Leartiker zentro teknologikoak Tics-bonito proiektua aurkeztu du, Vigoko Unibertsitateko Escola de Enxeñeiros Industrials-eko Enxeñeria Eficiente e Dixital (EN.EDI) ikerketa taldearekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da hegaluzearen eta tunidoaren arrantzan berrikuntza teknologikoak garatzea. Era hartan, arrantza egiterako orduan jasangarritasunean jarri nahi da fokua, ingurumena errespetatuta eta arrantza-prozesuen eraginkortasunean lagunduta.
Izan ere, egun hainbat teknika erabiltzen dira hegaluzea eta tunidoa harrapatzerako orduan. Teknika horiek hobetzeko proposamen teknologikoak egin dituzte Tics-bonito egitasmoan, eta bi lan-ildo finkatu dituzte: alturako arrantza eta kostako arrantza.
Alturako arrantzari dagokionez, “arrainak kontzentratzeko gailuen (DCP) biodegradagarritasuna landuko da”, gailu horiek plastiko iraunkorrez eginak daudelako. Xedea, gailu berriak garatzea da, “modulagarriak eta sentsorizatuak izan daitezen”, eta, hala, animaliak “sarean katigatzea saihestea”..
Kostako arrantzaren lan-ildoari dagokionez, teknikak “zehatz-mehatz aztertzea” proposatzen dute (beita bizidun kanabera modalitatean eta karrete edo kakea-modalitatean). Helburua, “laguntza automatizatuak eta soluzio digitalak proposatzea da".
Arduradunek azaldu dute “funtsezkoa” dela proiektua sektoreko langileekin elkarlanean egitea. Kontaktuan jarri dira kofradia, armadore eta makineria garatzen dutenekin, errealitatea bertatik bertara ezagutu nahi baitute, “proposatutako irtenbide teknologikoak sektorearen errealitatera egokitzen direla” ziurtatzeko.