
“Euskadiko ingurumen koiunturari buruzko 2024ko txostena” aurkeztu berri du Ihobe sozietate publikoak. Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eman ditu txostenari buruzko azalpen eta datuak, eta, oro har, positiboki balioztatu ditu. Ikerketak zortzi ingurumen gairen bilakaera aztertzen du: klima aldaketa, uraren kalitatea, airearen kalitatea, lurzoruaren osasuna, biodibertsitatea, ekonomia zirkularra eta hondakinak, ekonomia eta ingurumena, eta, azkenik, herritarrak.
Lehenengo alorrari dagokionez, EAEn 17 milioi tona CO2 isuri ziren 2023an, hots, 2005ean baino %33 gutxiago. Azaldu dutenez, “aurrerapen horrek Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren Legeak 2030erako ezarritako helburuaren bidean kokatzen du” EAE. Uraren alorrean, ordea, ikerketak dio ez dela “aurrerapen esanguratsurik egon”.
Kontrara, aireari dagokionez kalitatea “nabarmen” hobetu da: 2022ko egunen ia %90ek kalitate “ona” edo “oso ona” izan zuten. Lurzoruaren alorrean, txostenean gogorarazi da 2000. urteaz geroztik 1.406 hektarea berreskuratu direla 156 kokagune kutsatutik, eta lurzoruaren artifizializazioa %6,8 inguruan egonkortu dela 2016. urteaz geroztik. Bestalde, %37 beheratu da, 1998ko datuen aldean, nekazaritza-eremuei lotutako hegaztien populazioa; aldiz, %103 eta %19 hazi dira, hurrenez hurren, basoetako eta hirietako hegaztien populazioa.
Hiri-hondakinak %4 jaitsi dira 2003. urtearen aldean; 2022an 1.106.000 tonara iritsi zen hondakinen zifra, eta horietatik %80 etxeko hondakinak izan ziren. Urte berean 3,6 milioi tona hondakin ez-arriskutsu sortu ziren EAEn, zeinetatik %68 birziklatu edo konpostatu zitekeen, %3,6 energetikoki balioztatzen zen, eta %28 eliminatzen zen. Azkenik, txostenak azpimarratzen du euskal herritarrentzat garrantzitsua dela ingurumena bizi-kalitate ona izateko, eta %76arentzat kezka da klima-aldaketa.
Laburbilduta, ikerketan adierazten da aurrerapenak lortu direla alor batzuetan (airearen kalitatean eta isurketen murrizketan), baina oraindik ere “etengabeko arreta eskatzen duten arloak” ere badaudela (uraren eta hondakinen kudeaketa, besteak beste).