Gipuzkoa "deskarbonizazio lehiakorraren" bidean

Lurraldearen deskarbonizaziorako bideorriak enpresei laguntzeko tresnak eta dirulaguntzak bildu nahi ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta beste zenbait entitateetako ordezkariak, atzo, Naturkliman | Argazkia: utzitakoa Gipuzkoako Foru Aldundiko eta beste zenbait entitateetako ordezkariak, atzo, Naturkliman | Argazkia: utzitakoa

Europar Batasunak klima neutraltasuna lortzeko helburua ezarri du 2050rako. Aitzitik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa urte gutxiagoren buruan iritsi beharko dira jomuga horretara: zehazki, 2045erako, Trantsizio Energetikoaren 1/2024 legeak ezarritakoaren arabera. Horren aurretik, 2030erako isurien emisioa %45ean jaitsi beharko da.

2022ko EAEko Berotegi Efektuko Gasen Isurketaren inbentarioan jasotzen denez, 1990etik %11 egin dute behera isurpenek EAEn, eta %24 Europan. Aldiz, 2005eko datua hartuz gero, EAEko isuriek %27 egin dute behera, Europan beherakada %20koa izan den bitartean. Hain zuzen, urte horretan iritsi ziren isuriak bere puntu gorenera EAEn.

Halaber, 2005etik gertaturiko murrizketa horretan aldeak ikusi daitezke lurralde historikoen artean: Gipuzkoakoek %36ko jaitsiera izan dute —%40ko zifra espero da 2023an—, Bizkaikoek %25 eta Arabakoek, berriz, %16. Beste datu bat: egun EAEn berotegi efektuko gas gutxien isurtzen duen lurraldea da Gipuzkoa BPGa abiapuntu hartuta. Izan ere, isurien %53 Bizkaitik dator, BPGari %51,7ko ekarpena egiten dion bitartean, eta %18 Arabatik, BPGra %15,5eko ekarpenarekin; Gipuzkoaren kasuan, aldiz, BPGra ekarpena %32,8ekoa izanik ere, isuri guztien %29 emititzen du.

2030erako isurien emisioa %45ean jaitsi beharko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Datuok guztiok balioan jarri nahi izan zituen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketarako Fundazioaren egoitzan. "Ez da administrazioren lorpena, geuk parametroak hartu eta horien analisia besterik ez dugu egiten; industria da emaitza horiek ahalbidetzen ari dena", nabarmendu du Mónica Pedreira Lanchas Trantsizio Ekologikoko zuzendariak. Hain zuzen ere, zifra horiek izan dituzte abiapuntu deskarbonizazio estrategiaren bideorria egiteko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuaren hitzetan, helburua da "deskarbonizazio lehiakorra" sustatzea, "ingurumen-onurak" ez ezik, "merkatuko aukerak" ere aintzat hartuko dituena.

500.000 euroko aurrekontua 2024an

Aurkeztutako programaren bitartez bultzatu nahi dira enpresen aurrezpen eta efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasun eta garraio jasangarria, ekonomia zirkularra, isurketen konpentsazioa, industrializatutako espazioen naturalizazioa, eta deskarbonizazioa errazteko tresna ekonomiko eta fiskalak. Halaber, aukerei eta mehatxuei aurrea hartu eta ahaleginari balioa eman asmo du.

Aurkeztutako programaren bitartez bultzatu nahi dira enpresen aurrezpen eta efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasun eta garraio jasangarria...

Egungo puntura iristeko, programaren lanketa duela urte eta erdi inguru hasi zuen Jasangarritasun departamentuak. Sei ekintza-ardatzez osatua dago: batetik, enpresa txiki eta ertainentzako —ETEentzako— autodiagnostiko erreminta, euren eraginaren egoera ezagutzeko aukera izan dezaten, eta egoera horri buelta emateko deskarbonizazio plan sektorialak; bestetik, aldundiaren laguntza zerbitzua eta deskarbonizaziorako finantzazio lerroak; azkenik, Gipuzkoako karbono-funts boluntarioa, isuriok konpentsatzeko. Ekitaldi honetarako 500.000 euroko guztizko aurrekontua izango du, eta "programa kritika eta ekarpenetara zabalik" dagoela gaineratu du Asensiok.

Autodiagnostikoa, ETEentzat abiapuntu

Autodiagnostikorako tresnak ETEei "non dauden identifikatzeko eta orientatzeko" erreminta izan nahi du, Iker Azurmendi Trantsizio Ekologikoko zuzendaritzako teknikariak partekatu duenez.

Ezer baino lehen, enpresak sektorea aukeratu beharko du, tresnak berak bere sektoreko planari dagozkion ekintzak proposatu ahal izateko ondoren. Sei aukera eskaintzen ditu tresnak: zerbitzuak, metalmekanikoa, nekazaritza eta elikagaiak, paper-kartoia, eraikuntza eta makina-erreminta, azken bi horietan zenbait berezitasun jaso direlarik. Horrez gain, horietako baten sailkatu ezin diren enpresek "besteak" aukeran klik egin dezakete, nahiz eta kasu horietan ekintza-proposamenak orokorragoak izango diren.

Estrategiari, kudeaketa energetikoari eta berotegi efektuko gasen isuriari, eta emisioen konpentsazioari loturiko galderak erantzun beharko dituzte [enpresek]. Hain zuzen ere, erantzunak abiapuntu, hiru esparru horiei loturiko proposamenak egingo ditu tresnak

Behin sektorea aukeratuta, estrategiari, kudeaketa energetikoari eta berotegi efektuko gasen isuriari, eta emisioen konpentsazioari loturiko galderak erantzun beharko dituzte. Hain zuzen ere, erantzunak abiapuntu, hiru esparru horiei loturiko proposamenak egingo ditu tresnak, baita sektoreari loturiko jakinak ere, plan sektorialen bitartez.

Aurrerapausoak emateko dirulaguntzak

Proposamen horiek aurrera ateratzeko, foru aldundiaren laguntza-zerbitzua jaso ahalko dute enpresek Azurmendik azaldutakoaren arabera, izan modu indibidualean, izan taldean. Era berean, zenbait jarduera diruz lagunduko ditu erakundeak: alde batetik, kontu-ikuskaritza energetiko integralak, horretarako gutxieneko baldintza eta edukiak izango badira ere; bestetik, autokontsumorako eguzki-instalazio termikoak edota fotovoltaikoak ezartzeko bideragarritasun azterketak, betiere estalkietan edo espazio artifizialduetan kokatzeko aukera dagoenean; eta azkenik, enpresa edo entitatearen karbono-aztarnaren kalkulua egitekoa, derrigorrez erakundearen 3. irismenekoa izan beharko duena.

Orain arte martxan izan diren laguntzetan %50 eta %70 bitarteko finantzazioa eskaini zaie enpresei, 10.000 euroko mugarekin

Aipatutako kasuetan, ekarpenak beharren arabera egingo dira, eta aholkularitza aditua kontratatzera bideratuko da dirulaguntza. Orain arte martxan izan diren laguntzetan %50 eta %70 bitarteko finantzazioa eskaini zaie enpresei, 10.000 euroko mugarekin. "Aurtengo deialdiaren ebazpena laster aterako da, eta justifikazioa urriaren 31rako aurkeztu beharko da", adierazi du Azurmendik. Hala ere, ekintzen exekuziorako 2025eko martxora bitarteko luzapena eskatu ahalko da.

Karbono-funtsa, lurraldeari ekarpena egin asmoz

Bideorriaren azken ardatza karbono-funts boluntarioa deritzona da, Xabier Esteban Naturklimako zuzendari teknikoak aurkezturikoa. Horren bitartez, enpresek erakundearen, produktu baten, zerbitzu baten edo ekitaldi baten karbono-aztarna "nolabait konpentsatu" dezakete.

Funtsera ekarpena egiteko lehen pausoa da karbono-aztarna bera kalkulatzea, "zatirik gogorrena", Estebanen ustez. Horren ostean, izen-emate galdetegia bete behar da, kalkulatutako aztarna jasoz, baita konpentsatu nahi den portzentajea ere. Eskaera aztertuta, Aldundiak egin beharreko diruzko ekarpena jakinaraziko dio enpresari, enpresak donazioa egiteko.

Funtsera ekarpena egiteko lehen pausoa da karbono-aztarna bera kalkulatzea

"Une honetan funtsak espazio berdeen berreskurapenean, azpiegitura berdeen eraikuntzan, eta eraginaren gutxitzean inbertitzen ari dira", azaldu du Naturklimakoak. Jarduerok industria poligono eta inguru urbanoetatik izan dira, sute batek hondatutako Aiako Harriako parke naturaleko gune baten berreskurapena, edo sorgin-orratza bezalako espezientzako urmael naturalen berreskuratzea kasu. 2024ean basoberritze eta inguru urbanoen birnaturalizatze proiektuak egingo dira, besteak beste, Azkoitian eta Arrasaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK