Basque Food Clusterrek bi proiektu berri jarri ditu martxan, Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) barruan. Ekimen horien helburua da elikadura katea jasangarriagoa eta osasungarriagoa egitea. Egitasmoek Foodateus eta Foodcine dute izena, eta haien bidez EAEko I+G arloa sustatu nahi da.
Foodateus ekimena elikadura katearen deskarbonizazioan oinarritzen da. Analisiak burutzen ditu proiektuak, tokiko datuekin, ingurumen inpaktuak neurtu eta murrizteko. Hala, elikadura katearen jasangarritasuna bermatu nahi da. Proiektua garatzeko elkarlanean aritu dira Eroski, Neiker (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), Azti ikerketa zentroa eta Basque Food Custer.
Foodcine egitasmoari dagokionez, Basque Food Cluster lanean aritu da Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroarekin, baita Bioraba ikerketa sanitarioko institutuarekin ere. Proiektuak elikagaiak eta nutrizio estrategiak garatzen ditu, zahartze osasungarriari lotutakoak, finean, kalitatezko elikadura bermatzeko. Bizi kalitatea hobetzea eta gastu soziala murriztea ere badira helburu, gaixotasunak ekiditen lagunduko duten elikagaiak sortuz.