
Itsas hondakinak, klima aldaketarekin eta biodibertsitatearen galerarekin batera, mundu mailako ingurumen alorreko arazorik larrienak dira. Datuen arabera, urtero, hamar milioi tona zabor inguru murgiltzen dira itsasoetan eta ozeanoetan. Ur azalean baino 39 aldiz gehiago. Kopurua izugarria da. Egipto, Italia, Turkia, Espainia eta Frantzia dira Mediterraneo itsasora plastiko gehien botatzen dituzten herrialdeak.
Arrantza hondakinak, zigarrokinak, beira, metala, papera, kartoia, hondakin higienikoak, plastikoak, egurra, arropa, gomak edota medikuntza hondakinak. Itsasoan topa daitezkeen hondakinen zerrenda amaigabea da. Kostalde, itsaso zabal eta badietan topatzen diren hondakin motak kezkagarriak dira. Kutsagarriak.
Ikerketen arabera, itsas hondakin guztien %70 inguru plastikoa dela kalkulatzen da, plastikoaren iraunkortasunak dituen albo kalte guztiekin. Plastikozko objektuek degradatzeko urte asko behar izaten dituzte. Denborak aurrera egin ahala zati txikietan zatikatzen dira. Ingurunetik inoiz desagertu gabe.
Ekosistema kutsatzeaz haratago, izaki bizidunetan sortzen dute eragina. Larria. Arrainek eta hegaztiek, jakiak direlakoan, mikroplastikoak jaten dituzte. Gutxinaka-gutxinaka metatu egiten zaizkie eztarrian eta digestio aparatuan. Ondorioz, ezin izaten dute elikatu eta gosez hiltzen dira asko. Horrez gain, hondakinetan harrapatuta ere gelditu ohi dira. Ikerketek diote, batez beste, gizakiak ere, astero bost gramo inguru plastiko irensten dutela.
Ikerketen arabera, itsas hondakin guztien %70 inguru plastikoa dela kalkulatzen da, plastikoaren iraunkortasunak dituen albo kalte guztiekin
Ingurumen-erronka handia da. Erantzun zehatzik gabeko galdera eta hausnarketa asko. Nola egin aurre mundu mailako arazo honi? Nola bermatu ur azalean eta ur azpian gelditzen diren hondakinen bilketa? Nola birziklatu hondakin horiek?
Erantzun horien bilaketan aktibatzea premiazkoa da. Kontzientziazio gehiago sortu behar da. Hondakin horiek biltzeko sistema estandarizatu bat sortu. Hondakin horiek eraginkortasunez kudeatu.
Gogoeta horietatik abiatuta eta kezkatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak, itsas zaborrak hiri-hondakin solidoak kudeatzeko sisteman txertatzeko aukera aztertu dute. Amaia Mendoza eta Cristina Peña aritu dira lanean.
Ikerketa aitzindaria
Tesi baten atala da ikerketa-proiektua. Mikroplastikoak eta itsasoko hondakinak ditu erdigunean. Itsas hondakinak herrietan eta hirietan kudeatzetik urrun dago errealitatea eta kezka hori du abiapuntutzat azterketa lanak. “Alor honetan lan asko dugu egiteko, ikerketa mailan dagoen arloa da”, aitortu dute Mendozak eta Peñak.
Ikuspegi praktiko bat ebaluatu dute: itsasoan bildutako plastikoak hiri hondakinen sisteman integratzeko aukera. Mota horretako hondakinak hiri-hondakinak birziklatzeko gaur egungo azpiegituretan modu eraginkorrean txertatzeko modua aztertzen du. “Itsas hondakinek oraindik ez dute kudeaketa sistematizaturik”, nabarmendu dute.
Lehen urratsa, Gipuzkoako hondartzetan mikroplastikoak aztertzea izan da. “Bi urte egon gara lurraldeko hainbat hondartza arakatzen. Zenbat eta zein motako hondakinak dauden ikuskatu dugu”, argitu dute ikerlariek. Errealitatearen argazki orokorra jaso dute.
“Urpeko materialek, degradazio kimiko handiagoa jasaten dute, aire zabalean daudenek, aldiz, egoera hobean irauten dute”
Jarraian, itsas hondakinen jarrera aztertu dute. Hiru polimero klase begiztatu dituzte: plastikozko botilak, poltsak eta arrantza sareak. Itsas azpian, Mutrikuko portuan, eta ur azalean, Ingeniaritza Eskolako teilatuan, arakatu dituzte. Hondartza eta kostalde harritsu bateko baldintzak simulatu dituzte batean, bigarrenean, aldiz, itsaso sakona.
Bi urtez, lagin bakoitzari, jarraipen fisiko-kimikoa egin diete. “Materialen degradazio-maila ikuskatu dugu”, zehaztu dute. “Urpeko materialek, degradazio kimiko handiagoa jasaten dute, aire zabalean daudenek, aldiz, egoera hobean irauten dute”, azaldu dute ikerlariek. Kudeaketa sistemetan txertatu ahal izateko garrantzitsua da materialen zehaztapenak jakitea.

Itsas hondakinen kudeaketa
Hondakinak bildu ostean zer egin ere landu dute. Oro har, birziklagarriak ez direla suposatu eta errefusara botatzen dira. Ez da gauza bera, hamar egunez, bulego batean egon den plastikozko botila bat edota sei hilabetez itsas azalean egon dena. Ezaugarriak asko aldatzen dira eta kudeaketan kontuan hartu beharreko premisa da.
Itsasoan, lekuaren arabera, urtebete daramaten hondakinak eta egun bat daramaten hondakinak topa daitezke. “Kontuan hartu behar da bilketa ere ez dela erraza puntu batzuetan”, nabarmendu dute. Ondorioz, hondakin batzuk denbora gehiagoz egoten dira ur-azalean eta eguzkipean.
Itsas hondakinak, hortaz, ez dira homogeneoak. Materialen degradazio mailaren eta ezaugarrien ondorioz desberdinak dira. Oro har, hiri hondakinak baino degradatuago egon ohi dira. “Prozesu propio bat definitu behar da material horientzako. Tratamendua desberdina delako”, azpimarratu dute.
Itsas hondakinak ez dira homogeneoak. Materialen degradazio mailaren eta ezaugarrien ondorioz desberdinak dira
Hiri-hondakin solidoak tratatzeko instalazio batean ere simulazioa egin dute, bereizketa automatikoko makinak identifikazioa egiteko gai diren ikuskatzeko. Bereizketa optikoko sistema batekin egin dute proba, automatikoki hondakinen sailkapena egiten duen teknologia batekin. Bereizketa-eraginkortasuna handia izan da. Itsas botilak instalazio horietan tratatzea bideragarria litzateke.
Itsas hondakinen balioa handitzeko aukera ebaluatu dute. Birziklatu eta lehengai gisa erabiltzea litzateke gakoa. Aplikazio praktikoak topatu eta materialen garapen industriala sustatzeak bilketa sistemen estandarizazioa bultzatu dezake.
Haizea. Errekak. Estoldak. Zaila da jakitea itsasoan amaitzen duten plastikoak nondik iristen diren. Arazoaren iturburua, aldiz, argia da: gizakia. Itsasoa mendian hasten da. Itsasoa lurrazalean dago. Itsasoa lurraren bihotza da. Ingurumena zaintzeko eta hobetzeko motibazioak eta inplikazioak garatu behar ditu gizakiak. Berandu baino lehen.