Etxe historikoen birgaitze jasangarria

Gasteizko San Luis etxe birgaituan Lanbide COE zentroa bilakatuko da, lanpostu berritzaileak sustatzeko helburua izango duena. Eraikuntza sektoretik lanpostu teknikoak sortzeko joera dago

Gasteizko San Luis etxea | Argazkia: Build:Inn Gasteizko San Luis etxea | Argazkia: Build:Inn

Energiaren erabilera berriak sustatzea trantsizio energetikoaren funtsezko neurria da, eta prozesu horretan azpiegitura zehatzak indartzea beharrezkoa izan ohi da. Azpiegitura apropos horien bilaketan buru-belarri lan egiten du Build:Inn Euskadiko Erakuntzaren Klusterrak, eraikuntza modelo egokiak biztanlegori aurkezteko. Bilaketa honetan, eredu gisa aurkeztu zuten azaroan Gasteizko San Luis etxea, eraikin historikoa dena eta birgaiketa prozesua izan duena. “Ia-ia kontsumorik ez duen ondare-birgaiketaren jarraipena” izena izan du proiektuak, eta birgaitzearen garrantzia nabarmentzeko helburua eduki du. Trantsizio energetikoan lagundu dezakeen azpiegitura berriak aurkeztu dira testuinguru honetan.

Marta Epelde Build:Inn klusterreko arkitekto teknikoa da, eta eraikin historikoaren birgaiketaren garrantzia nabarmendu du jasangarritasunaren auzian. “Zailtasun” ugari duen proiektua izan dela hausnartu du, 1925. urteko eraikin bat delako: “Garaiko egitura duenez, ezin genuen aldatu. Babestua dagoen eraikina da”. Era berean, jabetza publikokoa denez, “ia-ia” kontsumorik ez duen eraikina sustatu behar da, administrazio publikoak derrigorrezko neurri batzuk dituelako jasangarritasunaren auzian. Erronka handia izan da Epelderen arabera, eraikineko kanpo dekorazioa mantendu behar zelako garaiko erakargarritasuna mantentzeko, baina, era berean, aireztapena edota teilatua berriztu behar zutelako.

Hori dela eta, birgaitzea barrutik gauzatu dute, etxearen egitura historikoa errespetatzeko. “Jada posiblea da errehabilitazio jasangarriak gauzatzea”, esan du. Profesional teknikoak zein material egokiak daude, zurezko aireztapena kasu. "Jaka bat egin diogu eraikinari, teilatua eta lurra egoki isolatzeko". Jasangarritasunaren auzian “adibide txulo"-tzat jo du.

Material oreka

Ereduan gehiago zentratuta, erabilitako materialen konbinaketa aproposa dela uste du Epeldek, “oreka” jakin bat errespetatzen duelako. Material “zirkularrak” erabili dira birgaiketa prozesuan, hala nola ehun-tresneria edota zura. Azken hau egur teknifikatua dela argitu du zuzendariak, isolamendu lanetan oso aproposa dena. Era berean, teilatua zein lurra aldatu behar izan dute, aireztapen egoki bat ezarriz eraikin guztian zehar.

Material zirkularren eta betiko materialen arteko oreka lortzea izan dute helburu, etorkizunerako eredu egokia finkatzeko. Une jakin batzuetan hormigoia material hoberena dela uste du Epeldek, hobeto moldatzen dena, alegia. Baina kasu honetan, isolamendua egoki gauzatu ahal dute ehun oinarriko tresneriak edo zura teknikoak, bestelako funtzioak material klasikoei helarazteko. Hortik material zirkularren zein gainontzekoen arteko oreka: “Eraikuntzan beti diogu funtzionatzen duena erabili behar dela”.

Birgaitze lana barrutik egin dute | Argazkia: Build:Inn
Birgaitze lana barrutik egin dute | Argazkia: Build:Inn

Eredu aproposa bai, baina zailtasunez betea. Epeldek sektorearen erronka teknikoak baino erronka kulturalak dituela azpimarratu du, eskaintza estimulatzeko unean batez ere. “Ohituta gaude autoaren berrikuspena egitera, baina obratan sartzea kosta egiten zaigu”, mahaigaineratu du. Biztanlegoaren pertzepzioa piztu nahi dute sektoretik, erakargarriagoa egiteko errehabilitazio zein bestelako eraikuntza prozesuak.

Honakoa lortzeko Next Generation funtsekin eraikuntza proiektuak sustatu nahi dituzte. Eusko Jaurlaritzak ere laguntzak eskaintzen ditu EVEtik, eta adituak uste du Europak ildo berean sustatzen jarraituko duela, epe luzera. Laguntzak laguntza, aldaketak egin behar dituzte: “Arrankatzea kostatzen ari zaigu”

Marta Epelde: “Ohituta gaude autoaren berrikuspena egitera, baina obratan sartzea kosta egiten zaigu”

Herritarrak erakartzeko bide honetan, sentsibilizazioaren beharra baino “erraztasuna” behar dela ondorioztatu du: “Erabiltzaileekin elkarlan hurbilagoa behar dugu”. Publizitate eskariak, anuntzioak eta horrelakoak heltzen zaie zuzendariaren arabera, baina tratu hurbilago bat behar dute; hau da, biztanleen “alboan” egotea prozesuan zehar. “Burokrazia eta izapide ugari jasan behar dituzte. Hori dela eta lagundu egin behar diegu”.

Enplegu teknikoagoa

Sektorea banakoen egunerokotasunean ohikoagoa izatea indartzeaz gain, eraikuntzaren lanpostu aukerak helarazteko premia du baita ere Build:Inn klusterrak. Epelderen hitzetan eraikuntza sektorea lanpostu “trakzio handiko” merkatua da, erakargarriagoa bilakatzen ari dena: “Paradigma aldaketa bat egin nahi dugu”. Aldaketa horretan, berrikuntza dute ahotan, sektorearen lan egiteko formatua aldatu nahi dutelako.

Digitalizazioa eta industrializazioa dira berrikuntza horiek eta, azken horretan, lan espezifikoen beharra nabarmendu du Epeldek: “Eraikitzea baino, muntatu egingo dugu”. Hau da, eraikuntza prozesua “teknifikatu” nahi da honekin, lanpostuak sustatzeko. Industrializatzeko prozesua errehabilitazioetara moldatu nahi dute, sektore guztian zehar izan dezakeen aplikazio anitzekin. Arkitektoen, operadoreen zein teknikoen lana berriztuko du: “Egungo garaietara moldatu nahi dugu sektorea”.

“Eraikitzea baino, muntatu egingo dugu”. Hau da, eraikuntza prozesua “teknifikatu” nahi da honekin, lanpostuak sustatzeko

Lanpostuen eraketa testuinguruan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera Lanbide COE: birgaitzeagatik irekita proiektua martxan dute jada azarotik. San Luis etxea Lanbide COE egitasmoaren zentroa izango da, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren menpean dagoen Euskadiko Enplegurako Orientazio, Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroa izango dena. Epeldek elkarlana ondo “egokitzen” dela uste du: “Lanpostu berritzaileak landuko dituen zentro baten obra jarraitzen ari gara. Zentzu handia dute elkarrekin”. Adituaren aburuz paradigmatikoa da egoera, eraikuntza “berritzailea” delako eta bertan lanpostu “teknikoak” sortzeko ibilbidea gauzatuko delako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK