Artikulu honek abiapuntu gisa du 2022ko abenduan argitaraturiko artikulu akademikoa, lau sektoretako enpresen lagin batean oinarriturikoa. Horietatik erdiak dute egoitza soziala EAEn: Iberdrola, CIE Automotive, Gestamp eta Eroski. Beste lauak dira, berriz, Repsol, Inditex, Mango eta Mercadona. Egileei dagokienez, García-Vaquerizo GISA taldeko kidea da; Corral-Lage, Peña-Miguel eta Saitua-Iribar, berriz, EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultateko irakasleak, eta azken hau Ekonomisten Elkargoko Ekonomia Jasangarria Batzordeko kidea eta Euskara Batzordeko kidea ere.
Gaur egungo kutsadura, berotze globala eta klima-aldaketa, gizakiak bai industrien eta bai beste jarduera mota batzuen bidez eragindako ondorioak dira. Horren jakitun, gobernuak neurri murriztaileak ezartzen hasi dira, baita enpresei ingurumen-gaietan konpromiso handiagoa eskatzen ere. Edonola ere, XX mendearen azken hamarkadetatik aurrera, enpresa handiak Gizarte Erantzukizun Korporatiboa bere antolamendu-kudeaketan sartzen hasi ziren. Horren bidez, gardentasun handiagoa ere eskaintzen diote inguruko gizarteari. Izan ere, gizarte- eta ingurumen-faktoreak funtsezkoak dira arriskuak identifikatzeko eta jasangarritasuna hobetzeko, eta horrela, inbertitzaileen, kontsumitzaileen eta gizarte osoaren konfiantza handitzen laguntzeko. Horrela ba, gobernuek uste dute informazio hori ematea derrigorrezkoa izan behar dela enpresa handienentzat.
Espainian, Informazio Ez-Finantzarioari eta Aniztasunari buruzko 11/2018 Legea, bat etorri zen Europar Batasuneko NFRD (Non-financial Reporting Directive) 2014/95 Zuzentarauarekin, finantza-informazioarekin batera, izaera ez-finantzarioa duten alderdiak txertatzeko helburuarekin. Horrenbestez, enpresa handienak informazio ez-finantzarioa azaltzeko agiri bat osatzera behartuta daude. Gainera, arau-xedapen hori beste herrialde batzuena baino haratago joan zen, hala nola, enpresaren Garapen Iraunkorreko Helburuei buruzko konpromisoen informazioa ere eskatuz.
[Espainian] enpresa handienak informazio ez-finantzarioa azaltzeko agiri bat osatzera behartuta daude. Gainera, arau-xedapen hori [Informazio Ez-Finantzarioari eta Aniztasunari buruzko 11/2018 Legea] beste herrialde batzuena baino haratago joan zen
Arazoa da, alde batetik, 11/2018 Legeak ez duela zehazten nola informatu. Hala, enpresa bakoitzak erabakitzen du zer eduki aipatu, dagozkion gai ez-finantzarioen materialtasun-mailari buruz egin duen zehaztapenean oinarrituta. Baina enpresek pizgarriak izan ditzakete gai jakin batzuei buruzko informaziorik ez emateko. Adibidez, dituzten arriskuei buruz. Eta honek informazio ez-finantzarioaren garrantzia edo esangarritasuna zalantzan jarriko luke, era berean, enpresaren irudi fidela erakusten ote den ere zalantzan jarriz. Gainera, enpresa bakoitzak erabakitzen du informazio ez-finantzarioa nola azaldu —zer formatu aplikatuko dion zabaldutako informazioari— eta non informatu, formatu espezifikorik gabe —kudeaketa-txostenaren barruan edo egoera bereizi batean—. Honek informazioaren alderagarritasuna ere zalantzan jartzen du, era berean, informazio ez finantzarioaren erabilgarritasuna zalantzan jarriz. Nolanahi ere, enpresek oraindik esperientzia gutxi dute 11/2018 Legearekin, bereziki Informazio Ez-Finantzarioaren Agirian (IEFA) 2021 ekitalditik aurrera osatu behar dutenak, langile kopuruaren atalasea 500etik 250era jaitsi baita.
Garapen jasangarria gora
COVID-19 pandemiak eta beste gertaera batzuek agerian utzi dute osasunari eta ekonomiari eragiten dieten ingurumen-alderdiengatik sortzen diren mendekotasun-harremanak Euskadin, zein planetako beste edozein lekutan. Nazioartekoari dagokionez, klimari eta bere eraginei buruzko ezagutzak funtsezkoak dira, bai erakunde baten barruan, bai interesa duten alderdiekin batera, enpresek isurtzerik gabeko helburuak ezarri eta lortu ahal izateko planak abian jartzeko.
