Bezeroek beren inbertsioen jasangarritasuna aukeratu ahalko dute

Abuztuan Green Mifid araudi berria indarrean sartu da. Bezeroen jasangarritasun lehentasunak ezagutzeko galderak egin beharko dituzte bankuek inbertsio-produktuak eskaini ahal izateko.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Jasangarritasunak beste urrats bat eman du aste honetan bezeroen inbertsioetan. Green Mifid araudia indarrean sartu da abuztuaren 2tik aurrera eta finantza-erakunde guztiek aldaketak egin behar izan dituzte bezeroei inbertsioak aurkezteko prozeduretan. 

Espainiar estatuan  2007ean ezarri zen lehen aldiz finantza erakundeen gardentasuna bermatzea eta bezeroak babestea helburu zuen Europako MIFD zuzentaraua (Markets in Financial Instruments Directive). Harrezkeroztik hainbat aldaketa izan ditu. 2014ean MIFID II indarrean sartu zen, bezeroak babesteko neurri gehiago ezarriz. Finantza-etxeek bezeroei produktuak beren ezagutza eta helburuen arabera eskaini behar dizkiete, horretarako bezeroen segmentazioa egin behar dutelarik.

Dirua ohiko gordailu eta kontuetan beharrean (epe-finkorako gordailuak eta aurrezki kontuak) bestelako produktuetan inbertitu nahi duten bezeroek Europako Batzordeak diseinatutako “azterketak” egin beharko dituzte. Alde batetik komenigarritasun-testa erantzun behar dute bezeroek, produktuekiko duten ezagutza eta esperientzia neurtzeko eta kontratatuko duten eragiketa ulertu eta arriskuak onartzen dituztela bermatzeko. Era berean hainbat kasutan egokitasun-testa ere erantzun behar dute bezeroek. Haien ezaugarriak, inbertsio-helburuak, inbertsioetan duten ezagutza zein esperientzia, eta finantza-egoera neurtzen ditu testak proposatutako inbertsio-produktuak aukeratzeko.

Udatik aurrera, jasangarritasun irizpideak ere bai

Abuztuaren 2tik aurrera bezeroek jasangarritasunarekin lotutako galderak ere erantzun beharko dituzte inbertsio produktuak aukeratzeko orduan. Izan ere Green Mifid bezala ezagutzen den araudia indarrean sartu da. Bankuek eta kontsumitzaileen elkarteek arau berriak aplikatzen hasteko denbora gehiago eskatu bazuten ere Europak ez die jaramonik egin eta dagoeneko abian da. Green Mifid Europako Batzordeak finantza jasangarriak garatzeko abiatu zuen ekintza planarekin bat dator. Plan honek 3 helburu nagusi ditu: kapital-fluxuak inbertsio jasangarrietara birbideratzea, bankuk arriskuen kudeaketan jasangarritasuna txertatzea eta, azkenik, gardentasuna eta epe luzeko ikuspegia sustatzea finantzen alorrean. Orain arte Europako Batzordeak enpresei zuzendutako araudiak aplikatu ditu. Enpresek jasangarritasunarekin lotutako jarduerei buruzko informazioa eman dute. Finantza-merkatuetan parte hartzen dutenei dagokienez zertan inbertitzen duten eta inbertsioen hautaketan jasangarritasuna zein neurritan aurreikusten duten azaldu behar izan dute. 

Bezeroek jasangarritasunarekin lotutako galderak ere erantzun beharko dituzte inbertsio produktuak aukeratzeko orduan

Oraingoan, ordea, bezeroen txanda heldu da: Beren erabakiekin inbertsioa jarduera jasangarrietara bideratzea eragin dezakete. Hori da, hain zuzen, bezeroek erantzun beharko duten egokitasun-test berriaren helburua. Bezeroek zehaztu beharko dituzte beren jasangarritasun-lehentasunak.

Jasangarritasun-lehentasunak

Araudi berriak jasangarritasunaren inguruko galderak egingo dizkie bezeroei eta horretarako Europako agintariek bi irizpide erabili dituzte. Alde batetik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluak onartutako taxonomia irizpideak erabiltzen ditu inbertsioa jasangarria den ala ez zehazteko. Taxonomia hori sei ingurumen helburuetan oinarritzen da. Horien erdia, baina, garatu gabe daude eta hori arazo bat da inbertsio-produktuak sailkatzeko orduan. Bankuek eta kontsumitzaileen elkarteek Green-Mifiden aplikazioa atzeratzeko eskatu bazuten ere Europak aurrera egitea erabaki du. Bankuek diote egun ekonomia errealak zailtasunak dituela taxonomiari jarraitzeko eta oso sektore gutxik betetzen dituztela, gaur gaurkoz, taxonomiaren irizpide horiek. Hala, Europako taxonomian oinarritutako bezeroen jasangarritasun-lehentasunak txertatzea asko zaildu daiteke bankuek produktu eskaintza egokirik ezin dutelako diseinatu.

Bankuek eta kontsumitzaileen elkarteek Green-Mifiden aplikazioa atzeratzeko eskatu bazuten ere Europak aurrera egitea erabaki du

Taxonomiarena, baina, ez da Europak garatu duen jasangarritasunarekin lotutako erregalamendu bakarra. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/2088 araudian  SFDR politika ezartzen da, Funtsen jasangarritasun-profila zabaltzeko politika. Kasu honetan irizpideak argiago eta zabalago azaltzen dira. Horrela, inbertsio jasangarritzat hartzen dira ingurumen-helburua edo gizarte-helburua lortzeko lagungarria den inbertsioa edo gobernantza oneko jardunbideak egiten dituztenak. SFDR araudiak artikulu ezberdinetan mailakatzen ditu inbertsioen jasangarritasun maila IGG ( ESG ingelesez), Ingurumeneko, gizarteko eta gobernantzako irizpideekiko errotzearen arabera.

Araudiaren 6. artikuluak IGG irizpiderik gabeko edo oinarrizkoak baino ez dituzten inbertsio produktuak definitzen ditu. Bezeroak jasangarritasunarekiko atxikipenik ez balu izango, 6. artikuluko produktuak aukeratu litzake, hau da, merkatuan dauden guztiak. 

Produktuen aukera, baina, mugatu egingo da bezeroak hainbat eta produktu jasangarriagoak hautatu nahi baditu. Kasu honetan SFDR araudiak bi maila ezartzen ditu. Alde batetik 8. artikuluan biltzen diren IGG ezaugarriak sustatzen dituzten inbertsioak. Bestalde, badira jasangarritasun irizpideetan are sakonago eragiten duten inbertsioak: 9. artikuluak zehazten ditu eta jasangarritasuna sustatzeaz gain, inbertsio jasangarri bat burutzeko helburuak dituzten inbertsioak izan behar dira. 

Hortaz, bezeroak bere jasangarritasun lehentasuna Europak ezarritako taxonomiaren irizpideen arabera baino ez badu ezartzen egun zail izango luke inbertsio produktu eskaintza zabala aurkitzea eta dibertsifikazio gutxiko inbertsioa burutu beharko luke. Baina, taxonomia beharrean, SFDR aruadiak zehazten dituen jasangarritasun irizpideen araberako lehentasunak ezarriko balitu dibertsifikazio handiagoa lortu lezake, merkatuan irizpide horiek betetzen dituzten produktu gehiago daudelako. Izan ere, hazkunde handia izaten ari dira IGG irizpideetan oinarritutako inbertsio-produktuak.

Jasangarritasun funtsek gora 2022ko lehen zatian

2022ko lehen seihilekoan SFDR araudiko 8. eta 9. artikuluak betetzen dituzten produktuek % 11 egin dute gora Espainian. Ekaineko datuen arabera inbertsio funts hauen ondarea 71.430 milioi eurokoa izan da eta batez ere 8. artikuluarekin bat etorritako inbertsio-funtsak dira, % 96. Hau da, jasangarritasuna sustatzen duten inbertsioak burutzen dituzten funtsak.  Hazkundea esanguratsua da, batez ere epe berean inbertsio funtsen ondareak % 6,6 egin duela behera ikusita. Jasangarritasun maila altuagoa dutenak, baina, apenas garatu dira. 

Euskal Herriari dagokionez, finantza erakunde nagusiak Green Mifid araudiarekin bat datozen produktuen aldeko apustua egin dute. Kutxabank eta Laborak Kutxarekin harremanetan jarri da EnpresaBIDEA Green Mifid araudiaren inguruan galdetzeko. Kutxabankek araudi berriari aurrea hartu izan zion iaz eta bere inbertsio produktuak egokitu zituen araudi berriaren 8. artikuluaren baitan kokatzeko. Aurrezki kutxek sortutako bankuak azaldu bezala azken urteotan inbertsio estrategia zehatza definitu du, inbertsioen iraunkortasunaren aldeko konpromiso globala bermatzeko. Duela 15 sortu zuen Kutxabankek bere lehen inbertsio-funts jasangarria, "BBK Solidarioa" inbertsio funtsa. Produktu honen mozkinen zati bat elkartasun funts batera bideratzen du Kutxabankek. Gaur egun bezeroek eskuragarri dituzten inbertsio funts guztiek, hortaz,  8. artikulak ezarritako jasangarritasun irizpideak betetzen dituzte. 

2022ko lehen seihilekoan jasangarritasun irizpideak betetzen dituzten produktuek % 11 egin dute gora

Laboral Kutxak ere inbertsio jasangarrien arloan urratsak eman ditu azken hilabeteotan. Gaur egun 8. artikuluarekin bat datorren inbertsio-funts bat du, LK KONPROMISO funtsa. Funts honen bitartez kudeaketa-kuotaren zati bat irabazi asmorik gabeko elkarteei bideratzen die banku kooperatiboak. Funts honen ondarea 68.5 milioi eurokoa da uztaila bukaeran. Arrasateko bankuak  inbertsio jasangarrien munduan erreferentziazko entitate gisa kokatu nahi du eta iraila eta urria bitartean inbertsio funts gehienak 8. irizpidearekin bat kokatuko ditu.

Inbertsio-produktu jasangarrien gama zabaltze aldera, epe laburrera bi erakundeek funtsen katalogoa osatu nahi dute 9. artikuluarekin bat datozen produktuak eskainiz, hau da, inbertsio jasangarrirako helburua dutenak.

Bestelako inbertsio aukerak: finantza etikoak

Ohiko finantza erakunde nagusiez aparte badira jasangarritasuna errotuta duten bestelako alternatibak. Fiare banka etikoa 2003an sortu zen Bilbon. Gaur egun Italiako Banca Popolare Eticarekin duen aliantzari esker hainbat inbertsio produktu eskaintzen ditu. Fiarerentzat Europako finantza jasangarrien araudia aurrerapauso bada ere finantza etikoen aldeko aldarria egiten du. Onura ekonomikoak lortzea dute helburu, baina onura horiek pertsonentzat, komunitateentzat eta planetarentzat ahalik eta handienak izateko. Filosofia horretan oinarritutako hiru inbertsio-funts eskaintzen ditu Fiarek.

Badira, baina, Euskal Herrian banku egitura izan gabe jasangarritasunean oinarritutako inbertsio-aukerak eskaintzen dituzten erakundeak, hala nola Koop57 eta Oikocredit Euskadi. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK