
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bildutako ingurumen zergak 1.398 milioi eurokoak izan ziren 2023an, urtebete lehenago baino 143 milioi gehiago (%11,4ko hazkundea), eta BPGaren %1,5 izan ziren, Eustat euskal estatistika erakundeak egindako kalkuluen arabera.
Hala, 2023an, ingurumen gaineko zergak Euskal Autonomia Erkidegoko zerga guztien %7 izan ziren, 2022an baino lau hamarren gehiago.
Hiru kategoriatan banatzen dira ingurumen zergak: energiaren gaineko zergak, garraioaren gainekoak eta kutsaduraren eta baliabideen gainekoak.
Energiaren gaineko zergetan izan zen bilketa handiena, 1.186 milioi euro, hain zuzen, ingurumen zerga guztien ia %85. Eta, energia zergen barruan, hidrokarburoena nabarmentzen da beste guztien gainetik, mota honetako zergen %81 baino gehiago izan baitziren hidrokarburoarenak 2023an.
Garraioaren gaineko zergek 164 milioi euroko ekarpena egin zuten 2023an, aurreko urtean baino %0,9 gehiago, ingurumen zerga guztien %11,7 izanik.
Azkenik, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergek ingurumen zerga guztien %3,5eko ekarpena egin zuten: 48 milioi euro, 2022an baino 35 milioi gehiago. Multzo horretako igoera handia, kutsaduraren gaineko zergen atalean, batez ere, hondakinen prebentzioa, berrerabiltzeko prestaketa eta birziklatzea sustatzeko helburua duten itundutako bi zerga berri sartzearen ondorio izan zen. Batetik, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga eta, bestetik, hondakinak zabortegian uztearen gaineko zerga; lehenengoarekin 26 milioi euro bildu ziren, eta bigarrenarekin, 11 milioi euro.