Euskal Herriak ia bikoiztu egin zuen 2022an mundu mailako berotegi-efektuko gas isurketa ratioa

Gaindegiak egindako txosten baten arabera, Euskal herritarrek 8,8 tona CO2 isurtzen dituzte urtean; mundu mailan, berriz, 4,5 tonakoa da. Dena den, energia kontsumoak behera egin du 2021etik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak 2021eko ekainean argitaratu zuen azkenekoz Adierazle Galeria Nagusia, 2007tik egiten dena. Informazioa, baina, eguneratu du, eta berritasun batekin, gainera: ohiko demografia eta gizartearen atalak lantzeaz gain, lehen aldiz bildu ditu ingurumenari lotutako datuak ere. Hain zuzen ere, atal berri horretan landu ditu klima aldaketari edota kutsadurari lotutako azterketak. Hala, azterketen emaitzei begiratuta, ikusi dute munduan berotegi efektuko gas gehien isurtzen duten herrialdeak direla, besteak beste, Qatar, Kuwait, Bahrai, Arabiar Emirerri Batuak, Kanada, Luxenburgo eta Saudi Arabia.

Europar Batasunean arreta jarriz gero, berriz, Luxenburgoz gain, Irlanda, Txekia, Zipre, Estonia eta Herbehereak dira gehien kutsatzen duten herrialdeak. 2019an zuzeneko isurien zenbatekoa biztanleko 11-13 tona karbono dioxidokoa izan zen. Euskal Herrian biztanleko 8,8 tona karbono dioxidokoa izan bazen ere, urte berean mundu mailan batez beste 4,5 tona CO2 isuri ziren. Bestela esanda, Euskal Herriak ia bikoiztu egin zuen munduko isurketa ratioa.

Energia kontsumoa, behera

Energia kontsumoari ere erreparatzen dio txostenak. 2020an %9,2 murriztu zen energia kontsumoa Euskal Herrian, eta %5,6 Europar Batasunean. Osasun larrialdiak eragindako atzeraldi ekonomikoa izan zen arrazoi nagusia.

Bestalde, petrolioa da oraindik ere Euskal Herriko energia iturririk garrantzitsuena, energia kontsumo osoaren %43 hornitu baitzuen 2020an. Atzetik ditu elektrizitatea eta gas naturala kontsumoaren %24 eta %22rekin; eta energia berriztagarriak kontsumoaren %9 hartzen dute. Behategiaren esanetan, “2019an Hego Euskal Herrian kontsumitutako produktu energetikoen %6 Espainiar estatutik iritsi ziren”.

Lehiakortasuna galtzen

Momentuz, 2023 honetarako atzeraldi ekonomikorik aurreikusten ez bada ere, Euskal Herria lehiakortasuna galtzen ari dela nabarmendu du Gaindegiako txostenak: “10 urtean, biztanleko BPG handiena duten Europako lurraldeen artean, 48. postutik 73.era igaro gara (2020)”. 2023rako % 1,9ko hazkundea aurreikusten dute erakundeek.

Berrikuntzari lotutako, Euskal Herriko ekonomia jarduerak berrindartzen ari direla jasotzen du txostenak. Alabaina, ohartarazi du Europaren atzetik dabilela, I+Gra bideratutako BPGaren proportzioa ez delako Europar Batasuneko inbertsioetara iristen. Zerbitzuen sektorea da ekonomiaren % 68 bereganatzen duena. Industriak —manufakturakoa zein bestea gehituta— % 24,8 hartzen du. Nazioartean, berriz, gako izan dira ekipo-ondasunak eta autogintza balantza-positiboari eusteko. Balantza-negatiboan dira, berriz, produktu-energetikoetan, lehengaietan eta kontsumo-manufakturetan.

Demografia: beheranzko joera

Demografiari lotuta, osasun larrialdiak joera aldaketa eragin du, eten egin baitzuen 2014az geroztik gorantz zihoan biztanleria hazkundea. 2022an, ordea, beheranzko bidea hartu du. Hiru faktore nagusi dira horren atzean: osasun larrialdia hasi zenetik pairatutako hilkortasun maila handia, immigrazio fluxuen jaitsiera, eta jaiotzen gainbehera. “Azken 80 urtean ez da egungoa bezalako jaiotza tasa txikirik erregistratu”, adierazi dute. Jatorri atzerritarreko herritarrengatik ez balitz, jaiotzen gainbehera are handiagoa litzatekeela nabarmendu dute.

Datuotan azpimarratzekoa da hiriek sufritu dutela gehien, batez ere Bilbo Handia eta Debabarrenako eskualdeetan, eta Arabako Mendialdean, Ibarretan eta Trebiñun hazkunde demografikoa izan da. Mantendu egin da, beraz, pandemiak bultzatutako hirietatik landa-eremuetarako migrazioa, baina joera hori luzerako etorri den edo ez ikusi beharko da.

Pobrezia arriskua, gora

Gizarte arloko azterketan, berriz, Euskal Herrian pobrezia arriskuak gora egin duela ikus daiteke. Azken datuen arabera, euskal herritarren %12 pobrezia arriskuan dago, orotara 380.200 pertsona, aurreko urtean baino 48.500 gehiago. Enplegu sorrera eta herritarren jarduera maila pandemia aurreko zifretara itzuli diren arren, gazteen artean langabezia tasa oso altua da. 15 eta 24 urte bitarteko gazteetan %28,5 langabe dira Euskal Herrian, Europako batez bestekoa %17koa den bitartean. Grezia, Espainia, Italia eta Katalunia dira soilik Euskal Herriak baino datu altuagoak erregistratzen dituztenak. Emakumeen langabezia ere Europa mailakoa baino handiagoa da, %9,7koa. Dena den, gizonenaren apur bat azpitik izan da aspaldiko partez.

Horri lotuta, Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen babes sozialerako gastu maila Europako handienetarikoa da, baina Hego Euskal Herrikoa ez da iristen Europar Batasuneko batez bestekora. Gaindegiaren arabera, Iparraldean dezente handiagoak dira, besteak beste, etxebizitza politika, familia eta seme-alabak sostengatzeko eskuhartzea edota langabezian daudenei emandako babesa, Hegoaldean baino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK