzat. Aurkezpen astebururako, ordea, programa berezia antolatu dute: larunbat goizean Israel Gómez sommelierrak egunari hasieran emango dio “Ura ez da ura bakarrik” jardunaldiarekin, non zenbait lekutako urak dastatzeko aukera egongo den. Arratsaldean familientzako “Uraren memoriak” izeneko ekimena egingo da, hiru urtetik gorako haurrak dituzten familientzako ginkana. Iganderako ere pare bat ekitaldi antolatu dira: ipuin-kontalaritza goizean, eta “Sobrongo haitzartetik bidaia sentsoriala” arratsaldean. Jarduerak doakoak izango dira.

Gune berriak “eskaintza berezia” egitea ahalbidetuko duela dio Josu Bilbaok, “urarekin eta honek ingurumenerako duen garrantziarekin lotutakoa”. Saray Zaratek gaineratu du praktikak abiatuko direla uraren kontsumoa aurreztera eta murriztera zuzendutakoak.

Egoitza berriaz gain, “hemendik gutxira” espazio hori osatuko duen beste gunea inauguratuko da Gatz Haranean, zeinak Ekoetxea Añana-Gatz Harana izena edukiko duen. Izan ere, orain arte Ekoetxea Sareak ez zuen egoitzarik Araban, baina bai Gipuzkoan (Azpeitian eta Txingudin) eta Bizkaian (Urdaibain eta Meatzaldean). Hala, ingurumen zentroek hiru lurraldeetan "presentzia orekatua" izango dutela azpimarratu du Bilbao sailburuordeak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK