Amendüze-Unasoko herrian (Nafarroa Beherea) jakin-min handia piztu dute. Astebetez, dozena bat lagun aritu dira herriko gelan, jin-joanean, zertan eta “ekotrebatzen”. Amendüztarrek sobera ezagutzen ez zuten kontzeptua, ezta Ipar Euskal Herriko enpresek ere, oro har. “Konturatu ginen enpresek, trantsizio ekologikoan lan egiten dutenez gain, ez zutela konpromiso handirik ingurumenarekiko”, dio Gaelle Massonek, Bihar institutuko komunikazio-arduradunak. Hala sortu dute Eko-ardura lanean izeneko formakuntza.
Lehena da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta duela urtebete eginiko inkesta bat hartu dute oinarritzat, Massonek azaltzen duenez. “Ipar Euskal Herrian egin genuen galdeketan, enpresarien %84 prest agertu zen ingurumenaren gaineko trebakuntzak jasotzeko. Haien beharrak kontuan harturik ondu dugu ibilbidea: galdegin diegu zer arlotan sentitzen ziren gibelean, zer ikasi nahi zuten”. Ikasturte hasieran egikaritu zen proiektua, eta lehen promozioak oraintxe bururatu berri du lana.
Gaelle Masson: “Ipar Euskal Herrian egin genuen galdeketan, enpresarien %84 prest agertu zen ingurumenaren gaineko trebakuntzak jasotzeko"
Urrats anitzeko ibilbidea proposatu die aste hauetan Bihar institutuak: enpresak dituen behar zehatzak aztertzeko lehen zati bat, hautazko lau-zortzi modulu artean (mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketa, digitalizazio arduratsua…), eta azken egun bat, zeinean enpresek ekintza-plan konkretuak aurkeztu behar dituzten. Masson: “Hor dugu interesik handiena, eguneroko lanean egin ditzaketen keinuez jabetu daitezen, eta hala enpresaren aztarna ekologikoa murriztu dadin”.
Egitura anitz, ingurune bera
Hainbat sektoretako partaideak izan ditu lehen “ekoformakuntza” honek. Mahai beraren inguruan eseri dira, adibidez, farmazia, eraikuntza, artisautza, baita lorezaintza ere. Ustez ikustekorik izango ez luketen sektoreak, Lafitte haztegiko zuzendari Jean-Michel Olaizolaren aburuz: “Bakoitzak bere ikuspuntua ekartzen du, baita esperientzia ere, baina konturatzen gara, halere, problematika bera dugula gai batzuetan, nahiz eta mundu berean ez batere izan”.
Aipatzen duen kasuetako bat da iraungi diren salgaien kudeatzea. “Ikasi dugu, bota aitzin, beharbada bertze zerbait egin daitekeela landareekin. Mugikorreko aplikazio bat martxan jarri dugu, eta hala, lorea zimeldua duten landareak merkexeago saltzen ahal dira, janarekin egiten den bezala”. Baionako haztegira eraman duen beste ideietako bat da landareak sailkatzea: nondik heldu diren, ingurumenaren aldetik ekoizleek zein eragin sortu duten naturan, edota baratzean zer behar izango dituzten. “Halako klasifikazio bat egiten baldin badugu, bakoitzak zinez behar duen landarea hartzea lortuko dugu”, kontatzen du Olaizolak.
Jean-Michel Olaizola: “Bakoitzak bere ikuspuntua ekartzen du, baita esperientzia ere, baina konturatzen gara, halere, problematika bera dugula gai batzuetan, nahiz eta mundu berean ez batere izan”
Bestalde, Lafitten jada erabiltzen dituzten ur-biltzaileak baliatzen hasiko da Tarnoseko (Landak) PERF formakuntza-zentroa. Bertako langilea da Gaëtan Jacob. “Kontsumo arduratsuago bat lortzeko modua iruditzen zaigu. Halaber, aldaketak eginen ditugu erosketetan eta hondakinak sailkatzeko momentuan, eguneroko ekintzetan”. Egiturako langileak soilik ez, urtero bertaratzen diren mila ikasle inguru ere engaiatu nahi dituzte prozesuan.
Kontzientzia hartzea
Trebakuntzak begiak irekitzen lagundu die parte-hartzaileei. Jacoben hitzetan: “Inportanta da, gure inguruarekiko inpaktu handi samarra dugulako. Ezin dugu ukatu: desplazamenduak, materialak, ekintza guziek eragina dute lurraldean, eta horiek mugatzeko lan gehiago egin behar dugu epe labur eta luzean”. Iritzi berekoa da Olaizola. “Uste genuen gauza batzuk egiten ahal genituela, baina konturatzen gara bertze hainbertze egiten ahal direla!”.
Bihar institutuan ere ohartzen dira horretaz, eta ikasle berrien bila dabiltza. “Ideia da, ibilbidea proposatzean, gogoetara bultzatzea. Geldi gaitezke pixka batean, eta ikusi enpresa nola hobe dezakegun? Beti badelako zer hobetu, nahiz eta kontzientzia-maila altua izan”, aipatzen du Massonek. 2018n sortu zuten erakundea, eta lehen ibilbidea egituratu berritan, haien burua ezagutarazteko fasean direla aitortzen du.
Gaëtan Jacob: "Ezin dugu ukatu: desplazamenduak, materialak, ekintza guziek eragina dute lurraldean, eta horiek mugatzeko lan gehiago egin behar dugu epe labur eta luzean”
Dena dela, beste joera bat ere ikusten du Biharrek, Massonek plazaratzen duenez. “Langabezian edota lan xerka ari direnentzat, gainbalio bat izanen da laster ingurumenari buruzko trebakuntza ukatea. Enpresetan, lan-elkarrizketetan ikusiko da. Balantzak alde batera edo bestera egiteko elementuetako bat izanen da”. Norbanakoek zein enpresek, denek ikasi beharko dute beraz, gaurtik hasita, lurraldearen onerako jarduten.