Enpresak ere garapen jasangarrian oinarritutako neurriak hartzen hasi dira, eta garapen jasangarri horri buruzko informazioa ematen. Arlo horri, orohar, ESG (Environmental, Social and Governmental) deitzen zaio
Azken urteotan, Nazio Batuek 2015ean onartutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko ekintzak ezartzen doaz, eta GIH horien artean badira zenbait Lur planeta (lur-zoruak, itsasoak etab.) zaintzera bideratzen direnak. Ondorioz, enpresak ere garapen jasangarrian oinarritutako neurriak hartzen hasi dira, eta garapen jasangarri horri buruzko informazioa ematen. Arlo horri, orohar, ESG (Environmental, Social and Governmental) deitzen zaio. Literatura akademikoak enpresek bereziki ingurumen arloari buruz ematen duten informazioa argitaratzeko prozesua aspalditik aztertu du.
Ingurumen arloko zein informazio eskaintzen den gehien
Emaitzak lortu ondoren, zeintzuk dira informazio hobea eman duten enpresak? Informatu gabeko item gutxien utzi dituztenak (20 itemetik 3 bete gabe, hau da, %15), eta beraz, printzipioz informazio maila altuagoa dutenak, Iberdrola, Eroski eta Cie Automotive dira. Aldiz, informatu gabeko item gehiago utzi dituztenak Repsol (7, hau da, item guztien %35) eta Mango (8, %40) izan dira.
Horrekin batera, zeintzuk dira enpresek gehien/gutxien azaltzen dituzten ingurumenari buruzko informazio item-ak eta item-atalak edo multzoak? Informazio gutxien eskaini zuten itema "Ingurumen-hondamendien aurreko plangintza" izan zen (%6ko informazio maila “oso baxua” edo “txarra” lortuz); ondoren, "Eremu babestuetan eragindako inpaktuak" eta "Isuri esanguratsuak" (biak ere, %13). Aldiz, informazio-maila handiena lortu duena "Berotegi-efektuko gasak" itema izan da (%100).
Informazio gutxien eskaini zuten itema "Ingurumen-hondamendien aurreko plangintza" izan zen (%6ko informazio maila “oso baxua” edo “txarra” lortuz)
Atzetik datoz "CO2 edo BEG-en (Berotegi Eragina duten Gasen) aurkako neurriak", eta "Baliabideen erabilera jasangarria" atal multzoko "Lehengaiak" eta "Energiaren horniketa" itemak (denak ere, %94). Horrela, enpresek informazio gehien erakusten duten item multzoa edo atala “Klima Aldaketa” da (%94; maila “altua” edo “oso ona”).
Ondoren datoz “Baliabideen erabilera Jasangarria” (%92), “Energia berriztagarrien Erabilera” (%81) eta “Ingurumenean inbertsioa” (%75) atalak. Oro har, kuantifikatu daitezkeen itemak izateaz gain, ingurumenean eragin handiena duten atalak dira. Horrela, bi arrazoi horiek azaldu dezakete kodifikazio maila altuagoa lortu izana.
Nork informazio hobea?
Esan bezala, enpresen rankinga egitean, ingurumenari buruzko informazio gutxien zabaltzen zuen enpresa Mango izan zen (%45, baxua edo eskasa). Egia da Mangok materialtasun-matrizea aurkezten duela. Baina bertan garrantzitsutzat jotzen dituzten ingurumen-alderdiak baino ez ditu sartu, beste alderdi batzuk alde batera utzita, hala nola, “Uraren erabilera”. Horrela, gainerako aztertutako enpresek ez bezala, ez du uraren kontsumoari buruzko informaziorik ematen. Ez-egite horren arrazoia izan daiteke erakundearen irudi txarra eman nahi ez izatea. Izan ere, ehungintza da munduko ur kutsatuaren %20ren arduraduna. Eta informazio publiko gutxien eskaintzen duen bigarren enpresa Repsol (%48) da, sektore berekoa den Iberdrolatik nahiko urrunduz. Kasu honetan, kontua ez da Repsolek zenbait ingurumen-gairi buruzko informaziorik ez ematea, baizik eta nahiago izan duela informazio kualitatiboa eskaini atal batzuei buruz informatzeko orduan.
Ingurumenari buruzko informazio gehien ematen duen enpresa Iberdrola da (%73, maila ertaina edo ona, baina oso ona izatera heldu gabe). Bere IEFAn azaltzen duenari jarraituta, ingurumen-politika bat du
Aldiz, ingurumenari buruzko informazio gehien ematen duen enpresa Iberdrola da (%73, maila ertaina edo ona, baina oso ona izatera heldu gabe). Bere IEFAn azaltzen duenari jarraituta, ingurumen-politika bat du, konpainiaren jarduera osoa zuzentzen duten ingurumen-prebentzioaren eta ingurumen-inpaktuak minimizatzearen printzipioak definitzen dituena. Gainera, bera da bere IEFAan “Hondamendien eta ingurumen-larrialdien plangintza” azaltzen duen bakarra. Rankig-eko bigarren postua Eroskirentzat da (%68), eta hirugarren postua CIE Automotivek eta Inditexek hartuko lukete (%65). Beraz, lehen hiru postuetan euskal enpresak aurkitzen ditugu. Horrek aditzera eman lezake, agian, Euskadin beste autonomia-erkidego batzuetan baino dibulgazioaren garrantziari buruzko kontzientzia-maila handiagoa dagoela.
Garapen Iraunkorreko Helburuei buruzko informazioa
Zeintzuk dira aipatu dituzten Garapen Iraunkorreko Helburuak ingurumenari buruzko informazioari dagokionez? Gainerako aztertutako enpresek egin duten arren, CIE Automotive-k ez du bere IEFAn GIHrik aipatzen. Beraz, aztertutako enpresetan ingurumen arloari buruzko informazioan, 11/2018 Legeari jarraituta GIHei buruz hartu dituzten konpromisoei buruzko informazioa aurkeztea ez da guztiz betetzen.
Kasu honetan, bi helbururekin bat datoz enpresa gehienak: 12. “Produkzio eta Kontsumo arduratsua”, eta 13. “Klimaren aldeko ekintza”. Gutxien, berri, 11. “Hiri eta komunitate jasangarriak” eta 14. “Itsaspeko bizitza”. Ingurumen-politikei helburu gehien aplikatzen dizkieten enpresen artean, Inditex eta bi energia-enpresak daude. Iberdrola lehen postuetan aurkitzea aurreko zenbaitek ematen dituzten azalpenekin ados egon liteke, konpainia batzuek, beren ezaugarriak direla-eta, presio legal eta sozial handiagoa jasaten dutela, hala nola, Espainiako sektore elektrikoagatik.
Bi helbururekin bat datoz enpresa gehienak: 12. “Produkzio eta Kontsumo arduratsua”, eta 13. “Klimaren aldeko ekintza”. Gutxien, berri, 11. “Hiri eta komunitate jasangarriak” eta 14. “Itsaspeko bizitza”
Aldiz, zeintzuk dira erabili dituzten Ingurumen Kudeaketa Sistemak (IKS)? Aztertutako enpresa guztiek jasotzen dute bat, gutxienez, beren IEFAn. IKS gehien ezarri dituztenak Iberdrola (4) eta Eroski (3) dira. Eta enpresa horiek dira beren IEFAn inguru-giroari buruzko informazio gehien ematen dutenak ere. IKS gehien ezartzen dituztenen hirugarren postuan Gestamp, Repsol eta Inditex daude. Mangori dagokionez, bere IEFAn aipatzen duen ingurumen-kudeaketako sistema bakarra “Clean CO2” da, karbono-aztarna kalkulatzea eta BEG isuriak konpentsatzea errazten duen sistema. Enpresa hori zen, arestian aipatu bezala, ingurumen informazio gutxien zabaltzen zuena ere. Beraz, aztertutako enpresen artean, ingurumenari buruzko dibulgazio-maila altuena erakusten dutenak IKS gehien erabiltzen dituztenak dira. Edonola ere, beren antolaketa-egituran bai EMAS eta bai ISO 14001 kudeaketa-sistemak sartu dituzten bi enpresa bakarrak Euskadikoak dira (Iberdrola eta Gestamp).
Arautegi aldaketa
Ikerketek erakusten zutenez, orain arte eskaintzen zen informazio ez-finantzarioa ez zen nahikoa, ezta konparagarria ere. Enpresa batzuek argitaratzen zuten, baina ez denok modu berean. Eta hemendik aurrera zer? 2023ko urtarrilaren 5ean CSRD (Corporate Sustainability Reporting Directive) 2022/2464/UE Zuzentarau berria indarrean sartu da. Lehenik eta behin, izena aldatu zaiola ikusten dugu “Informazioa Ez-finantzario” ordez, “Jasangarritasunari buruzko informazioa” aipatuz. Herrialde bakoitzeko legeriara transposizioa egiteko 2024ko uztailaren 6ko epea ezarri da. Beraz, Espainiak ere badauka orain betebehar hori.
2023ko urtarrilaren 5ean CSRD 2022/2464/UE Zuzentarau berria indarrean sartu da. Lehenik eta behin, izena aldatu zaiola ikusten dugu “Informazioa Ez-finantzario” ordez, “Jasangarritasunari buruzko informazioa” aipatuz
Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETEentzako) araua ez da izango derrigorrezkoa (bakarrik kotizatuentzako). Kontua da, ordea, again mota horretako informazioa eskatuko dietela balio-katean zehar, mailegua eman edo ez erabakitzeko dauden finantza erakundeak, edo produktua erosteko edo ez dauden enpresa bezeroak. Hori dela eta, ETEak ere horretan jarri beharko dira gutxinaka-gutxinaka.