Ia 3.000 milioi euro fakturatu zituen iaz Aclima ingurumen klusterrak

20 urte bete ditu elkarteak, eta 139 bazkide ditu. 7.000 lanpostu sortzen ditu egun EAEko ingurumen sektoreak

Argazkia: Irekia Argazkia: Irekia

Aclima ingurumen klusterra osatzen duten entitateek 2.995 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2024an. Xabier Caño elkarteko presidentearen arabera, kopuru hori EAEko BPGaren %5 baino gehiago da. Gainera, sektoreak 7.000 lanpostu sortzen ditu.

30. urteurrena ospatzen ari da Aclima, eta egun 139 bazkide ditu, tartean enpresak, teknolgia zentroak edota unibertsitateak, besteak beste. Cañoren hitzetan, ingurumen sektorea, “ekonomiaren hazkunderako merkatu estrategiko” bilakatu da, “ez soilik jasangarritasun ikuspegitik, baita industria garapenarenetik ere”.

Sektoreak izan duen enplegu hazkundea azpimarratu nahi izan du Cañok. Aclimako enpresa bazkideen artean urtero %8 handitu baita lantaldea “azken urteetan”.

Klusterraren urteurren ekitaldian, presidenteaz gain, Olga Martín zuzendariak ere hitza hartu du. Bere esanetan, lankidetza publiko-pribatuari esker “finantza baliabide garrantzitsuak” kudeatu ahal izan dituzte enpresetan trantsizio energetikoari aurre egiteko. "Digitalizazioa eta ekonomia zirkularra dira sektorearen etorkizuna. Biki digitalak, alerta goiztiarrak eta ingurumen datuen kudeaketa adimenduna bezalako teknologien bidez, gure enpresak trantsizio ekologiko eraginkor eta eraginkorrago baterako bidean aitzindari dira”, esan du.

Etorkizunera begira, sektoreak izango dituen erronkez ere mintzatu dira klusterreko ordezkariak. Nabarmendu dute ingurumen eta energia azpiegiturak beharko direla EAEko industria jasangarria izan dadin. Administrazioaren "sinplifikazioa", atzerriko talentuaren kudeaketa eta sektore publiko eta pribatuaren arteko desoreka konpontzea jo dituzte gakotzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK